Sindikatuak Txinan

-Nolakoa da langileen antolaketa Txinan? Zer eginkizun dute sindikatuek?
-Funtsezko egitura bat dago: Txinako Sindikatuen Federazio Nazionala. 300 milioi langile inguru biltzen ditu, sektore publikokoak zein pribatukoak. Sindikatuen zeregina edozein gizarte sozialistarenaren antzekoa da: langile klasea kokatzea, politika ofizialak eta alderdiak esparru horretan dituen politikak bideragarri egiteko.
Lan gatazkak daudenean kasu gehienetan sindikatuen zeregina bigarren mailakoa da. Sindikatua langileei zerbitzuak ematen dizkien ministerio moduko bat da. Gatazkak daudenean langileek gehienetan bi modutara kudeatzen dituzte. Batetik langileak sindikatu ofizialetatik kanpo antolatzen dira. Bestetik Gobernuz Kanpoko Erakunde gisan diharduten zerbitzu plataformen edo langileei euren aldarrikapenak kudeatzen laguntzen dieten lan-aholkularitzen bidez antolatzen dira. Erakunde sindikal ofizialen zeregina nahiko mugatua da. Bere pisu politikoa ere txikitu egin da.
Gaur egun, gatazkak saihestea da sindikatuek duten zeregina. Horretarako lantegietan eta enpresetan prebentzio-lana egiten dute. Gatazka sortzen denean horiek leuntzen saiatzen dira, eta batzuetan enpresen alde egin dezakete. Horregatik sindikatuek errekonozimendua galdu dute langile-klasearen aurrean. Langileen auto-erakunde puntualek edo egitura ofizialetatik kanpoko lan-aholkularitzek protagonismoa irabazi dute. Auto-antolaketak eta aholkularitzek ekintza sindikal ofizialak utzitako hutsunea bete dute gatazketan.