Lan erreforma: Demokrazia eta errespetua behar dugu

Sektoreko eta enpresako hitzarmenen gainetik Estatuko hitzarmenei lehentasuna ematea ez da demokratikoa, ezta zilegia ere.

Lan erreforma adosteko azken egunotan omen gaude, Europar Batasunak inposaturiko epeak errespetatuko badira, behintzat. ELAren idazkari nagusia Mitxel Lakuntzak () askotan azpimarratu duen bezala, “Ministerioek adostutako testuak azpimarratzen du Gobernuak elkarrizketa sozialaren bidez alderdi guztiekin akordio justu eta orekatua” lortu nahi duela. Lakuntzaren arabera, patronalari ematen zaion boterearen eta beto gaitasunaren adierazgarri da hori: “Ez da serioa, ezta sinesgarria ere, esatea lan erreforma indargabetu daitekeela patronalarekin akordioa lortuta. Bistakoa da patronalak ahal duen guztia egingo duela lan erreforma hori ez indargabetzeko, ez baitio borondatez uko egingo alde duen egungo legeria bidegabe eta desorekatuari”.
Dena den, gogoratu behar da azken lan erreformak derogatzeko egindako bidea oso luzea izan dela, eta aliantzek berebiziko garrantzia izan dutela. Adibidez, pasa den ekainean, ELAk, CIGak (Galiziako sindikatua) eta Kataluniako Intersindicala Madrilen elkartu ziren Lan Ministerioaren aurrean. Bertan egindako interbentzioan, Lakuntzak azpimarratu zuen “lan erreforma indargabetzea ezinbestekoa dela. Horren baitan, bereziki indargabetu behar da EEEak errazten dituen kaleratze kolektiboak eta Euskal Herrian sektoreko hitzarmenen lehentasuna berreskuratu behar da. ELAk horiek lortzeko lanean jarraituko du, eta Madrilen diputatuak dituzten Euskal Herriko alderdiei (EAJ, Bildu, Podemos) eskatuko die aldarri horiek defendatzeko konpromisoa har dezatela”.
Orduan, ELAk, CIGak eta Intersindicalak elkarrizketa soziala bide okerra zela berretsi zuten. Haren izaera antidemokratikoa salatu zuten, eta ohartarazi zuten helburua langileen etxeratzea eta desmobilizazioa zela. Gainera, ohartarazi zuten adostasun horrek beto-eskubidea ematen diola patronalari lan-erreformak indargabetzeko orduan, eta horrek elkarrizketa soziala esparru antzu eta kaltegarri bihurtzen duela langileriarentzat. Lakuntzaren arabera, “Elkarrizketa Soziala deituriko gaitza beharrezko aldaketak ez egiteko aitzakia baino ez da. Benetako galga da, eta patronalak beto-eskubidea du. Argi dago lan-baldintzak eta pentsioak hobetzeko neurriak ez direla mahai hauetatik etorriko”. Hori dela eta, “patronalaren betoa ez onartzea ezinbesteko baldintza da aurrera egiteko”.
Horrekin batera, lan-harremanen, pentsioen eta babes sozialaren eredua nork bere nazioan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten sindikatuetako buruek, soldata eta lan-baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako gehiengo sindikalak errespetatu gabe Madrildik baldintza oso eskasak ezartzen dituen negoziazio kolektiboaren egungo estatalizazio eredua arbuiatu zuten.
Eredu horrek, salatu zutenez, langileriaren prekarizazio eta pobretze handiagoa eragin du, Estatuko hitzarmenei lehentasuna emanez probintziakoei baino, eta sektoreko eta enpresako hitzarmenak hondatuz. “Demokraziaz eta errespetuaz ari gara”, laburbildu zuten.