Azaroak 17: Zaintza sektoreak, grebara

Datorren azaroaren 17an, Hego Euskal Herri osoko milaka langilek zaintza profesionalek -pribatizatuak- publikoak, duinak, unibertsalak eta doakoak izan behar dutela aldarrikatuko dute. ELAk deitutako lanuzteak aldaketa historikoa bultzatu nahi du sektore prekarizatu batzuetan, baina, hala ere, kalteberatasun bereziko pertsonez arduratzen dira, hala nola adinekoez, adingabeez, dibertsitate funtzionala duten pertsonez edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonez. Bere deialdian, sindikatuak ez ditu ahazten etxeko milaka langile, hauei ez zaie greba egiteko eskubiderik aitortzen, ez eta lan-eskubide oinarrizkoenak, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan.

Zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? ELAren aburuz, zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da.

Koronabirusak eragindako pandemia une historiko larria dugu, eta ezin dugu besterik gabe pasatzen utzi. Zaintza sistemak eztanda egin du eta langileak ari dira, oraingoan ere, ondorioak pairatzen. Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean. Egunez egun bizia jokoan jartzen dute, bitarteko oso urriekin, langile kopuru eskasarekin, baldintza latzetan. Gure ahotsa entzunarazi behar da hau berriz gerta ez dadin; aski dela esateko unea iritsi dela.

Azaroaren 17ko ELAk deitutako grebak aldaketa historikoa eragin behar du sektore honetan; helburua da zaintza sistema publiko bihurtzea, eta hau gure herrian lehentasun politiko izan dadin lortzea.

Zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua.

Azaroaren 17ko grebako aldarriak

* Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).

* Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

* 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

* Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

* Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

* Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

* Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Sektore hauetako langileek badakite ez daudela bakarrik. ELAz gain, senide eta pentsiodun elkarteak eta kolektibo feministak borrokatzen ari dira haiekin.

Aliantzak ehuntzen jarraitzeko unea dugu; aldarrikapenak plazaratzeko unea, gizarteak une historiko honen kontzientzia hartu eta urrats bat egin dezan aurrera. Hori baita gizarte justuagoa lortzeko modua, non giza-eskubideak beste edozein interesen gainetik kokatuko diren. Bizia erdigunean izatea ez dadin eslogan hutsa izan eta kapitala-bizia gatazkak kalera irten dezan.