Artea, algara eta aldarria bandera

Eduardo Gaviña Marañón (Laudio, 1969)

Yogurinha Borova pertsonaia bat da, maskara bat, armadura; atzean Eduardo Gaviña Marañón artista dago. Lotsagabea da Borova; lotsatia, ordea, Eduardo. Ofizioz argazkilaria, lanbidez musikaria, aktorea, trabestia... pasioz etengabeko sortzailea. 1969an jaio zen Gaviña; 25 urte beranduago Yogurinha Borova. Laudion jaio zen Eduardo; Bilbon, berriz, Yogurinha. Fabriketako ke artean bizi izan zuen bere haurtzaroa Gaviñak; tabernetako ke artean igo zen lehen aldiz taula gainera Yogurinha.

Yogurinha Borova Las Fellini Bilboko cabaret taldean gorpuztu zen 1994an, lumak eta takoiak soinean, umorea ahoan. Barrea eta aldarrikapena uztartuz, txosna, taberna eta bestelako aretoetan ikuskizunak, ezkondu-aurreko agurrak eta hainbat festa girotu zituzten. Hamar urte eta gero taldea utzi eta abeslari lanetan hasi zen. Carbono 14 da bere lehen albuma, Gor diskak 2011n argitaratua. Telebistan ere egin du bere ibilbidea, Canal Euskadi eta Bilbovisión kateetan. Zinea ere gertutik ezagutzen du, Juan Flahn zuzendariaren Chuecatown filmean parte hartzeraino. Antzerkigintza ere gertutik ezagutzen du, Karraka eta la Otxoaren Bilbao Bilbao ikuskizunetan parte hartu baitu, besteak beste.

2017an crowfounding proiektu bat jarri zuen martxan My way out (Ni naizena naiz) dokumentuala ekoizteko. Izaskun Arandiak zuzenduta, genero aniztasunari buruzko filma da hau.

Gaur egun, hezkuntza-eremuan lanean ari da, abestien bitartez umeak balioetan hezi nahian; Horren erakusgarri dira askatasun sexualaren aldeko Sentipenak askatu eta bullyingaren aurkako Ausarten kluba kantak.

Artista polifazetikoa da Gaviña, baina batean zein bestean, artea, algara eta aldarria ditu aberri eta bandera.