“Telelanak desberdintasunak areagotu ditzake”

SILVIA PIRIS eta AMAIA PÉREZ-OROZCO

-Pandemian, lana norberaren bizitza eta lana uztartzeko neurri gisa erabili da, batez ere emakumeentzat. Zuen ustez, zer arrisku ditu telelanak? Uste duzue estatuan onartutako erregulazioak nahikoak direla?
*Silvia: Telelana kontziliazio-politika tradizionalenak izan direnarekin lotzen dugun tresna da. Kontziliazioaren ideia bera nahiko oinarri okerra eta tranpatia da; izan ere, egia esan, esaten dizuna da “eskua emango dizugula lan-merkatuan egon zaitezen eta, aldi berean, hor zehar dituzun gaiak konpon ditzazun”. Askotan bateraezinak diren bi dimentsio bateragarri egiten saiatzea bezala da; adibidez, astean 40 orduko lana izatea, eta, aldi berean, menpekotasuna duten pertsonak izatea. Hor ere esan genezake batez ere emakumeak direla kontziliazio-politikei heldu dietenak, horrek duen inplikazioarekin, etab.
Guretzat, telelana lehendik dagoenaren erreprodukzioa da; izan ere, sua itzaltzen saiatzen den tresna bat da, problematika bat konpontzen saiatzen dena, baina ez du arazo horren oinarria bera zalantzan jartzen.
Telelana mundu guztiarentzako neurri izartzat hartzen dute, mundu guztiak telelana egin ezin duenean. Berez, gutxi batzuentzat erabilgarria izan daitekeen beste tresna bat da: lehenik, ez da pertsona eta emakume guztientzako neurria. Elikagaiak ekoizten dituzten pertsonek ezin dute telelana egin, zaintzen ari direnek ezin dute telelana egin... Eta erabil dezaketenen artean arriskuak ere badaude, hala nola familia-inguruneetan emakumeak izatea telelanaren bidez saiatzen direnak, bateraezina dena bateratzen, hots, produktibitate-maila jakin bati erantzuten saiatzea, mendekotasuna duten pertsonen kargu eginez.
Pandemiak iraun duen bitartean, estres- eta antsietate-karga oso handia ekarri du; izan ere, etxeko lanak banatzetik ere abiatzen ginen, eta emakumeek askoz gauza gehiago hartzen zituzten beren gain. Eta telelana hori sakontzera etorri da.
Kontuan hartu behar da, halaber, hartzen diren neurriak norentzat diren, zeri erantzuten ari diren eta nola erreproduzitzen ari diren lehendik genituen ereduak.
Hortik, telelana deabrutzat jo gabe, fin aztertu behar da.
*Amaia: Telelana nork bultzatzen duen, zein baldintzatan eta zertarako, hor dago mamia. Bultzatzen ari den eredua arriskutsua da telelana egin dezaketenen artean eta aukera hori ez dutenen artean desberdintasunak sortzen dituelako. Halaber, telelana egin dezaketenen artean ere gertatzen ari da hori. Izan ere, tentuz aztertu beharko litzateke zein baldintzatan egin dezakeen bakoitzak, zein etxetan, edota zein beste erantzukizunekin batera.
Arrisku bat da: desberdintasun basatiak areagotzea, enpresen lan-kostuak langileengana bideratzea, lan-borrokak desaktibatzea. Beldur gara telelanak horretarako gehiago balio dezakeela, jendeari lana bizitzaren beste dimentsio batzuekin bateragarri egiteko malgutasun apur bat gehiago emateko baino. Eta testuinguru horretan, telelana arautzeko legea lehen aipatu ditudan arrisku horiei apur bat eustea izan daiteke, baina, gure ustez, euste-dike hori ez da nahikoa.
Lege horrek beste gauza asko izan beharko lituzke inguruan; izan ere, berez ez da hizpide ditugun arrisku horien guztien konponbidea, eta ez ditu