“Ezin dugu onartu Venezuela beste Irak bat izatea”

Agustín Otxotorenak, Venezuelan bizi den euskal enpresariak, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) esku-hartze militarra justifikatzeko nazioarteko komunikabideak egiten ari diren manipulazioa salatu du

Agustin Otxotorenak euskaldun, chavista eta independentistatzat jotzen du bere burua. Bere asmoa ez da, inondik inora, ematen dituen hitzaldietara bertaratzen den jendeak Venezuelari buruz kontatzen duena hitzetik hortzera sinestea. Bera konforme da iritzi publiko kritikoa sortzen lagunduta, jendea gai izan dadin Karibeko herrialdetik iristen diren berriak auzitan jartzeko eta kontrastatzeko. Komunikabideen manipulazioaren aurrean iritzi publikoaren begiak zabaltzea da bere helburua; izan ere, bere aburuz, Venezuelan Ameriketako Estatu Batuen esku-hartze militarra justifikatzeko estrategian beste beso bat dira komunikabideak. Agustin Otxotorenak oroitu digu –beldurrez oroitu ere– zer gertatu zen Irakekin eta zer ondorio lazgarriak izan zituen.

Hilabete eta erdi daramazu Euskal Herrian eta Espainian barna, Venezuelari buruzko hitzaldiak ematen. Nor da Agustin Otxotorena eta zein dira bere helburuak?

Errenterikoa naiz, 55 urte ditut, eta Euskadi eta Venezuela artean bizi izan naiz 1999tik 2007ra, eta geroztik herrialde hartan bizi naiz. Urtarrilaren 16an etorri nintzen Euskadira, kontu pertsonal bat tarteko, eta hemen harrapatu ninduen hilaren 23ko eromenak. Komunikabideak hor hasi ziren esaten Venezuela krisi humanitario jasaten ari dela, eta gerra zibila lehertzeko zorian dela. Oso kezkaturik, familiarekin eta lagunekin jarri nintzen harremanetan, eta jakinarazi zidaten herrialdea lasai dagoela. Komunikabideen eraso bortitz hori, errealitatea erabat desitxuratzeko joera hori, konstante bat da, eta, beraz, gizarte-sareetan ekintzaile izan naizenez, lan horri heldu nion, pentsamendu bakar horri aurre egiten saiatzeko eta benetako Venezuela erakusteko helburuarekin.

Facebookeko nire kontuaren bidez, Burgosen hitzaldi bat ematea eskaini zidaten, eta hortik, egutegi oso bat sortu zen Euskal Herrian eta Espainian barna. Hitzaldi horietako askotan Willy Toledo izan dut lagun.

Zer dago honen guztiaren atzean?

Azken 20 urteotan eginahalean ari dira Venezuelako gobernua eraitsi nahian. Chávezen aurka saialdi asko izan ziren, eta Maduroren aurka hasiera-hasieratik izan da agenda kolpista bat. Orain estrategia Venezuela ekonomikoki blokeatzea da, herrialdearen kontuak izoztea eta hornidurarik gabe uztea, jendea gaizki pasatzen has dadin eta Maduroren kontra altxa dadin. Beraz, etsipena sortzeko agenda ari dira ezartzen. Eta plan horrek huts egiten badu, AEBek ahobizarrik gabe egin du mehatxua, herrialdean esku-hartze militarra egiteko.

Los medios de comunicación internacionales son un tentáculo más de la estrategia para justificar una intervención militar de los EEUU en Venezuela.

Zergatik sortzen du Venezuelak horrenbeste traba?

ABEentzat Venezuelaren egiazko arriskua da herrialde burujabea dela, eta ez dela haien interesen aurrean makurtzen. Eta gero hor dago petrolioa eta herrialdearen aberastasun naturala, jakina. Chavismoa erorarazi nahi dute, Latinoamerikan erauzi beharreko gaixotasun bat balitz bezala.

Venezuelako herritarrak gosea pasatzen ari al dira?

Venezuela gaizki pasatzen ari da, ukaezina da hori. Hornidura arazoak daude, baina herrialdea ez dago larrialdi sozialeko egoeran.
Eta ezin dugu ahaztu Venezuela Hego Amerikan dagoela, eta munduaren alde horretan pobreziaren arazoa nahiko orokorra dela, eta egoera parekoa edo are okerragoa dela, adibidez, Brasil iparraldean, Kolonbian edo Perun. Venezuela kolonia izan zen, oraindik ere pobrezia egon badago, baina egoera hau duela 200 urtetik dator, ez da Chavismoaren ondorio, eta ezin da konpondu 20 urtetan.

