“Toledoko itunari mozorroa kentzeko beharrean gaude”

Egun hauetan mendeurrena bete da 65 urteko erretiro-adina finkatu zenetik. Ehun urte geroago aurrerapen hori galdu dugu. Belaunaldi gisa, handia da gure ardura, ezta?

Halaxe da, Espainiako estatuan 1919ko martxoaren 11n ezarri zen dekretuz Derrigorrezko Erretiroa. Zahartzaroko nahitaezko aseguru bat zen, 65 urtetik aurrera prestazio bat jasotzeko eskubidea ematen zuena. Urte batzuk geroago amatasun baja onartu zen, eta askoz beranduago, langabezia-asegurua.
Espainian baino lehenago, inguruko beste hainbat herrialdetan onartu zen Derrigorrezko Erretiroa, hala nola Frantzian, Ingalaterran edo Alemanian, eta langile borroka handien eskutik etorri zen. Hurrengo urteetan segida izan zuten borroka horiek, eta, besteak beste, Gizarte Segurantzaren sistemak sortzea ekarri zuten.

Mendeurrena gogoan, martxoaren 11n, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, baita estatuko gainerako mugimenduok ere, esanahi berezia eman genion data eta lorpen horri, eta nabarmendu genuen gaur egungo erretiratuak eta pentsiodunak langileak izan ginela lehen, garai bateko langile- eta herri-borroka haien katebegia garela, eta prest gaudela Babes Sozialeko Sistema Publikoen alde borrokan jarraitzeko, horien bidez pentsio duinak ez ezik arreta osoa eskainiko duten zerbitzu publikoak ere bermatzeko, batez ere adineko pertsonentzat.

Aurreratu al dugu zerbait ehun urteotan?

Zalantzarik gabe, aurrera egin dugu, baina horrek ez du esan nahi azken hamarkada hauetan atzera egiten ari ez garenik; izan ere, mundu osoan, baita Europan ere, kapitalismo neoliberala oldarraldi eta eraso bortitza bultzatzen ari da langileen eskubideen kontra eta, bereziki, segurtasun eta babes sozialeko sistemen kontra.

Belaunaldi guztioi dagokigu gure eskubideen alde borroka egitea. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua gure pentsioen alde ez ezik etorkizuneko pentsioen alde ere ari da borrokan. Eta langile klaseari, eta bereziki sindikatuei, dagokie borroka egitea, langileen gaur egungo lan eskubideen alde ez ezik etorkizunean segurtasun eta babes sozialeko sistema ahalik eta zabalenak izatearen alde. Eguna joan eta eguna etorri, gero eta premiazkoagoa da mugimendu sindikalak, pentsiodunen mugimenduarekin eta beste gizarte-sektore batzuekin batera, mobilizazio bateratuak koordinatzea, guztiok batzen gaituzten eta guztion interesekoak diren eskubide eta askatasunen alde.

65 urteko lorpen hura berreskuratzeko biderik ikusten duzue?

Borroka batzuk galdu ditugu: 35 orduko astea lortzeko borroka, erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, pentsioak arautzeko soldataren kalkulua zehazten duen denbora luzatzea… Hala ere, ez dugu zalantzarik erretiro-adina berriro ere 65 urtean finkatzea lor dezakegula, eta jasaten ari garen atzeraldi eta murrizketak geldiarazi ditzakegula. Jabetzen gara zeinen larriak diren jasaten ari garen arazoak: enpresen atomizazioa, indibidualizazioa, prekarietatea, negoziazio kolektiboaren aurkako gero eta eraso handiagoak, gure borroken aurkako errepresio politikoa eta enpresen errepresioa…
Baina gure indarrak elkartzen baditugu eta gure borrokak koordinatzen, uste sendoa dugu egoera hau iraultzeko aukera egon badagoela. Horretarako, batasunerako borondatea, batuko gaituzten proposamen eta aldarrikapenak adosteko egiazko prestutasuna eta, batez ere, borrokatzeko eta mobilizatzeko borondatea behar dira. Harrotasunez esan dezakegu Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak lortu duela hori.

“El movimiento de pensionistas lucha por nuestras pensiones y por las del futuro. Nuestra reivindicación de una pensión mínima de 1.080 euros es factible. La estamos pelando y la vamos a conseguir”

Toledoko Ituna orain dela 25 urtekoa bada ere, jende askok uste du betiko gauza dela eta mugiezina...

