Alferkeriaren alde

Kultura Testua: Ivan Gimenez
Bertrand Russell-ek 1935ean ‘Praise of Idleness’ liburua argitaratu zuen (‘Alferkeriaren laudorioa’), lanaren enfokea guztiz aldatuz. Agian, alferkeriaren aldeko mezua eguneratu behar da.

Astero 37 ordu eta erdi lan egitea ez da gutxi, aurrerapen izugarria dela ikustarazi nahi badigute ere. Jakina, astero 46 ordu lan egiten duenarentzat aurrerapauso garrantzitsua da, inondik inora, beti ere neurri horren jarraipen zorrotza egiten bada eta benetan betetzen bada. Horretarako, ez da nahikoa izango akordio politiko bat, edo Espainiako lege-dekretua, baizik eta indar kolektiboa, borrokarako prestutasuna eta langileen antolakuntza. Horren eredua aurkitzea ez da zaila: 1999an ELAk eta beste sindikatuek egindako 35 orduen aldeko greba orokorra. Pentsa, El Mundok berak aitortu zuen “jarraipen zabala” izan zuela.

Orduan bezala, orain ere patronalak ez du amore emango. Hori gutxi balitz, Madrilen eta hemen agintzen dutenek, oso progresistak badira ere, oraindik ez dute PPk inposatu zuen lan erreforma atzera bota. Alta, gogoratu behar da 2012an aparteko orduak legeztatu zirela jardunaldi partzialeko langileentzat; legeak bere horretan dirau: “Egunean 4 orduko kontratua egingo dizut, baina gero etorriko zara arratsaldeko 6etan beste bost ordu sartzeko, erdiko prezioan”, entzun behar izan dugu hainbat enpresetan. Guztiz legezkoa. Tamalez, hori ez litzateke konponduko 37,5 orduen legea onartuko balute.

Agian, alferkeriaren aldeko mezua eguneratu behar da. Bertrand Russell-ek 1935ean In Paise of Idleness liburua argitaratu zuen (Alferkeriaren laudorioa), eta lanaren enfokea guztiz aldatu zuen. Ordura arte, hauxe zen lanari buruzko kontzeptua: “Zeure bekokiko izerdiz, jango duzu ogia” betidanik irakurri digute Biblian. Edo Alemanian ezagun egin zen aforismoa (Auschwitz-en jarr¡ aurretik, XIX mendetik oso erabilia izan zen): “Lanak askatuko zaituzte”. Alabaina, Russell-ek esan zigun “lan gehiegi egin dela munduan, lana bertute bat delako ustetan, eta kalte handiak eragin duela: herrialde industrial modernoetan predikatu behar dena guztiz bestelakoa da; zorionerako eta oparotasunerako bidean, lana murriztu egin behar da”.

Russell-ek oso modu zorrotzean garatu zuen bere ideia: “Soldatapekoek egunean lau ordu lan egingo balituzte, ez litzateke langabeziarik egongo. Ideia horrek eskandalizatu egiten ditu aberatsak, sinetsita baitaude pobreak ez lukeela jakingo hainbeste denbora libre nola erabili. Haatik, lana bizibidea lortzeko bitartekotzat hartu behar da, eta, edozein zoriontasuna erdiesteko, beren aisialdiko orduetan lortuko dute”.

Gaur biziko balitz, Russell-ek ez luke ulertuko, gure teknologia maila ikusita, nola ez garen gai izan bere ideiak gauzatzeko, eta egunean lau orduz bakarrik lan egitea. “Ekoizpen-metodo modernoek bakerako eta segurtasunerako aukera eman digute guztioi –hori uste zuen Russell-ek 1936an–; horren ordez, batzuentzat gehiegizko lana, eta besteentzat langabezia eta pobrezia aukeratu ditugu. Makinak egon aurretik ginen bezain aktiboak gara; ergelak izan gara, baina ez dago arrazoirik betirako ergelak izaten jarraitzeko”.

Alferkeriaren alde, beraz, beti ere borrokaren bidetik.