Gauzak dauden moduan, zerk bultzatzen zaitu AEBen eta Venezuelako oposizioaren aurka hain agerian aritzera?
Venezuelak aurpegia eta begiak ditu, nire lagunen eta nire jendearen aurpegia eta begiak. Eta herrialdea defendatzeko nire modua ezkututako eta manipulatutako errealitate hori kontatzea da. Nire eskala txikian, iritzi publikoaren borroka irabazten ahalegintzen ari naiz. Ekar dezagun gogora Irakeko gerra, ez dira hainbeste urte igaro. Esku-hartze militar hark gezurrak zituen oinarrian, eta milaka hildako eta ondorio suntsigarriak eragin zituen. Ezin dugu onartu Venezuela beste Irak bat izatea.

Zer iritzi dute ezagutzen dituzun venezuelarrek gaur egungo egoeraz?

Madurok herritar asko eta askoren babesa dauka. Komunikabideak ikusten badituzu, badirudi Venezuelan soilik gobernua, militarrak eta oposizioa daudela. Eta hori ez da horrela. Chavismoak sei milioi boto baino gehiago lortu zituen aurreko urtean, oso egoera konplikatuan. Eta jende hori hor dago.
AEBen esku-hartze militarraren mehatxuak suspertu egiten du Venezuelako herria. Jendea gogor dago. Uste dut Europan eta AEBetan gutxietsi egiten direla venezuelarrak.

La comunidad de origen vasco en Venezuela es mayoritariamente racista, clasista y muy de derechas; forma parte de la oposición.

Zer konponbide ikusten duzu Venezuelarako?

Honek ez du konponbiderik. Ez badute amore ematen, hondamendia izan daiteke. Eta amore ematen badute, baita ere. Ameriketako Estatu Batuek Venezuela birkonkistatzeko premia dute.

Zer iritzi du Venezuelako euskal komunitateak?

Euskal presentzia eta, areago, euskal eragina oso garrantzitsua da. Jesuiten eskola eta unibertsitatea Caracasko eremu onenean kokatuta dago, eta hor ikasia da Venezuelako elitea azken 100 urteotan. Hezkuntza-zentro horren burua aita Ugalde da, kolpista aitortu bat. Herrialdeko elite ekonomikoa eta politikoa dira eta elite hori hezten dute. Eta elite hori, jakina, oposizioan dago.
Venezuelako euskal komunitatearen gehiengoa harro dago euskaldunen oinordeko izateaz, baina ideologikoki Voxen eskuinean dago: euskaldunen ondorengoak arrazistak, klasistak eta chavismoaren aurkakoak dira.

Oso kritikoa zara Venezuelako oligarkiarekin eta, oro har, oposizioarekin.

Burgesia kolonial, aberrigabe eta bizkarroia da, eta AEBen eskuetan utzi du herrialdea. Oposizioak, erabat –Washingtonen aginduetara–, irabazten duenean baino ez ditu onartzen hauteskundeak, eta ez du inoiz ezer eraikitzeko ahaleginik egin. Horrela izan da beti historian zehar.

Zer iritzi duzu Europak, oro har, eta Espainiak, bereziki, Venezuelaren egoera honetan emandako erantzunari eta Juan Guaidó presidentetzat aitortu izanari buruz?

Europa zaharrak, beste behin, ohikoa duen zinismoa erakutsi du, ez baititu aintzat hartu NBEren ebazpenak eta nazioarteko harremanetan eskua ez sartzeko printzipioa.

Guaidók bere burua Venezuelako presidente izendatu du, eta, beraz, Guaidó aitortzea, estatu-kolpe bat legitimatzea da, eta AEBen estrategiari segizio baldarra egitea. Eskuinak beti argi dauka zer egin, konplexurik gabe jokatzen du eta gerraren alde egiten du apustu. Eta ezkerrak ez du aurpegirik erakusten. Eta, Espainia eragile politiko garrantzitsua ez bada ere, uste dut Pedro Sánchez presidentea eta Urkullu lehendakaria markatuta geratuko direla, Venezuelako oposizio kolpistari babesa eman izanagatik.

Venezuela diktadura bat al da?

Nola izango da diktadura, Estatuak ez badauka gizartearen gaineko kontrolik, eta, askotan, ez eta Estatuaren beraren gaineko kontrolik? Herrialdearen kontrol ekonomiko, sozial eta kulturala 1998ko bera da, eta oposizioak dauka bere eskuetan.

