AldarRikAPen feministak

Nerea Lorón, La Furia

Nerea Lorón 1983an jaio zen, Cascanten, Nafarroan. Euskadiko Futbol Selekzioaren txandala jantzita futbolean aritzen zen umea; euskalduna ez ezik, euskaraduna ere izan nahi zuen heldua. Batak zein besteak ezinegona sortzen zien Nafarroatik zein mundutik inoiz alde egin ez duten faxistei.

Bilbon LGTBIQ+ giroa ezagutu zuen. Emakumeekin topo egin zuen orduan eta gauean eurekin topa egin ere, ahizpatasunaz mozkortu arte.

Donostian zauriak sendatu zituen; bihotza eta burua. Orduan hasi zen bere rap ibilbidea. Orain Arrasaten bizi da, eszenatik aldi baterako aldenduta, momentu honetan esku artean duen proiekturik garrantzitsuenari emana: bere umearen zaintza.

Itxuraz gogorra eta oldarkorra bada ere, La Furia, oinarrian, emakume sentikorra eta sutsua da, munduan gertatzen diren injustizien aurrean asaldatu egiten dena; baina haserrea eta mina abesti bilakatzeko gai ere badena. “Betidanik gainbehera matxista bizi izan duen sistema batean bizi gara, mundu faxista batean; horrek ez bazaitu asaldatzen arazoaren parte zara”.

Feminista sutsua, La Furiak argi dauka gatazka ezinbestekoa dela, “mugiarazten gaituelako”. “Beti haserre nagoela esan didate maiz – dio- baina nik beti gauza bera erantzuten diet: Akaso ez zara haserretuko zu zeu zarelako zapaltzaile. Ni neu naiz zapaltzen ari zarena, baina aizu, barkatu molestatzea. Neure burua defendatzeko altxatu naiz, baita beste emakume guztiengatik ere”, dio ozen.

Zazpi urtetan hiru disko atera eta gero, No hay Clemencia (2013), Vendaval (2017) eta Pecadora (2018 y 2020), La Furia egungo rap feministaren aitzindaria bilakatu da. Orain, amatasunak bultzatutako geldialdia aprobetxatuko du proiektu eta abesti berriak sortzeko, martxoan agertokietara bueltatu baino lehen.

“Etorkizuna familian bidaiatzen irudikatzen dut, ahal dudan neurrian. Bizitza eta zaintza erdigunean jartzen ez dituzten proiektuak baztertu ditut beti eta etorkizunean ere hala egingo dut”.