Botere harreman bikoitza

Erreportajea NAGORE URIARTE

Gonzálezek argi dauka jendartean ezarritako hierkakia sozialaz haratago
—gizonak emakumeen gainetik jartzen dituena— badela lan munduan bestelako botere harremanik ere. Izan ere, jazarpen sexuala salatzea are zailagoa da erasotzailea zure arduraduna denean. “Bere botereaz baliatzen da zu sumisio egoera batean jartzeko. Behin baino gehiagotan salatu baduzu, eta ikusten baldin baduzu enpresak ez dizula kasurik egiten, ondorioztatuko duzu isiltzea beste biderik ez duzula, zeure osasun mentalaren mesedetan. Biziraupen kontua da. Akaso egunero egingo al diozu aurre enpresako hierarkian zure gainetik dagoen norbaiti? Arriskutsua da hori”, esan du irmo. 

Enpresetako hierarkia genero kontua dela argi dauka ere bai. “Metro Bilbaon, adibidez, edozein gizon izendatuko dute arduradun, emakume batek kategorian gora egiteko aukera izan baino lehen. Brigadetan denak dira gizonezkoak. Guri ez digute aukera ematen zoruei distira ateratzeko makinak erabiltzeko, ezta kristalariak izateko ere”.

“Las mujeres no hacemos suficiente ruido todavía; deberíamos confrontar más”.


“Emakumeok tren geltokian nahi gaituzte. Gainontzeko lanak egiteko indar nahikorik ez dugula esaten digute, baina kontrakoa erakusteko aukera ere ez digute ematen. Brigadetan arduradunak dira nagusi, eta ia denak gizonezkoak dira. Bitartean, emakumeok beti geltokietara bideratzen gaituzte, enpresako kategorian beherago. Euren posizioa baliatzen dute botere harremanak eraikitzeko”.

“Azkenaldian, ordea, gizon gehiago dago geltokietan lanean, baina oso esanguratsua da horren harira gertatzen ari dena: hirerkian behera egitean eta emakumeon parean jartzean, guk egunerokoan jasaten dugun tratu iraingarri berdina jasaten dute gizonezkoek ere”. 

“Ordutegietan, soldatetan... alde handia dago gizon eta emakumeon artean. Diskriminazio hori egiteko gai dira emakumeak garelako, uste dutelako otzanak garela, isilik mantenduko garela eta ez diegula aurre egingo, bizikidetzaren mesedetan. Eta horretan gaude emakumeok, egunero halakoak onartzen. Gainera, oso gatazkatsuak garela entzun behar! Ba eskerrak zarata pixka bat egiten dugula, bestela akabo! Ez dugu nahikoa zarata egiten, gehiago oldartu beharko ginateke”, bukatu du.