Amancio agurgarria

Kultura Inditex taldeak Euskal Herrian dituen langileak

Atsekabe handiz jaso dugu urtero Forbes aldizkariak argitaratzen duen munduko pertsona aberatsenen aurtengo zerrenda. 2019an munduko seigarren pertsona aberatsena izaten jarraitzen duzu, baina jakin badakigu 2018a ez zela urte ona izan. Zure ondarea 56.000 milioi eurokoa dela irakurri dugu, eta oso triste gaude. Izan ere iragan urtean baina 6.000 milioi euro gutxiago dituzu, Forbesen irakurri izan dugunez, hiru arrazoien ondorioz: burtsaren eboluzio irregularra; Europan, Amerikan eta Asian hainbat eraikin erosteko egindako inbertsioak eta zure Fundazioak osasun sistema publikoarentzat egindako opariak. Jakin badakigu zure alaba Sandrak ere garai gogorrak bizi dituela. Iaz bere ondarea 712 milioi eurotan murriztu zen, orain 5.429 milioi euro baino ez ditu.
Garai zail hauetan, badakigu denok ontzi berean goazela. Badakigu proiektu komun hau aurrera atera nahi badugu guztiok dugun onena eman behar dugula. Beno, ez. Aurreko guztia gezurra zen. Amancio, Sandra. Nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude gure lan-erritmoak itogarriak direlako. Nazkatuta gaude gero eta zeregin gehiago ditugulako. Dendetan egiten genituen ohiko lanez gain on-line salmentaren erantzukizun guztia gure gain hartu behar dugulako. Bezeroak artatu, sareko eskaerak kudeatu eta almazeneko kutxak gestionatu. Gero eta lan gehiago, gero langile gutxiagoren artean egiteko.
Ezin dugu gehiago. Estresa, arrisku psiko-sozialak, antsietatea, sufritzen dugun lan-kargekin lotutako gaixotasunak... Hori guztia gure eguneroko errealitatearen parte da. Amancio, Sandra. Berriz esango dizuegu: nazkatuta gaude. Suposatzen dugu jakingo duzuela, baina, badaezpada berriz ere gogora-araziko dizugu: zuen aberastasuna, zuen milaka eta milaka euroko ondarea, Galizaren Barne Produktu Gordin osoaren adinakoa, gure bizi eta lan baldintzen prekarietatearen emaitza da. Aski da. Ez dugu nahi estresak jota hiltzea. Horregatik antolatzen ari gara. Adi.