Ia inork egiten ez dituen galderak

Bizi-itxaropena azken urteetan asko luzatu dela argudiatuz (1919n, jaiotze unean 41 urtekoa zen, 65 urtera iristen zirenak 10 urte gehiago bizi baziren ere, bataz-besteko estatistikaren arabera), askok diote pentsioak ez direla bideragarriak. Gainera, teoria hau indartzeko, gero eta jubilatu gehiago daudela –eta langile gutxiago– azpimarratzen dute. Hain justu, hauek ziren 2011n UGTk, CCOOek eta PSOEk erabili zituzten argudioak orduko murrizketa gauzatzeko.

Hala ere, oso jende gutxik gogorarazten du pentsioak diruarekin ordaintzen direla, nahiz eta oso argia izan: hau da, sortzen den ondasunarekin. Eta aberastasun hori (BPG deitzen duguna, Barne Produktu Gordina), azken mendean populazioa baino askoz gehiago handitu egin da. Beraz, ondasuna badago. Aberastasuna nola banatzen den da benetako afera, beti bezala, lan egiten duten eta jubilatuak daudenen artean, hain justu. Eta jakina, pentsioak ordaintzeko ondasuna nondik ateratzen den: zergatik langileen kotizazioetatik bakarrik? Eta zerga orokorretatik, zergatik ez? Eta kasu honetan, zein zergetatik, langileok ordaintzen dugunetatik bakarrik, ala enpresen etekinetatik?

Bestetik, norbaiti entzuten badiozue “pentsioen arazoa da jendea gehiegi bizi dela”, gonbidapen zuzena egin diezaiokezue: “Horrela bada, zuk nahi duzun unean, mundu honetatik alde egin ahal duzu, eta beraz... bat gutxiago pentsioak ordaintzeko”. Baina, jakina, hori argudiatzen duenak beti pentsatzen du sobera daudenak... besteak direla. Agian, beste argudio bat mahaigaineratu behar dugu: zein da, behintzat Europan, azken mendeko zibilizazioaren lorpen handiena? Bizi-itxaropenaren luzapena, ezta? Eta hori arazo bihurtuko dugu?