“Independentziaren aldeko hautua egingo dugu”

Ponentziak estatu independente baten eta kultura errepublikano baten beharra jasotzen du.

ELA klase sindikatu abertzalea da. Ponentziak estatu independente baten eta kultura errepublikano baten beharra jasotzen du. Ez dirudi orain baldintzarik onenak daudenik burujabetza prozesu bat bultzatzeko. Nola egin daiteke bultzada horri berriro ekiteko?

A: Baldintzak sortu egiten dira eta horretarako lehenik eta behin, egoeraren irakurketa zuzena egin behar da. Prozesu soberanista bati begira jakin behar dugu non dagoen Estatua eta non gure herriko indar politikoak. Estatuak ez du autodeterminazioa negoziatzeko inolako borondaterik. Are gehiago, bere esku duen guztiarekin borrokatuko duela erakutsi du. Euskal Autonomia Erkidegoan agintean dagoen indar politikoak, EAJk, estatutuaren aldeko hautua egin du, Gernikako Estatutua bide erreal bat ez izan arren. Aspaldi esan genuen bide hori hilda zegoela; egin zen akordioa ez da betetzen, eta gainera ezin daEstatutu hori gainditu. Nafarroan, Gobernuak ez du inolako interesik UPNren eta PPren erregimenak utzitako statu-quo-ari aurre egiteko.

Beharrezkoa da irakurketa zuzena egitea eta irakurketa horrekin koherentea den proposamen bat egitea. Beste aldean inor ez dagoen bitartean, prozesuak aldebakarrekoa izan behar du, eta hasiera batean gutxiengoan izango da. Prozesu hori aurrera eramateko prest gauden indarrok proposamen soberanistarekin batera etorri behar duen gizarte-eredua adostu behar dugu. Prozesu soberanistak ez du aurrera egingo herri honen gehiengo sozialak bat egingo duen gizarte eredu bat barne biltzen ez badu.

Pandemiaren kudeaketa autogobernu faltaren adibide ona izan da.

M: Jendeari egia esaten saiatu behar dugu, hemen ia inork ez duelako egiten. Edozein aitzakia ona da Estatuak aginte bakar hori izan dezan. Eta negoziazio kolektiboak eta eskubide sozialek zerikusi handia dute horrekin, jendeari eragiten dioten gaietan herri honek erabakiak hartzeko duen ezintasunarekin. Inork ez du autogobernuaren eta bere eskumenen aurkako eraso eta ondoriak erdigunean jartzen. Aldebikotasuna edo kogobernantza bezalako kontzeptuak gezurra dira. Eusko jaurlaritzak liburu baten bitartez autogobernuaren higadura onartu du, ezin dute izkutatu baina errealitate hori ontzat ematea erabaki dute. Egoera lausotzen saiatzen ari dira, baina oso larria iruditzen zaigu etengabeko eskumen-inbasioa, gai askorekin gertatzen ari dena: behin-behineko langileak, gastu-araua, pandemiaren aginte bakarra... Hamaika adibide daude. Kogobernantza dagoela esatea barregarria da.

Zer autogobernu dugu ezin badugu erabaki pentsio, energia, langile publikoen kopurua edo zen aurrekontuak behar ditugun, azkenengo hau zaila ulertzen bada ere Gasteiz eta Iruñeko gobernuekin adostuta. Errealitate guzti honetatik abiatu behar dugu.

Nola eragiten digu burujabetza faltak gure lan sindikalean?

A: Ia egunero ditugu ikuspegi soberanista batetik landu ditzakegun adibideak: behin-behineko langileei buruz erabaki nahi dugu, hemen negoziatu nahi dugu. Horregatik, ponentzian Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruari buruzko atal propioa dago. Ez da kontraesankorra estatu independente baten alde errepublika gisa egitea eta, aldi berean, Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparrua defendatzea. Gaur egun daukaguna da, eta daukagun honetan badago aldarrikatzeko, mobilizatzeko eta borrokatzeko tartea.

M: Egunerokotasunean eragiten diguten oinarrizko gauzek praxi errepublikanoa eta independentista garatzen dute. Gertaeren indarrez eta ikusi dugunaz iritsi gara honaino.

Azkenengo hamarkadetan ikasitakoak argi utzi digu erabateko autogobernua garatzeko egungo erregimen autonomikoa ezinbestean gainditu behar dugula. Esango nuke estatu propio baten alde egiten dugula autogobernua gauzatzeko aukera bakarra delako.

Ponentzian ‘balio errepublikanoak’ aipatzen dira. Zer lortu nahi du ELAk formulazio horrekin?

M: Horizonte bat sortu, horizonte bat markatu. Subiranotasunaz hitz egin dugu, erabakitzeko eskubideaz, baina ELAk abagune honetan posizio bat hartu nahi du. Agian errepublikaren kontzeptua ez dago behar bezala garatuta herrialde honetan, baina ELArentzat, sindikatua den aldetik, oso garrantzitsua da. ELAk bultzatu nahi dituen transizio soziala, feminista, ekologikoa eta demokratikoarekin lotzen ere errepublikaren aldarri hori.

A: Oso garrantzitsua da pedagogia egitea euskal errepublika baten balioez hitz egiten dugunean. Balio horiek gaur egun egungo sistemaren aurka doaz.

M: ELAn galdera bat egin diogu geure buruari. Nora joan nahi dugu? Gure historian zehar bi ezaugarri oso presente izan ditugu: euskal herri baten existentzia eta klase-osagaia. Sindikatuak 110 urte bete ditu, irakaspen ugari jaso ditugu hainbeste urtetan, etapa guztiak pasa ditugu eta Estatuak ez digu ezta aukerarik ere eman zalantzarako. Sindikatu hau 1979. urtean EAEn estatutismoan egotetik dator. 1997rako hiltzat eman genuen Gernikako estatua (zentralistek hil zuten). Horren geroztik kusi dugunarekin, eta sindikatuaren ildo koherentean, ondorio batera iritsi gara: ez dugu Espainia izaten jarraitu nahi.

Burujabetzaren aldeko proposamen bat planteatzen den bakoitzean Estatuak zaplazteko bat ematen dizu. Gure proiektua gehiengoaren atxikimendu demokratikoan oinarritu behar da. Lurraldetasunari dagokionez, gurea proiektu heterogeneoa da, Euskal Herriko lurraldeen erritmo desberdinak errespetatuko dituena.