Venezuelari leporatzen diote diktadura komunista izatea, eta diktadura horrek errepresioaren bidez irauten duela eta askatasunik ez dagoela. Bada, ustezko diktadura horretan, jendeak inolako oztopo eta mugarik gabe eskura dezake informazioa: kable bidezko telebista dauka, 100 kanal baino gehiagorekin (nazioartekoak ere bai), telefonoa eta Internet ia doan dira…

Ustezko diktadura horretan, facebooken eta gizarte-sareetan sekulakoak esaten dira Maduroren aurka, inongo herrialdetan onartuko ez liratekeen astakeriak. Espainian, urrutira gabe, Mordaza Legea eskuetan, zigor-prozesuak abiatuko lirateke halakoen ondorioz.

Diktaduraren beste muturra da Venezuela. Herrialdean ordena eta kontrol oso gutxi dago, anarkiaren mugetara iristeraino.

Zer diozu preso politikoei buruz, espetxeratutako oposizioko kideei buruz?

Espetxean dauden oposizioko kideak ez daude kartzelan beren ideiengatik, jarduera bortitz edo kolpistengatik baizik.
Egin ditzagun alderaketak, berriro ere: Espainian politikari kataluniarrak espetxeratu dituzte, beren ideiak modu guztiz baketsuan bideratzen saiatzeagatik. Epaitzen ari dira orain. Legez kanpo utzi dira alderdi politikoak eta egunkariak itxi dira… Beraz, Espainia diktadura-erregimena al da?

Azaltzen duzunaren arabera, Venezuelaren eraldaketa lehen eskutik ezagutu duzulako egin zinen chavista. Chavismoaren zer lorpen sozial nabarmenduko zenituzke?

2004an, Chávezek Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) berregituratu zuenean, petrolioaren prezioak gora egin zuen, eta, horri esker, Chávezen gobernuak baliabide ekonomikoak eskuratu zituen bere gizarte-erreformak martxan jartzeko eta herrialdea benetan kudeatzen hasteko. Hezkuntzan ahalegin izugarria egin zuen: haur guztiak eskolaratzeko plana jarri zuen martxan, eta eskolan gosaria, bazkaria eta askaria eman zizkien… Adinekoak eskolatzeko plana ere abiarazi zuen; hala, urte gutxitan desagertu egin zen analfabetismoa. Zazpi aldiz biderkatu zen unibertsitateko ikasleen tasa. Hainbat osasun-programa jarri ziren martxan, eta, esate baterako, kataratak sendatzeko operazio masiboei esker, jende askok berreskuratu zuen ikusmena…

Venezuelan oinarrizko zerbitzuak ia doan dira: hezkuntza, osasuna, garraioa, argindarra, gasa, ura, zaborrak, Internet… Areago, oinarrizko elikagaiak ere diruz lagunduta daude. Etxebizitza misioa ere nabarmenduko nuke: gobernuak milaka etxebizitza erabat ekipatu jarri ditu egoera okerrenean dauden pertsonen esku, ia doan.

Chávezek irauli egin zuen herrialdea, eta Latinoamerika aldatu zuen; izan ere, beste herrialde batzuk konturatu ziren aldaketarako aukera egon bazegoela. Halaxe iritsi ziren Lula (Brasil), Kirchner (Argentina)... Chávezen ekarpenik handiena horixe izan zen: Latinoamerikak duela hamarkada askotatik jasaten dituen bidegabekeria eta desoreka sozialeko arazoak identifikatzea.

Akatsen bat egingo zuen Chávezek…

Chávezen hutsegite handiena Venezuelako oligarkia eta burgesiari irmo aurre ez egitea izan zela; elite horrek, pribilegio bakar bat ez galtzeaz gain, azpilanean jardun zuen haren kontra. Chavismoren beste hutsegite handi bat hauxe izan da: ekonomia dibertsifikatzeko gai ez izatea, industria- edo nekazaritza-politika eraginkorrik ez garatzea; hain zuzen, horren ondorioz, Venezuelak erabat petrolioaren mende jarraitzen du.

Kontatu diguzunak zerikusi gutxi edo batere ez du komunikabideen errelatoarekin. Zergatik espero duzu jendeak zure bertsioa sinetsiko duela?

Normalean, jendeak lehendik finkatutako iritziak ditu Venezuelari buruz. Ez dut espero, beraz, nik esandakoa hitzetik hortzera sinestea. Ni konforme naiz iritzi publiko kritikoa sortzen lagunduta, jendea gai izan dadin Venezuelatik iristen diren berriak auzitan jartzeko eta kontrastatzeko. Komunikabideen manipulazioaren aurrean iritzi publikoaren begiak zabaltzea da nire helburua; izan ere, Venezuelan Ameriketako Estatu Batuen esku-hartze militarra justifikatzeko estrategian beste beso bat dira komunikabideak.