“Multinazionalak hemen gelditzen ez badituzue, han akabatuko gaituzte”

Lolita Chavezek Europaren jarrera “paternalista” errefusatzen du.

Estatuaren babespean sortutako etengabeko erasoak behartuta, Lolitak bere herria atzean utzi behar izan zuen 2017an. Ez zen hura izan, ordea, ihesaldi indibiduala, erronka kolektibo bat baizik. Izan ere, Guatemalako K´iché Herrien Kontseilua izan zen, hain zuzen, sei heriotza atentatu jasan eta gero, Lolitak alde egin behar zuela erabaki zuena. Eginkizun potoloa zeukan: Europan defendatzea jatorrizko herrien eskubideak, multinazionalek horietan eragiten zituzten triskantzak lau haizetara zabalduz. “Nire herriaren hazia daramat”, dio harro.

Hastapenetara bueltatzeren beharraz hitz egiten du konbikzio osoz, arbasoekin adiskidetzearen premiaz, baina baita belaunaldi berriekin konektatzearen garrantziaz ere. “Hori da deskolonizaziorantz urratsak egiteko bidea. Onartzen ez dugun bizitza eredu bat planteatzen ari zaizkigu. Horren aurrean munduan egoteko gure bisio eta bide propioak sortu behar ditugu. Ari gara horretan. Guk ahizpatasunaz – acuerpamiento hitza darabil - hitz egiten dugu. Sarritan erabiltzen dut K’iché-tik eratorritako Tzk´at hitza, esanahi sakona duen kontzeptua: nik lagunduko zaitut, eta zuk lagunduko nauzu. Elkarren zaintza da”.

Hala ere, egun, ahizpatasunari tarte txikia eskaintzen zaio. Hala salatu zuen Europako Parlamentuaren Sájarov Saria (Kontzientzia Askatasunerako saria) banatzeko ekitaldian, bera finalista izan baitzen. Orduan ehunka ikusleren aurrean egin zuen bezala, oraingoan ere Lolitak Europa du jopuntua. “Nire lurraldean eskubide indibidualak eta kolektiboak urratzearen erantzule zuzena da”.

Era berean, Europaren jarrera paternalista salatu du. “Indio tontoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte, biktimizatzen gaituzte eta ez dira gatazkan inplikatzen. Europako agintariek Erdialdeko Amerikan dena biolentoa dela esaten didatenean nik baietz erantzuten diet, baina biolentzia hori Europak sortzen zuela. Enpresak hemen gelditu behar dira guk han iraun dezagun. Hemendik gelditzen ez badira, multinazionalek akabatu egingo gaituzte”.

Europan sumatzen duen kontzientziarik ezak asaldatzen du. “Lehenik eta behin, eredua bera aldatzeaz ari garela ulertu behar dute. Egunen batean izan zituen onura sozial guztiak galdu egin ditu. Lan-eremuan triskantza ikaragarria egin dute, lan-esklabotza pairatzen dute, euren esklabotza propioa, baina ez dira konturatu ere egiten”.