Arrakala gaindituz

Emakundek agindutako azterlan baten arabera EAEko gizonek, batez bestez, emakumeek baino %24 gehiago irabazten dute. Hori ikusita, erakunde horrek ez du ezer egiten desberdintasun hori orekatzeko; ELAk, aldiz, negoziazio kolektiborako helburu estrategiko gisa hartu du soldata-arrakala.

%24. Horixe da emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoan batez bestez duten soldata-arrakala. Datu hori salatu zuen ELAk orain dela zenbait hilabete, eta orain Emakundek agindutako azterlan batean berretsi da. Txosten horrek ez dakar datu berri askorik, baina soldata-arrakala gizarte-eztabaidaren erdigunean jarri du berriro. Bistan da administrazio publikoek premiazko neurriak hartu behar dituztela, lanaren sexu-banaketan oinarritzen den lan-merkatuaren desberdintasun horiek orekatzeko. Halaber, beharrezkoa da egiturazko aldaketa bat, zainketa-lana duintzeko eta ikusarazteko, hala lan-esparruan, nola familia-esparruan. Eta horretarako sustatu behar da emakumeak ekoizpen-lanetan sartzea, eta gizonak zainketa-lanetan sartzea. Helburua? Emakumeek, amatasunaren eta zainketa-lanen ondorioz pairatzen duten lan-diskriminazioa ekiditea.
Negazionisten esanak gezurtatuz
Sexuen araberako okupazio-segregazioa eta lan feminizatuen balio txikiagoa dira soldata-arrakalaren %35a. Horixe da, Emakundek jakitera eman duen azterlanaren ondorio nagusietako bat.
Txostenaren arabera okupazioen feminizazio/maskulinizazioaren mailak eragin zuzena du orduko soldataren arrakalan. Emakumeen proportzioa handitzen den neurrian arrakala ere sakontzen da. Izatez, gizonezkoenak diren okupazioetan arrakala %9koa da, eta emakumezkoenak direnetan %14koa.
Azterlanaren beste ondorio bat zera da: emakume guzti-guztiek, adin guztietakoek, hezkuntza-maila guztietakoek, kontratu eta lanaldi guztietakoek eta okupazio guztietakoek jasaten dute soldata-arrakala.
Faktoreak
Hileroko soldatan antzemandako arrakala %24koa da; hau da, gizonek batez bestez %24 gehiago irabazten dute hilean, emakumeek baino. Arrakala hori honela banaturik dago: batetik, lan egindako orduetan %14ko arrakala dago; eta bestetik, orduko soldatan %11ko arrakala —gizonek, lan egindako orduengatik, %11 gehiago kobratzen dute, emakumeek baino—.
Arrakala sortzen laguntzen duen faktoreetariko bat lan-merkatuan lan egindako ordu-kopurua da (%14ko arrakala). Lanaldi partziala EAEko gizonen %7ek dute soilik, emakumeen %25aren aldean. Lanaldi partziala, beraz, emakumeen ezaugarria da, eta gainera borondatez kontrakoa.
Orduko soldatan antzemandako arrakala %11koa da; hau da, gizonek %11 gehiago jasotzen dute, emakumeek baino, lan egindako ordu bakoitzeko. Hori hainbat faktoreren ondorioa izan daiteke, eta ez da baztertu faktore horietako bat hau izatea: zuzeneko soldata-diskriminazioa.
Proposamenak
Soldata-arrakala gutxitzeko, txostenean proposatu diren neurrien artean zainketa-lanetan gizarte-erantzukizuna sustatzea da (gizonak, herri-erakundeak eta enpresak), emakumeek duten nahi gabeko partzialtasun-tasa handia jaisteko, eta gizonek zein emakumeek lan ordaindua egiteko sartzen dituzten orduak arrazionalizatzeko eta orekatzeko. Era berean, prestakuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzea ere proposatu da, emakumeen laneratzea errazteko eta lansariak hobetzeko biderik onena delakoan. Neurrien xedeetako bat, ikasketak eta lanbidea hautatzeko orduan, genero-estereotipoen eta rolen menpean ez egotea da. Horrekin batera soldata-gardentasuna eskatu behar zaie enpresei, eta soldata-diskriminazioko kasuak antzematea Lan Ikuskaritzari.
Betiereko diskriminazioa
ELA-Zerbitzuak federazioko arduradun Maricruz Elkorok beste alderdi bat azpimarratzen du: pentsio-sisteman dagoen genero-arrakalaren jatorria lan-merkatuan dago, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala ezaugarri duen lan-merkatuan.
Espainiako pentsio-sistemaren erregulazioaren arabera, pentsioa eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da Gizarte Segurantzan gutxienezko kotizazio-aldi bat egiaztatzea, eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzean oinarritzat hartzen dira lan-bizitzan zehar kotizatutako soldatak. Horren ondorioz emakume askok ezin izango dute kontribuzio-pentsiorik eskuratu.
Era berean, pentsioa eskuratzen duten emakumeei koefiziente murriztaileak aplikatzen dizkiete, pentsio osoa jasotzeko behar den kotizazio-aldia bete ez dutelako. Horrekin batera, lan-merkatuan dagoen soldata-arrakala dela-eta, emakumeek Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak txikiagoak izan dira, gizonenak baino; eta horrek, jakina, zuzeneko eragina du pentsioen zenbatekoan.
Esanetatik eginetara
Zerbitzuak Federazioko arduradun Mari Cruz Elkororen ustez txosten horrek ez du ezer berririk esaten, sindikatuak orain dela zenbait hilabete esandakoaren aldean; dena dela, aitortu behar zaio ekarpen bat: soldata-arrakala eztabaidagai bihurtzea berriro, noiz eta langile kidego bat baino gehiago gatazkan dauden, eta nozitzen duten soldata-arrakala, ELAren laguntzaz, ezabatzeko borrokan dabiltzan.

Erreportajea

Brecha salarial de escándalo en la limpieza de los edificios públicos de Elorrio

Las 11 mujeres en huelga se disfrazan con mostachos y barbas para visibilizar la discriminación que sufren respecto a los trabajadores hombres que realizan la limpieza viaria de la localidad