Ager vasconum bizirik

Errigora elkarteak Nafarroa hegoaldeko nekazaritza produktuen ekoizpena eta euskara sustatzea ditu helburu; dagoeneko ia milioi bat euro bideratu ditu Nafarroan euskara ofiziala ez den zonaldean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara

Tito Livio historialari erromatarrak (Padua, Kristo Aurreko 59 – Kristo Ondorengo 17) idatzi zuen lehenengoz ager vasconum. Quinto Sertorio general erromatarrak Kristo Aurreko 76. urtean Ebro ibaiaren inguruetan burutu zituen kanpaina militarrak jaso zituen Tito Liviok, eta bertan ager vasconum erabili zuen vascoien zonalde hori izendatzeko. Agerra vascoien lurraldean nekazaritza eta abeltzaintza “era zibilizatuan” egiten zen zonaldea litzateke. Erromatarrek vascoien beste zonalde geografikoa saltus vasconum bezala izendatzen zuten, mendi ingurua, bizitza “primitibo” nagusi zuena, ekonomia ez garatu eta ez produktiboarekin.
1986. urtean Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu zuen; haren arabera Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen zen: euskal zonaldea, zonalde mistoa eta zonalde ez euskalduna. Bi mila urte pasatxo daude bi gertakari horien artean, baina “ager vasconum” eta “zonalde ez euskalduna” osatzen duten lurralde eremua parekatuko bagenitu, antzekotasunak oso nabarmenak lirateke. Ñabardurak ñabardura, lurralde eremu bertsuaz mintzo gara, Nafarroaren erdialdetik hegoalderako eremua; Cortestik Garesera eta Vianatik Zangozara.

Errigora es una iniciativa popular que tiene como base Euskal Herria y como herramienta el trabajo comunal. Tiene como eje el sur de Navarra y quiere influir en la zona donde el euskara no es oficial, abriendo paso a los alimentos propios de esta tierra en Euskal Herria. Desde, en y para el euskera.


‘Eremu ez euskalduna’ helburu
Mendeak dira erromatarren inperioa desagertu zenetik, baina ager vasconum-en nekazaritzak herritarren bizi-modu nagusia izaten jarraitzen du. Euskal Herriko baratza nagusia da, eta bertan ekoizten diren produktu asko bestela nekez lortuko lirateke gurean. Oliba olioa, karduak, orburuak, piper gorriak, kukuluak edo borrajak horren adibide dira. Aberatsa da bertako uzta, kalitate handiko barazki eta berduren sorburua.
Baina, zoritxarrez, euskararen uzta ez da hain aberatsa erromatarren garaian “ager vasconum” deitutako lurralde horretan. Hau da, Nafarroako Euskararen Legeak “eremu ez euskalduna” definitzen duen lurrean. Egoera hori irauli asmoz urriaren 12an Errigorak –euskalgintza eta elikadura burujabetza uztartzen dituen ekimen herritarrak– Agerraldia taldea aurkeztu zuen Tafallan. Ibai Sueskun Errigorako kidea da. Buru-belarri aritu da Tafallako aurkezpena prestatzen, baina tarte bat hartu ahal izan zuen bezperan Alda-rekin egoteko AEK-k Burlatan duen egoitzan.
Euskara zabaltzekosarea ehuntzen
“Alfabetatze eremuetatik kanpo, hau da, ikastoletatik edo euskaltegietatik kanpo, ez dago apenas aukerarik euskaraz aritzeko. Umeek, adibidez, normalean euskararekin duten lotura bakarra gela barruan izaten da, ez dute aisiaz euskaraz gozatzeko aukerarik. Kanpaina honekin euskararen ezagutza, erabilera eta bere aldeko jarrera sustatu nahi dugu. Euskara zabaltzeko balioko duen sare bat sortu nahi dugu. Horretarako agenda indartsu bat garatu dugu, arlo ezberdinak jorratuko dituena: sozio-ekonomia, kultura, hezkuntza, kirola, aisia...”
Agerraldia Errigorak euskara sustatzeko martxan jarri duen azken ekimena da. Izan ere, hori da 2013an sortu zen ekimen honen helburu nagusietako bat: euskara. Beste helburu nagusia, elikadura burujabetza. “Errigoran kezka iturri ditugun bi gai lotzea lortu dugu: euskara eta elikadura burujabetza. Lehen kanpaina 2013. urtean egin genuen. Nafarroako hegoaldeko produktuz betetako saskiak saltzeari ekin genion, edozein dendatan izaten duten prezioan. Saski bakoitzak 50 euro balio zituen, jasotzen zen diruaren %25a euskarak duen egoera hobetzera bideratuko zireneko konpromisoarekin”.
Arrakasta itzela. ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ izena jarri zioten lehen kanpaina horrek izugarrizko arrakasta izan zuen. “Guztira 8.000 saski baina gehiago saldu genituen, 122.000 euro inguru bildu ziren. Urtez urte eskaria handitzen joan da. Iragan urtean, 2018an, 13.000 saskitara heldu ginen, 165.000 euro bilduz. Ez gara heltzen, baina urte guzti hauetan ia milioi bat euro bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean euskararen egoera hobetzeko”.
Aurten ere Errigorak ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina burutu du. (Saskia eskatzeko epea azaroaren 20an amaitu zen). Beste behin milaka etxeetara eramango dituzte Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak. Aurten, gainera, saskietan berrikuntza bat egon dela aipatzen du Ibai Sueskunek. “Azken urteetan bi saski egon dira, ohiko saskia eta ekologikoa. Aurten hirugarren saski bat egon da aukeran, saski berezia bezala deitu duguna, bestelako produktuak jasotzen dituena. ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina Gabonen bueltan egiten denez, gabonsari moduko bat bihurtzea nahi dugu. Hurrengo urteei begira ere apustu honekin jarraituko dugu”.

