Aukeren berdintasuna? Noski ezetz!

Kultura IVÁN GIMÉNEZ

 

Zoritxarrez, desberdintasuna hor dago, jaiotzeko unetik aurrera (eta aurretik, ziurrenik). Desberdintasuna injustua da, bidegabekeri bat, batzuk munduaren arau natural bezala aurkezten badute ere. Abiapuntu ezberdin horretatik, lan eta bizi baldintzak berdintzeko bidea egin behar da, eskura dauden tresnekin. Honaino, edonor ados egon daiteke, orokorkeriatan murgilduta eta ‘mundu guztia ona dela’ diskurtsoari eusten. Aukeren berdintasunaren diskurtsoak ez dauka areriorik; gero, “norberaren gaitasunek” ibilbide pertsonalak markatu eta “sahiestezinak diren ezberdintasunak” sortuko dituzte. Baina benetan saihestezinak dira edo zerbait egin behar da ezberdintasun horiek zuzentzeko?

“Langileen eta alargunen seme-alabak unibertsitatera joaten hasi ginenetik, aberatsek master garestiak asmatu zituzten euren seme-alabak bereizteko”. Esaldi honek (Patxi Irurzunen azken liburutik ateratakoa da) oso ongi laburbitzen du “norberaren gaitasunen” gezurra. Mundu errealean aukeren berdintasunik ez dagoenez, benetan lortzeko borroka ezin da eten. Hala ere, nahikoa da?

Ez. Berdintasunak ez du bakarrik abiapuntua izan behar, baizik eta emaitza bat, gizartearen errotik adar guztietara iritsi behar den zerbait. Bizitzaren hasierako desberdintasuna handitzen doa urteen poderioz, Irurzunen liburuak (Tratado de Hortografía) oso ongi azaltzen duen bezala. Beraz, nola zuzendu desbideratzen doazen  bideak?

Ez dago ezer berririk asmatu behar, betidanik dauzkagun bi tresnak erabili baizik: fiskalitatea eta negoziazio kolektiboa.

1- Fiskalitateak izan beharko luke gaur egungo Robin Hood-a: aberatsei kendu eta pobreei eman. Azken finean, ondasuna banatzeko ezinbestekoa da batzuei kentzea, eta alde deseroso hau ez da askotan entzuten. Lortutako diruarekin zer egin txanpon bereko beste aldea da: denontzako zerbitzuak garatzea.

2- Negoziazio kolektiboa: gizarte batek sortzen duen ondasuna hasieratik bertatik nola banatu negoziatu behar da. Eta badakigu zer den negoziazio bat: zerbait ematen dut, gaitz handiago bat ekiditzeko. Beste modu batez esanda: zerbait emango digute baldin eta euren burua behartuta ikusten badute. Ordurarte, ezer ez.

Bistan denez, benetako berdintasuna ez da asmo onekin lortzen den zerbait... Aukeren berdintasuna? Horrekin bakarrik... ez dugu nahikorik.