ALDA: Aldaketa abian da Iparralden

ALDA elkartea Baionan sortu zen, Iparraldeko jende xehearen oinarrizko eskubideen eta beharren alde egiteko. Azken helburua herri-mugimendu bat antolatzea da, gizarte justuago, solidario eta jasangarria eraikitze aldera

Urriaren 10ean egin zen ALDAren batzar eratzailea. Baionan sorturiko mugimendu sozial horren helburua pertsonen eguneroko ingurunean bizi-baldintzak hobetzea da. Horretarako, gizataldeak antolatzen ditu arazo, bidegabekeria edo behar kolektibo bati aurre egin ahal izateko: alokairua, garraio publikoa, eskolak, administrazioa, banka eta zerbitzuak, hirigintza, ingurumena eta abar. Erakunde horrek ahaldundu egiten ditu pertsonak; eta talde, kolektibo eta bizi-komunitate bateko kide izatearen sentimendua ematen die.

Xebax Christy eta Malika Peyraut aski ezagunak dira gizarte-ekintzaile gisa, biek dute esperientzia eta ibilbide luzea, batak moneta-subiranotasunaren eta finantzen arloan, eta besteak ekologismoan; eta biak aritzen dira lehendakarikide mugimendu berritzaile horretan, Manu Robles Arangiz Fundazioak Ipar Euskal Herrian duen atalaren baitan bost urte luzez hausnartuz eta prestatuz jardun ondoren. “Gure lurraldeko herri-klaseek arazo material eta immaterial ugariak dituzte. Materialak, bizimodu duina ateratzeko diru-baliabide nahikorik ez dutelako, eskubide sozialak baliatzea gero eta zailagoa delako, eta prekarietatea gailendu delako... Eta arazo ez-materialak, sostengu-sarerik gabe, egoera hori larriagotuz joan delako. Jendea gero eta desozializatuago eta desegituratuago dago, mugimendu eta erakunde tradizional handiak desagertu direlako edo indarra galdu dutelako. Atxikimendurik eza eta deskonexioa gero eta zabalduago daude biztanlerian; eta hori hauteskunderik hauteskunde azaleratzen da: abstentzioa goraka doa; eta, aldi berean, eskuin muturraren aldeko botoak ugalduz doaz. Gure hausnarketaren muina, beraz, zera da: oinarri sozial hori izan badela, eta gure mugimendu sozialak ez direla iritsi herritar horienganaino”, azaldu dute.

Errealitate hori errotik aldatzea funtsezkoa da gizarte-ekintzaile horientzat. “Jende xehearen beharrei erantzuten ez badiegu, jende-talde horiek guk eraiki nahi dugun gizartearen aurka jarriko dira. Gure proiektura erakarri behar ditugu. Horretarako, haien alde eta haiekin bat eginik jardun behar dugu”. “Zeregin horren lehen abiapuntua haien arazo materialak konpontzea da. Bigarren puntua jende horri komunitate berri bat eskaintzea da, orain sarerik edo sostengurik gabe baitaude. Eta hirugarren puntua da ezin dugula jendearengandik espero guk erakunde berri bat sortu, eta haiek besterik gabe guregana hurbiltzea. Ez dira berez etorriko, elkarteetan sinesten ez dutelako; beraz, haien bila joan beharko dugu” adierazi digute.

La Asociación ALDA nace en Baiona para organizar a las clases populares de Iparralde en defensa de sus derechos y necesidades fundamentales. El objetivo final es construir un movimiento de masas para desarrollar una comunidad más justa, solidaria y sostenible.

Lan egiteko beste metodo bat: “Community Organizing”

Iparraldeko gizarte-erakunde tradizional handiek indarra galdu dute, eta batzuetan desagertu ere egin dira. Bilakaera horren gainean hausnarketa egin da ALDAn, eta ondorio bat atera dute: beste modu batera lan egin behar da. Eta gogoeta horren ondorioz mobilizazio- eta antolaketa-metodo bat sortu da indar handiz: Community organizing izenekoa. Malikak eta Xebaxek azaldu bezala, “Komunitateen antolamendua prozesu bat da, non elkarren ondoan bizi diren auzokideak bategiten diren erakunde baten inguruan beren interes partekatuaren alde. Aldi berean, prozesu horretan zehar komunitateko kideek beren burua antolatzeko duten konfiantza eta gaitasuna garatzen da”. AEBetan sortu zen mobilizazio- eta antolaketa-metodo hori, klase xumeak eta auzoak antolatzeko, eta botere eta indar berri bat emateko egina.

“Community organizing” delakoaren oinarrietako bat atez ate ibiltzea da, jendearekin hitz egiteko, haien arazoak eta kezkak ezagutzeko, eta gure proiektura erakartzeko. Beste oinarri bat, haserrea bertikalizatzea da. “Askotan haserrea kidekoekin sortzen da, baina sarritan arazoaren muina nagusiengan datza. Adibidez: komunitate bat haserre dago gazteak arkupeetan biltzen direlako, eta dena zikin uzten dutelako, edo ez dutelako bertatik pasatzen uzten... Haiekin haserretu beharrean, aztertu beharko litzateke ea hori zergatik gertatzen den. Agian arazoaren funtsa zera da: ez dutela beste tokirik biltzeko. Beraz, haserre hori zuzendu beharko zen arduradunenganantz, gazteek biltzeko tokirik ez izatearen errudunenganantz; eta bestalde behar diren aldaketak dagokionari eskatu behar zaizkio”.

