“Gure semealabei egia kontatuko diegu; eta gezurrak nork kontatuko ditu?”

35 urte geroago, Mikel Zabalzaren familiak egiaren, justiziaren eta erreparazioaren zain jarraitzen du

Dokumentalaren lehen irudietan, Mikel Zabalzaren hiru ilobak agertzen dira, Orbaitzetako Olharen Zabaltzatarren etxeko ganbaran. “Etxe honetako sekretua deskubritzera goaz”, diote. Ohetzar bat azpian dagoen kutxa bat irekitzen dute, eta 35 urte hauekin familiak jasotako eskutitz guztiak miatzen hasten dira. “Aldekoak eta kontrakoak”, denetarik dago. Ildo horretatik tiraka, pelikula aurrera doa.

Protagonista batzuk aski ezagunak dira: Barrionuevo, Galindo, garai hartako kazetari batzuk… Baina lau pertsonek hunkitzen gaituzte euren testigantzekin, norbera bere moduan: Garbiñe (Mikelen ama, 1996an hil zena), Ion Arretxe (2017an hil zena), Idoia Aierbe (2018an hil zena) eta Patxi, Mikelen anaia, urtero urtero bere etxean Mikelen omenaldiaren anfitrioi apal eta abegikorra den bihotz oneko gizona.

Ionen torturen kontakizuna sinesgarritasun osokoa da, modu apalean, behar ez diren dramatismorik gabe, baina benetan hunkigarria: “Ni ez naiz heroi bat. Ezin nuen ezta susmatu ere Intxaurrondo horrelakoa zenik. Infernua zen”.

Orain denok badakigu, nahiz eta urte luzez susmatu. Egia zer den ere badakigu, Mikelen ilobek esaten duten bezala: “Gure semealabei egia kontatuko diegu. Baina, gezurrak, nork kontatuko ditu?”.

Agian, dokumental hau ikusi ostean, inor ez da ausartuko gezurrak kontatzera. Asko jota, isilik jarraituko dira, baina hori ez da nahikoa, Zabaltzatarrak egia  eta aitortzaren zain daudelako.