Demokrazia espainiarra, auzitan

Urtebete igaro da ETAk bere desegitea iragarri zuenetik. Hala ere, gobernu espainolak eta frantsesak ez dute aurrerapausorik eman presoen sakabanatze-politikan edo presoen giza eskubideen urraketaren arloan. Nola deritzozu oraingo egoerari?

Ikuspuntu politiko, etiko eta, batez ere, gizalegezkoetatik onartezina da Gobernu espainiarraren jokabidea, alegia, espetxe-politika ez aldatzearena. Sakabanatze-politikak ez du inoiz izan zuribiderik, baina orain are gutxiago.

Alde handia dago Estatuaren jokabide horretatik euskal gizarteak orokorrean duen iritzira, gatazka politiko eta armatuko hainbeste urtetan egindako zauriak itxi eta orbaintzeari dagokionez.

Ildo horretatik, biktima bakoitzaren ideologia alde batera utziz, haietako bakoitzaren mina aitortzeko eta arintzen saiatzeko ekimenak txalotzen ditugu guk. Hori ibili beharreko bidea da, gizarteak onartu behar duena.

En términos políticos, éticos y, sobre todo, humanos, es inadmisible la posición del Gobierno Español de no abordar un cambio en la política penitenciaria.

Kataluniako procés-aren judizioa puri-purian dago. Zer espero duzu ateratzea judizio horretatik? Zein da ELAren iritzia?

Judizioan zehar ikusi ahal izan dugunak erakutsi digu judizio politikoa dela. Preso daudenak beren jardueragatik edo ordezkaritza politikoagatik daude, eta 25 urterainoko espetxe-zigorra eskatzen du fiskaltzak, guztiz funtsik gabeko eta alegiazko argudio eta akusazioak eginez. Horrek gogora dakarkigu Altsasuko mutilen judizioa. Espainiako sistema judizialak, eta demokraziak berak ere, izen ona nahikoa galduta ez bazuten lehendik, orain nazioarteko komunitateko zati handi baten begiradapean daude. Estatu espainolaren kalitate demokratikoa dago zalantzan.

Estatuak erakutsi du ez dagoela prest elkarrizketaz eta politikaz baliatzeko, subiranotasunaren eta lurralde-doikuntzaren arazoak onbideratzeari begira. Eta pentsamolde hori, itxurak eta moldeak gorabehera, pentsamolde partekatua da, Sanchezen gobernutik Voxeraino. ELAk beti aldeztu du demokraziaz baliatzea subiranotasun-eskariak bideratzeko. Bakoitzak procés-i buruz izan dezakeen ideia politikoa alboratuz, ukaezina da bake-bideetatik egin dela, erakundeen konpromiso handiko lidergoaz, eta inoiz ez bezalako mobilizazio sozialaren bultzadaz.

Sindikatuak bat egin behar du ahalegintzen den jendearekin, eta Katalunian ahalegintzen ari dira, modu demokratikoan eta zibilean. Horregatik Kataluniako herriarekiko eta bereziki akusatuen aulkian esertzen direnekiko gure miresmen eta elkartasun osoa dugu.