Krisi ekologikoak eta klase borroka

Iritzia Joanes Igeregi, Sukar Horia talde ekologistaren kidea

Salbuespen egoera bizi dugu. Joan den mendean, munduko biztanleria 4 bider handitu zen, energia kontsumoa 13 bider, BPGa 14 bider, eta CO2 isurketak 17 bider. Hiru hankak eutsi diote hazkunde neurrigabe horri: berrikuntza tekno-zientifikoek, kapitalismoaren logikak eta erregai fosilek. Hirurak herrenka dabiltza.
Agortzera doa petrolioa, hazkundearen oinarria. 2005ean gainditu zen petrolio konbentzionalaren gailurra. Ordutik, erauzketa gainbehera dator. Beherakada ordezkatzeko, kalitate txarragoko petrolioen bila jo behar izan du kapitalak, teknika zikinagoak erabiliz eta trukean energia gutxiago lortuz (fraking-a, petrolio ultra-astunak...). Baina hurbil daude petrolio ez-konbentzionalen, gasaren, ikatzaren eta uranioaren gailurrak ere. Energia gutxiko mundu baterantz goaz.
Energia-krisiarekin batera, beste erraldoi bat datorkigu ate joka: klima larrialdia. Industria aurreko garaian baino 1,1 ºC gehiago dugu dagoeneko eta, martxa honetan, mende amaieran 3-5 ºC gehiago izan genitzake. Gizakia ez da inoiz hain tenperatura altuetan bizi izan. Injustizia poetikoa dario klima aldaketari: Iparraldeko biztanle aberatsek eragin dute nagusiki, baina Hegoaldeko biztanle pobretuek jasango dituzte ondorio larrienak.

Desazkundeak merezi baino fama txarragoa du. Arlo askotan on egingo digu, ziurrenik. Izan ere, energia eta material asko bizitzaren aurka erabiltzen dira: kontrol soziala, armagintza, alferreko joan-etorriak... Ondo bidean, baliabide gutxiko mundu batek sare hurbilak indartu ditzake, eta hierarkizazioa higatu.


Energia eta klima, hazkundearen baldintza eta ondorioa. Hegal batetik, energia eskasiak diosku hazkundea ezinezkoa dela. Bestetik, klima egonkortasunak diosku, ingurune bizigarria nahi badugu, erregai fosilen % 80 lurpean utzi behar genukeela. Horrela, desazkundeak utzi dio hautu politiko soila izateari, saihestezina da. Kontua da gure sistema ez dagoela eginda hazi gabe irauteko. Ez daki. Krisi ekologikoak eragina izango du, ezinbestean, gizarte-antolamenduan ere. Ezin dugu zehaztu abiadura eta sakontasuna, baina beheranzko joera usain dezakegu zenbait arlotan: ekoizpena, kontsumoa, mugikortasuna, teknologia...

Nola kudeatuko du beheraldia hazkundearen mendeko sistema batek?


