Burujabe: Gure bizi baldintzak berreskuratuz

2018ko urte hastapenaz geroz, Bizi! mugimenduaren baitan lan talde bat abiatu da, lurralde burujabe, jasangarri eta solidario baten egitasmoa idazteko. Burujabe izena duen ekarpen hori, lagungarri izaiten ahal da Euskal Herrian baita eraldaketa soziala eta ekologikoa hasi nahi duten lurralde guzientzat ere.
Proiektu orokor hori idatzia izan da, Bizi!-n obratzen diren engaiamenduen iparrorratz gisa baliatzeko. EH Burujabe proiektuak lagundu behar duelarik mugimendua bere kanpainak eta ekintzak bideratzen, ikuspegi orokor batekin, ulergarriak izan daitezen.
Bizimugi.eu webgunean errez eskuragarri duzun «Euskal Herria Burujabe» dokumentua lan horren lehen emaitza da. Bizi!ren iduriko, ez da zerbaiten bukaera, zerbaiten hastapena baizik. Hots, bultzatzaileek argi dute osatugabea dela eta galdera batzuk erantzunik gabe uzten dituela. Gai horren inguruko lana, gogoetak eta eztabaidak segituko dituzte; lortuko dituzten oharrez, erantzunez, kritikez eta proposamenez aberastuko dira.


GLOBALIZAZIO ANTISOZIALA
Bizi!ko Euskal Herria Burujabe lantaldea, Euskal Herria Burujabera buruzko trantsizio bideak pentsatzen hastera saiatu da; Euskal Herri burujabe, jasangarri eta solidario batera buruz joateko.
Gaur egun, burujabe hitza erabilia da hala jende ahulenen elkartasunezko elikadura-burujabetasunaren aldekoek nola herri bakoitza bere baitan hetsirik egotearen aldeko indar erreakzionarioek - errealitatetik kanpoko ikuspegi berekoi batekin -. Beraz, «Gure bizi baldintzak berreskuratuz» izenburua duen lehen partean, kontzeptu horri ematen dioten erran-nahia argitu nahi izan dute Bizi! kideek. Dena suntsitzen duen globalizazio kapitalistaren parean, gure lurraldeetan berriz finkatzea da proiektu eramaileen ustez, mende honetan dauzkagun planeta mailako desafio handiei molde iraunkorrean erantzuteko bide bakarra.
Bizi! mugimendua Ipar Euskal Herrian finkatua baita eta egunerokotasunean Ipar Euskal Herrian lan egiten baitu, ez da harritzekoa erreferentzia zehatzenak Euskal Herriaren parte horri buruzkoak izatea, nahiz eta dokumentu horrek Euskal Herria bere osotasunean hunkitzen duen.