Errigora tiene dos campañas principales. La primera, en primavera, y pretende influir en los hábitos de consumo. La segunda, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, en otoño, tiene como objetivo llevar cestas compuestas de productos del sur de Navarra a miles de hogares.


Gero eta komunitate zabalagoa
Urterik urte handituz doaz Errigorak jasotzen dituen eskaerak. “Lehen urteetan, logikoa den bezala, gu joaten ginen ekoizleen atzetik. Orain ekoizleak eurak datoz askotan guregana. Horrek argi uzten du proiektu sendo baten aurrean gaudela, eta gero eta gauza gehiago egiteko aukera ematen digu. Egun Nafarroa hegoaldeko produktuak ekoizten dituzten 25 hornitzailerekin egiten dugu lan, eta hau guztia saretzeko 200 lagunetik gorako komunitatea garatu dugu”.
Ehunka boluntarioren parte hartzea. Lan handia dago gisa honetako kanpaina baten atzean. Irailean hasten dira ekoizleek aurreratutako laginekin saskiak betetzen. Gero saskiak pilatu, eskaerak kudeatu eta Euskal Herri osoan zehar banatu behar dira. Hau guztia ezinezkoa litzateke ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainarekin bat egiten duten 700 boluntario egongo ez balira.
“Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek gorpuzten du ekimen hau; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Txikitasunetik elkarlan sare handia garatzea lortu dugu, sinistuta gaudelako Nafarroak Euskal Herria behar duela eta Euskal Herriak Nafarroa”.

El 25% del dinero recaudado por Errigora se destina al euskera. Desde la primera campaña, en 2013, esta iniciativa popular ha destinado casi un millón de euros a diferentes proyectos relacionados con el euskera en el territorio que la Ley de Euskera define como “zona no vascófona”.


Eskutik eskura. Udazkenean abiatzen den ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina ez da Errigorak urtean egiten duen bakarra. Udaberrian ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ ekimena abiarazten du. “Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina. Oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Horretako bitartekariak kentzen ditugu; elkar-truke zuzena eta auzolana dira gure ardatzak. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan. Horrela urte osorako eskatu litezke lehen mailako produktu hauek”.
Asko hazi da Errigora. Urteko bi kanpaina nagusietan, udazkenekoa eta udaberrikoa, eskaerak gero eta gehiago dira. Baina ez dira konformatzen. Gehiago nahi dute. “Urte osoan zehar Erriberako piperrak Hernanin eta orburuak Iparraldean egotea da gure helburua. Hau da, urtean egiten ditugun bi kanpaina nagusietatik harantzago urte osoan zehar iraunkorra izango den proiektu bat garatzea nahi dugu. Buelta asko ematen dizkiogu helburu honi. Guretzat funtsezkoa da Erribera gainontzeko euskal lurraldeetara gerturatzea. Eta bertako ortuak aukera ematen digu horretarako. Amesten hasita, polita litzateke Euskal Herriko erdigune geografikoan, Sakana aldean, biltoki handi bat izatea Erriberako produktu hauek Euskal Herriko edozein txokotan urte osoan zehar ahalik eta gertuen egoteko. Asko falta zaigu puntu horretara heltzeko, baina duela sei urte lehen kanpainari ekin genionean ez genuen uste honaino helduko ginelarik”.
Ez da helburu makala, baina Ibai Sueskun eta Errigorako gainontzeko kideak sinetsita daude gisa honetako ekimenak ezinbestekoak direla euskarak Erriberan biziraun behar badu. “Erribera ‘zona no vascofona’ deritzanaren parte da, eta euskara ez da ofiziala. Soilik populazioaren %3,9 da euskalduna, eta %10,3 ia euskalduna. Urte hauetan lortutako diruarekin hamaika ekimen garatu ditugu: bertako ikastolen egoera ekonomiko itogarria arindu dugu, helduen alfabetatze kanpainak sustatu ditugu, Euskaraz bizi eta ikasi ekimena sortu dugu… Guk ez badugu egiten ez du inork egingo, hori oso argi daukagu”.