Duela gutxi arte, ukapena izan da erantzun nagusia, arazoei entzungor egitea. Luza dezagun ahalik eta gehien erregai fosilen aroa, datorrena datorrela. Ukapena gaindituta, eliteek kapitalismo berdearen olatua hartu dute. Berrikuntza teknologikoei esker, hazkunde garbia lortuko omen dugu: deskarbonizatua, elektrikoa, digitala, immateriala.
Estrategia horren zentroan, berriztagarriak beharrezkoak izango dira, jakina. Askatzaileak ere izan litezke, demokratikoki kudeatuta, eskala txiki eta deszentralizatuan. Ezingo dute, baina, gaurko kontsumoa osorik bete, are gutxiago hazkundea elikatu. Mundu digitala, berriz, oso intentsiboa da mineral eskasetan, eta eragin izugarria du berotze globalean. Munduak ez du oinarri biofisikorik, beraz, saltzen ari zaizkigun energia-trantsizioa burutzeko, ez guztiontzat. Kapitalismo berdeak gutxi batzuentzako salbamendu txalupak dakartza, eta beste guztiontzako miseria.
Nola lortu trantsizioa burutzeko mineralak? Nola bermatu hazkundea eskasia orokortzean? Haien kontsumoari eusteko, eliteak hasiak dira lanaren eta kapitalaren arteko soka tenkatzen, eta baliabide estrategikoak metatzen: meategiak, akuiferoak, lur emankorrak... Testuinguru horretan ulertu behar genituzke azken hamarkadetako eraso neoliberal eta kolonialak. Merkatuaren indarra nahikoa ez denean, hor dute indarkeria, pribilegioei eusteko prest. Labainkorra da kapitalismo berdetik ekofaxismorako malda. Neurri batean, bata bestearen ondorio dira.
Trantsizio ekosoziala lortzeko, biak sentitu behar ditugu: egoeraren larritasuna eta eraldaketarako aukerak.
Desazkundeak merezi baino fama txarragoa du. Arlo askotan on egingo digu, ziurrenik. Izan ere, energia eta material asko bizitzaren aurka erabiltzen dira: kontrol soziala, armagintza, alferreko joan-etorriak... Ondo bidean, baliabide gutxiko mundu batek sare hurbilak indartu ditzake, eta hierarkizazioa higatu.
Horretarako, zentzuz erabaki beharko dugu zer eremu murriztu eta zer jarduerari eutsi. Batetik, oinarrizko beharrekin lotutako lanak hauspotu eta birlokalizatu behar genituzke (elikadura, zaintza, konponketak...). Kutsadura eta xahutzea dakarten jarduerak (industria astuna, turismoa...), berriz, txikiagotu beharko dira. Bide horretan, oreka prekario bat gorde beharko dugu galdu eta sortzen diren enpleguen artean.
Bestalde, planetak guztion oinarrizko beharrak ase ditzake, baina ez du ematen Iparraldeko klase ertain-altuen bizimodua orokortzeko. Guztion beharrak bermatzeko, inoiz ez bezala banatu beharko ditugu baliabide gero eta urriagoak, jabe handiak desjabetuz. Gainera, auzitan jarri behar genuke jabetza pribatuaren eta merkatuaren nagusikeria, eta beharrak asetzeko beste bide batzuk indartu: ondasun komunak, zerbitzu publikoak, kontsumo partekatua... Murriztea eta banatzea buruan, elkarlanerako arrazoi onak ditugu mugimendu ekologistak eta langile mugimenduak.
Desadostasunak izango ditugu, noski. Esaterako, industria kutsatzaileak eta azpiegiturak murrizteak lanpostuen galera eragin dezake. Ezin dugu ahaztu, hala ere, bestelako lanpostuak sor daitezkeela baliabideak beste nonbait erabilita. Gainera, gaurko lanpostuek ez dute bide luzerik, oinarri ekologikoa higatuz mantentzen badira. Epe luzea buruan, kontraesana ez da langileen eta ekologisten artekoa, gaurko eta biharko interesen artekoa baizik. Horrela, ekologismoak oso gogoan izan behar luke klase ikuspegia, ingurumenaren izenean neurri erregresiborik ez babesteko; eta langile mugimenduak, aldiz, erne ibili behar luke, enpleguaren izenean txikiziorik ez zuritzeko.

Energía y clima, condición y efecto del crecimiento. Por un lado, la escasez de energía nos dice que el crecimiento es imposible. Por otro, la estabilidad climática nos dice que si queremos un medio habitable deberíamos enterrar el 80% de los combustibles fósiles. Así, la desaceleración ha dejado de ser una simple elección política; es inevitable. Lo que pasa es que nuestro sistema no está hecho para mantenerse sin crecer. No sabe cómo hacerlo. La crisis ecológica repercutirá inevitablemente también en la organización social. No podemos determinar la velocidad ni la profundidad, pero sí podemos sospechar la tendencia a la baja en áreas como la producción, el consumo, la movilidad, la tecnología...