Aurrekariak

Komunitatea sortzeko metodo berri horren hirugarren oinarri nagusia esamoldeak dira. Hiztegi tekniko eta militantea baztertu eta hizkuntza erraz batez mintzatu behar da. “Kaleko hizkeraz hitz egin behar dugu, edonork ulertzeko moduan. Trantsizio ekologikoa aipatuz gero, adibidez, baliteke askorentzat ezezaguna izatea terminoa. Modu sinple eta didaktikoan azaldu behar dira gauzak” hala diote ALDAko kideek.

Bestalde, badago zer ikasi antzeko mugimenduetatik: Bonnets Rouges (Txapel Gorriak), Alliance Citoyenne (Herritarren Aliantza) eta Gilets Jaunes (Txaleko Horiak).

Hegoaldeko ikuspegitik ALDAren tankerako mugimendu sozial bat benetako iraultza bat izan daitekeela ematen du; baina Estatu frantsesean horrelako saiakerak ez dira berriak, sona handiko aurrekariak daude kaleko mugida edo gizarte zibila antolatzeko.

2013ko urrian, Bonnets Rouges (Txapel Gorriak) mugimendua sortu zen Bretainian. Mobilizazio erraldoia izan zen enpleguaren alde, eta Frantziako Gobernuak ezarri nahi zuen ekotasa baten aurka. Mugimendu horrek gobernua ezegonkortzea lortu zuen; eta Lehen Ministroak, bi hilabete baino gutxiagoan, amore eman eta erreforma fiskal garrantzitsu batekin batera “Bretainiarentzako etorkizuneko itun” bat iragarri zuen. Mugimendu horrek batzorde kolektibo eta tokiko batzorde gisa jarraitzen du.

Malikaren eta Xebaxen iritziz aurrekari aipagarria da hori, “justizia sozialeko eta trantsizio ekologikoko gure proiektuarekin zerikusi handiak dituelako”.

ALDAko militanteek Grenobleko Herritarren Aliantzako kideengandik ere ikasteko aukera izan dute; izan ere, han community organizing arrakastaz praktikatu dute. Haiengandik prestakuntza teorikoa eta praktikoa jaso dute, eta mugimendu berri bat sortzeko beharraz han konbentzitu dira. “Grenoblera egindako bisitaren ondorioetako bat da erronka handia izanen dela, eta beharrezkoa izanen dela erakunde berri bat sortzea, klase popularrak antolatzeko, haien eskubideen babesaren inguruan. Jakinda, noski, epe luzerako lana izanen dela, eta emaitzak ere epe luzerakoak izanen direla”.

Lehen faseko txaleko horien mugimenduak, 2018ko abenduan, ALDAren lantaldearen hausnarketa berresteko ere balio izan zuen. “Haiekin hitz eginez, lehen aldiz mobilizatzen zen jendea topatu genuen. Eta zerbaiten parte sentitzea gustatzen zitzaiela, eta kolektibo bateko kide izateak ahaldunduago sentiarazten ziela adierazi ziguten”.

Gero eta garbiago ikusten zen ALDAren beharra.

Community organizing es un proceso en el que las personas que viven en proximidad se unen en una organización que actúa en su propio interés compartido. Al mismo tiempo, este proceso desarrolla la confianza y la capacidad de los miembros de la comunidad para organizarse; ganan poder y fuerza.

Ekin lanari

ALDAren lehen ekintza zehatza abian da. Mugimendu sozial horretako militanteak iritzi-inkesta zabal bat egiten ari dira Baionako 16 auzotan, “Eta aldatuko balitz?” izenaren pean. Inkesta horren bidez, auzo horietako herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak bildu nahi dituzte.

ALDAren ibilbidearen abiapuntua jendeari entzutea eta jende horren errealitate zehatza bertatik bertara ezagutzea da. Eta Xebaxek eta Malikak azpimarratu duten bezala, erantzuna ezin da hobea izan. “Jendeak bere kezkak entzunarazi nahi ditu”.

Inkesta horrez baliatuko dira, halaber, Baionako azterketa sozioekonomikoa egiteko, eta baita bi auzo eta erabiltzaile-talde bat aukeratzeko ere; halatan non, 2021eko urtarrilerako, community organizing lan bati ekin ahal izateko. “Jendea ez da arrazoi geografikoengatik bakarrik biltzen, baita bidegabekeria komunengatik ere. CAFen –familientzako gizarte-laguntzak ematen dituen Estatuko erakundea– eraginpeko kolektiboarekin lan bat egitea da gure plana” aurreratu dute.

Era berean, beste tresna batzuk jarriko dituzte martxan epe laburrean ikusgarritasuna eta legitimitatea lortzeko, eta inguruko esparrua ezagutzeko. Tresna horietako bat doako egunkari elebiduna (euskara-frantsesa) argitaratzea da, zabalkunde handikoa, jendearena eta jendearentzat, pertsonei eta haien eguneroko arazoei buruz hitz egingo duena.

ALDA, UNA NECESIDAD

*Organización de defensa de los derechos de las clases populares de Iparralde.

*Principios ideológicos: justicia social y transición ecológica, con un planteamiento abertzale y con perspectiva de transformación social.

*Proyecto independiente políticamente y autofinanciado.

*A medio plazo, ALDA va a ofrecer a sus socios/as servicios jurídicos y ayuda concreta para defender sus derechos.

Badago alternatiba

ALDAren Batzar Eratzailean 50 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta beste 10ek joaterik ez izatea zuritu zuten. Hau da, mugimendu sozial hori 60 bat militanterekin hasi da, eta kopuru hori ez da nolanahikoa; are gutxiago mugimendu horren xedeetako bat lehendik abian diren beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea izanik. “ALDAk zubi-lana egin nahi du gure gogoko lurralde horren alde aritzen diren alternatiben eta erakundeen artean”, ziurtatu dute Xebaxek eta Malikak.