Nafarroa, zoritxarreko aitzindaria

Erreportajea IVÁN GIMÉNEZ

Tapia Legea indarrean dago jada Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, Zaldibarreko zabortegiaren bezalako proiektuak aurrera eramateko, beti ere Interes Publiko Gorenaren izenean. Jakina denez, hemendik gutxira, proiektu pribatuei bide bera ireki nahi die Eusko Jaurlaritzak, udalen gainetik pasatzen, tokian tokiko autonomia urratuz.
Nafarroan, aldiz, lege hori 80ko hamarkadatik indarrean dago, bi kasuetan gainera: ekimen publikoak zein pribatuak aurrera eramateko, izugarrizko gatazka urbanistikoak sortuz, batez ere udal askoren interesen eta zilegitasunaren aurka.
Jakina denez, Gongorako zabortegiaren proiektua (1989) izan zen PSIS (Udalaz Gaineko Eragina duen Plan Sektoriala) izeneko aurrenekoetariko bat, eta Nafarroan mundu guztiak gogoratuko du Aranguren ibarreko oposizioa eta herritarron aurkako polizia-kargak.

En Nafarroa, el equivalente a la Ley Tapia está vigente desde los años 80 y ha generado enorme conflictos urbanísticos y ha actuado contra los intereses y legitimidad de numerosos ayuntamientos.


Zenbaezinak dira azken 40 urtetan izandako PSIS proiektuak, ia beti udalen interesen aurka inposaturikoak. 90ko hamarkadan oso xelebrea izan zen Iruñeko espetxearen afera, edo Mendillorri eta Erripagaina auzoak sortzeko prozesuak. Dena den, kasu guzti hauetan, proiektu publikoak ziren, Etxabakoitzeko tren geltoki berria eta AHTren etorrera bezala. PSIS tresna oso gatazkatsua da, eta Nafarroako Gobernu guztiek erabili dute euren interes politikoengatik eta udalekin negoziatzeko beharra sahiesteko. Beraz, tresna antidemokratikoa izan da, aspalditik, hain justu hemendik aurrera EAEn Eusko Jaurlaritzak inposatu nahi duen berdintsua.
Denbora pasa ahala, gainera, proiektu pribatuek gero eta garrantzi gehiago hartu dute Nafarroako kasuan. Azken urtetan, adibidez, ia edozein enpresa-ekimena aurrera eramateko PSIS legea erabili izan dute, interes publikoaren gainetik. Beste hitzetan esanda, jadanik ez dute mozorratzen zer dagoen PSIS askoren atzean: etekin ekonomiko pribatuak, eta kitto.
Horrela izan da Baztango bi kasu larrietan: Aroztegia izeneko jauregia eta golf zelaia eraikitzeko proiektuan, eta Magna enpresak Erdiz parajean ireki nahi duen harrobia. Bietan, Nafarroako Gobernuak Baztango udalen iritziaren gainetik pasa egin da, jokaera guztiz antidemokratikoa erakutsiz beti ere interes pribatu jakin batzuen alde. Tapia Legeak hori ekarriko du ere EAEra, baldin eta ez badugu gelditzen.