“Hondamendiaren mehatxua handia da, zerbait desberdina egin beharra dago”

Andy Robinson, kazetaria eta idazlea

 

Natur baliabideei erreparatzen badiegu, Latinoamerika lurralde oso aberatsa da. Baina aberastasun hori oso era bidegabean dago banatuta. Egoera hori irauli asmoz, mende hasieran kontinentean boterea lortu zuten ezkerreko gobernuek sakoneko aldaketak gauzatu zituzten. Milioika lagun –60 milioi inguru– atera ziren pobreziatik; osasungintza eta hezkuntza bezalako sektoreetan izugarrizko aurrerapenak eman ziren; bizi-maila nabarmen igo zen makina bat pertsonentzat...

Lorpen horiek garai hartan nazioarteko merkatuan prezio izugarri altuak zituzten lehengaietan oinarritu ziren. Petrolioaren, gasaren, urrearen edo mineral askoren prezioak izugarri jaitsi zirenean, herrialde horien diru sarrerak ere nabarmen jaitsi ziren. Eta, gainera, hainbat kasutan argi geratu zen natur baliabide horien esplotazioa ez zela bateragarria ingurumenaren jasangarritasunarekin.

Egoera horrek egun bizirik dagoen eztabaida eragin zituen Latinoamerikako ezkerrean. Andy Robinsonek argi dauka ez dagoela ataka horretatik ateratzeko formula magikorik. “Eduardo Galeanoren liburua irakurtzen baduzu, logika inperialista eta kolonialista bat ikusten da. Kapital-metaketak eta teknologia berrien eta kontsumitzaile klase ertain berri baten sorreraren arteko erlazioak nolabaiteko logika zuen Europako, Ameriketako Estatu Batuetako edo Japoniako herrialde garatuetan. Latinoamerika eta garapen bidean zeuden gainerako herrialdeak lehengai eta eskulan iturri gisa erabili ziren”.

Hondamendiaren mehatxua

“Mundu aberatsaren hazkunde-proiektu batean sartzen zen dena. Noizbait ideologia liberal eta neoliberal bat landu zen, Latinoamerikako herrialdeek ekonomia aurreratuen urratsak jarraituko zituztela planteatzen zuena, baina gero argi geratu zen hori ez zela egia. Ideologia horren arabera, konbergentzia bat egongo litzateke eta aldea itxiko litzateke; beraz, Latinoamerikak Europako edo Ameriketako Estatu Batuetako antzeko gizartea izango luke”.

“Orain hau behera etorri da, ez bakarrik Latinoamerikan, baita Europan ere. Ez dago klima-aldaketaren, planetaren kontserbazioaren eta bizitzari eustearen erronkari aurre egitearekin bateragarria dirudien proiektu ekonomikorik. Hortik hasi behar da. Argi dago ezin dugula berdin jarraitu, hondamendiaren mehatxua handia da, zerbait desberdina egin behar da”.