Borrokaren hazia

Elkarrizketa NAGORE URIARTE
Aura Lolita Chávez Ixcaquic, (Isimulew Guatemala), 1972. Errefuxiatua

Aurora Lolita Chávez Ixcaquic, Lolita Chávez (Isimulew Guatemala), “maya eta feminista” eta jatorrizko herrien eskubideen defendatzailea abesti bat izango balitz, Guatemalako Rebeca Lane raperaren Tzk´at abestiaren notak izango zituen: `Las que caminan entre valles y montañas, las que escuchan el espíritu del río, las que nacen con el sol cada mañana y siguen vivas a pesar del genocidio. La sabiduría, la rebeldía, la vida; la energía que transforma el odio en energía; la valentía de las mujeres combatibas; la fuerza que da equilibrio y alegría. Defendemos la vida, los ríos, los lagos, los bosques, la luna, la noche, así como defendemos la tierra. Defendemos los cuerpos de las mujeres. Nuestro cuerpo es nuestro primer territorio de defensa´.

Lanen kantak dioenez, “emakume feminista komunitarioa izatea transgresio bat da bere horretan, emakume indigenaren iruditeria errotik apurtzen duelako eta bizitzaren inguruko hausnarketa sakona egitera daramatzalako, ezinbestean”. Eta horixe da, hain justu, Lolita Chávez. Heriotza bizkar gainean izanik ere, bizitza darama soinean. “Nik bizi nahi dut” dio ozen, jatorrizko herriak defendatzeagatik sei aldiz ere eraila izateko zorian izan denak. Jatorrizko herriak Mesoamerikako lurraldeak berriz ere kolonizatu nahi dituzten enpresa energetiko transnazionalen atzaparretatik askatu nahi ditu Chávezek, bere gorputzarekin defendatzeraino.

Gerra, kolonizazioa eta biolentzia gertutik ezagutu duenak saretzeaz mintzo zaigu, borrokak uztartzeaz, eta batez ere, elkar zaintzeaz eta osatzeaz.

Herrien jatorrizko ezagutzak berreskuratzeko unea heldu dio dio irmo, mugak gaindi aliantzak ehuntzeko garaia. “Zuk borrokatu Guatemalaren alde eta ahaztu ezazu bestea´, esaten didate maiz, ¡Ba jai daukate! Orain herriok eskutik helduta goaz borrokara: herri mapuchea, bibri, Euskal Herria...” Guatemalako K`iche Herrien Kontseiluko kideak argi dauka irtenbidea komunitarioa eta kolektiboa izango dela, edo ez dela izango. “Ezagutza badago, baina elkartu behar dugu, besarkatu. Hori da deskolonizazioaren eta despatriarkalazioaren bidean urratsak egiteko modua, baina horretarako ezinbestekoa da lehenik eta behin kontzientzia piztea”.

Berrizen (Bizkaia) egin dugu hitzordua, baina berehala dio “toki magiko bat” badagoela gertu, mendiz inguratuta. Arraizi buruz ari da, Anboto mendiaren magalean. Bertan egin genion elkarrizketa, ibai eta arbola artean, non bestela.