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduan, gutxieneko sektore batzuek esperantzari eusten diote, Toledoko Itunaren negoziazioek emaitzak emango dituztela. Nik ez dut inolako esperantzarik, ez dut uste Toledoko Ituna deritzon horretatik ezer onik iritsiko zaigunik. Urteen joanean, Ituna bera hor izateak eta hortik etorri diren gomendioek erakutsi digute emaitzak kaltegarriak izan direla. Areago, CCOO eta UGT sindikatuek justifikatu eta bermatu egin dituzte Itun horren erabakiak, eta horrek gizartea desmobilizatzea eragin du; horixe da, hain zuzen, enpresariei eta kapitalari interesatzen zaiona.
Otsailaren 20ko bilera da horren azken erakuslea; izan ere, bilkura horretan, ez dute konpromiso sendorik hartu 2020. urtetik aurrera pentsioetan KPIaren araberako igoera ezartzeko. Toledoko Itunari mozorroa kentzeko modu bakarra dago: Itunak zer esan nahi duen eta zer defendatzen duen erakustea, lan pedagogiko hori egitea. Horrekin batera, mobilizazio indartsu eta bateratua bultzatu behar dugu, jendeak benetan sinetsi dezan eta ilusioa izan dezan Ituna bertan behera utz daitekeela eta gure interesak defendatzeko eta hobetzeko beste aukera batzuk lor daitezkeela.

Adinetik harago, zer har daiteke pentsio duintzat?

Europako Gutun Sozialaren gomendioak eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren eta gutxieneko pentsioaren erreferentziak aintzat hartuta, herrialdeko batez besteko soldataren %60 izan beharko litzateke. Hego Euskal Herrian, urteko batez besteko soldata gordina 27.000 euro pasatxokoa da, eta, beraz, lanbide-arteko gutxieneko soldatak eta gutxieneko pentsioak 1.150 eurotik gorakoa izan beharko luke, 14 pagatan.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kideak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbide-arteko gutxieneko soldata ari gara eskatzen. Gutxieneko pentsioaren zenbateko hori bere egin du estatu osoko pentsiodunen mugimenduko gehiengo zabalak. Madrilen eta batez ere Gasteizko Gobernuaren aurrean aurkeztutako datuek erakusten dute gutxieneko horretara iristeko pentsioen osagarria bere gain har dezakeela EAJ buru duen gobernuak, eta, beraz, gutxieneko hori gauzagarria dela gure herrialdean.

Arazoa da Gasteizko Gobernuak ez duela horretarako inolako borondaterik; aitzitik, enpresariei eta ahalmen handiko sektoreei pribilegioak ematen jarraitzeko interesa lehenesten du.

Zer-nolako mobilizazioak prestatzen ari zarete?

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen plataforma bateratuetako ordezkariak maiztasun jakinez biltzen gara Gasteizen. Otsailaren 21ean, aho betez erabaki genuen astelehenero kontzentrazioak egiten jarraitzea, eta martxoaren 8ko greba feministari babesa ematea. Martxoaren 11n, Derrigorrezko Asegurua lortu zela ehun urte beteko dira, eta mugarri hori gogora ekarriko dugu.

Gainera, apirilaren 13an eta maiatzaren 11n, hurrenez hurren, apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak eta udal, foru eta Europako hauteskundeak baino 15 egun lehenago, probintzia mailako mobilizazioak egingo ditugu gure herrialdeko lau hiriburuetan. Beste sektore sindikal batzuen babesa izatea espero dugu, batez ere mugimendu sindikalarena.

Elkarrizketa amaitzeko, nabarmendu nahiko nuke oso garrantzitsua dela gure mugimendu eta plataformetara ahalik eta pentsiodun gehien biltzea, batez ere sindikatuetan eta langile mugimenduen borroketan esperientzia duen jendea. Ahalik eta pentsiodun gehienek bat egitea funtsezkoa izango da mugimendua indartzeko. Horien artean ELA sindikatuko afiliatu eta jarraitzaile asko izango dira. Horrek are gehiago sendotuko luke gure erreferentzialtasuna eta garrantzia gobernu-erakundeen aurrean, eta hobekuntza esanguratsuak lortzeko bidea erraztuko luke.