51 aldiz pobreagoak

2008tik 2020ra, bataz besteko soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo ziren, hau da, 13.968 euroko galera metatua gertatu zen termino errealetan. Beste modu batera esanda, langileok, orokorrean, orain dela hamabi urte baino pobreagoak gara, enpresa gehienen etekinak handitzen diren bitartean —kasu batzuetan modu izugarrian, gainera, Ibex-35ekoak kasu—. Horixe da ELAk argitaratu duen Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekaritatea lanaren ondorio nagusia.

Patronalak, Urkullu eta Chiviteren gobernuekin batera, ezkutatu nahi duen errealitatea da hori. Krisi garaietan (2008-2013), langile klaseak soldata galerak eta langabeziaren igoera jasan zituen; ondoren, ordea, hazkunde ekonomikoaren garaian, erosahalmenaren galerak handitzen jarraitzen du. Gaur egun, aberastasuna ez da behar bezala banatzen; beraz, langile klasea baino ez da pobretzen, eta talde horretan, bereziki, soldata txikienak dituztenak.

Soldata baxuenak dituzten pertsonek diru sarrera handienak dituztenek baino dezente gehiago galdu dute; soldata txikienak dituztenek 2020an 2008an baino gutxiago irabazten baitzuten eurotan. Izan ere, bi kolektiboen diru sarreren arteko desberdintasuna %33 handitu da aldi horretan. Gauzak horrela, diru sarrera handienak dituzten soldatak 51 aldiz handiagoak dira diru-sarrera txikiagoak dituzten soldatak baino.

Gainera, txostenak agerian utzi du soldata arrakala. Emakumeek gizonek baino % 23,3 gutxiago irabazten dute (6.875 euro gutxiago urtean), migratzaileek migratu ez direnen erdia, eta 25 urtetik beherakoak ez dira LGSra iristen.

Era berean, txostenak jaso du Hego Euskal Herriko lan produktibitatea Europako bataz bestekoa baino askoz handiagoa dela, baina batez besteko soldatak azpitik daudela, bai EAEn (%6,5 gutxiago), bai Nafarroan (%14,2 gutxiago).

Datu guztiek erakusten dute erosahalmena bermatu behar dela. Horretarako, soldata igoerek gutxienez aurreko ekitaldiko KPI jaso beharko lukete, eta gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko litzateke. Jakina denez, lan prekaritatea estrategia bat da soldatak txikiagotzeko eta, beraz, ezinbestekoa da genero arrakala ezabatzea; baita adinak, sexuak eta jatorriak eragindako prekaritate egoerekin eta diskriminazioarekin amaitzea ere.

Beraz, 51 aldiz pobreagoak direnentzat (eta beste askorentzat) ezinbestekoak dira mobilizazioak eta grebak. 

Aberasten ari direnek ez dituztelako euren etekinak gogo onez banatuko.