Burujabetza ekintza bat da

El sujeto de la desobediencia es reducido y fácil de controlar por el statu quo neoliberal. El sujeto que lleva a la práctica la soberanía, en cambio, puede ser amplio y es difícil neutralizarlo.

IIraultza frantsesa mugarria da soberania ulertzeko moduan; soberanoa, erregea beharrean, herria zela aldarrikatu baitzuen. Soberanoa zen subjektu berri hori mugatu egin behar zen, herria era batera edo bestera zehazteak ondorio politikoak baitzituen. Subjektu berria mugatzen zuten errelatoak estrategia politikoak ziren, finean. Herri soberanoa eta nazioa berdinduz, momentu historiko horri erantzun zion nazionalismoaren sorrerak. Marxismoak ere gauza bera egin zuen, burujabea langile klasea zela esaterakoan. Orduz geroztik, burujabetzaren subjektuaren nolakotasunaz aritzea izan da teoria politikoaren egitekorik garrantzitsuenetakoa.

XVIII. mende bukaeran, Frantziako kolonia zen Haitin, bertako esklabo beltzek, liberté, égalite eta fraternité oihukatuz iraultza egin zioten arraza zuriko Frantzia iraultzaileari. Frantziako herritarrek (gizonek), iraultzaren bidez, subirautza monarkiatik herrira (burgesiara praktikan) eraman zuten modu berean, Haitiko esklaboek, ekintzaren bidez, zurien eskuetatik gehiengoa ziren esklaboengana pasa zuten soberania. Garesti ordaindu zuten beraien ausardia.
Haitiko adibideak balio digu, oraindik ulertzea kosta egiten zaigun hori azaleratzeko: burujabetzaren ekintzarik gabe ez dago burujabetzaren subjekturik. Beste era batera esanda, nahiz eta errelato nazionalistak edo marxistak, adibidez, burujabetzaren subjektua, aldez aurretik, oso ondo zehazten saiatzen diren, burujabetza ekintza egiten ez den bitartean, ez da burujabetzaren subjekturik existituko. Burujabetzak ekintzaren dimentsioa ezinbestekoa du, hortaz. Zentzu horretan, burujabetzak badu Judith Butlerren performatibitatearen ideiatik asko.

2017ko URRIAREN LEHENEKO ADIBIDEA KATALUNIAN

Kapitalismoaren egungo aurpegia den neoliberalismoak bereizgarri nagusi bat du: herritarrei beraien bizitzen inguruan erabakitzeko aukera murrizten die. Soberania kentzen die, alegia. Horregatik, burujabetza eskuratzeko ekintzek talka egin beharko dute, gero eta sarriagotan, indarrean dagoen markoarekin eta, ondorioz, legediarekin. Soberania, gauzatu, legea hautsiz gauzatuko da nahi baino gehiagotan. Bai autodeterminazioari dagokionean, energiaren esparruari dagokionean, bizitza duinari dagokionean, lan baldintzei dagokienean…. (des)Obedientzia izango da subjektua (norbait) izateko baldintza.
Frédéric Grosek bere Désobéir liburuan dionez, desobeditzea norberak bere buruari edo kolektiboari obeditzea da. Horrela, desobedientziatzat hartzen ditugun ekintza asko, berez, autodeterminazio ekintzak lirateke; burujabetza ekintzak, alegia. Marina Garces ere, ideia beraren bueltan dabil, bere Ciutat Princesa liburuan, Urriaren 1eko referenduma desobedientzia ekintza bat beharrean, autodeterminazio ekintza bat izan zela dioenean. U1ean, Kataluniako herriaren zati zabal batek bere erabakitzeko ahalmena praktikara eraman zuen, hori egiteak indarrean zegoen legediaren kontra egin arren. Helburua ez zen Espainiako legea ez errespetatzea, norberaren erabakia aurrera ateratzea, baizik. Ñabardura honek badu bere garrantzia, desobedientzia egiten duen subjektua txikia eta kontrola erraza baita, autodeterminazioa praktikara eramaten duena, berriz, zabala eta kontrolagaitza.

Urriaren 1 eta ondorengo egunetan bizitakoa ezin daiteke azaldu ez unionismoaren instrumental teorikoarekin ezta ordura arte independentismoak erabilitakoarekin ere. Mediazio egitura independentistek kontrolatu gabeko burujabetza ekintza izan zen eta, horregatik, independentismoak zeukan kristalezko sabaia apurtu zuen. Alderdien mugak gainditu zituen ekintza hark subjektu burujabe berriaren ernamuina erakutsi zuen. Bizi dugun testuinguruan, independentismo garaile batek beharko lukeen subjektuaren ernamuina, alegia. Hala ere, U1eko autodeterminazio ekintzak burujabetzaren subjektua berritu eta indartu arren, burujabetza ekintza berriekin elikatzen jarraitu ez denez, independentismoa U1 baino lehenagoko egoerara itzuli da.
Euskal Herria ere, ez dago burujabetza zentroan jartzen duen mundu mailako ezkerraren joeratik at. Hala ere, orain dela urte gutxi hegemonia kontzeptuarekin egin genuen moduan, orain burujabetzaren kontzeptua fetitxizatu dugula uste dut. Ondorioz, fetitxe guztiekin gertatzen den moduan, bere magia galdu ez dezan, eskura ezina behar du izan; hau da, zehaztu gabea. Horregatik, ekintza konkreturik aipatu gabe, burujabetza kontzeptua darabilgu helburu politiko eta ekintza konkretuen lokatzetatik aske, burujabetzaren alde gaudela adierazte hutsak jendea erakartzen lagunduko digulakoan.

EKINTZA ZEHATZAK BEHAR DIRA

Behin hona iritsita, gomendagarria da Ernesto Laclauri zuzenean begiratzea, gurean ohikoegia den Iñigo Errejonen galbahetik pasatu gabe, alegia. Laclauk, unibertsalak nagusitasuna lortu duten partikularrak direla argitu zigun, aditzera emanez, unibertsal abstraktuen erabilera ez dela oso eraginkorra politika eraldatzaileentzat. Horrela, izen abizenik gabeko burujabetzaren aldeko aipamen eta aldarriek, ekintza konkreturik ez dakartenez beraiekin, ez dute polarizaziorik sortuko, ez dute jendea erakarriko, eta ekintzarik ez dagoenez, ez dute soberaniaren subjektua sortu edo indartuko. Laklauk adierazitakoari tiraka, sekuentziak alderantzizkoa izan beharko luke: lehenik ekintza konkretuak egoki seinalatu eta hauek  aurrera ateratzearekin bat indartu edo sortuko da soberaniaren subjektua; jendea ez baita burujabetzagatik abstraktuan mobilizatzen burujabetza ekintza konkretu bategatik, baizik.

Bastillara sartu zirenek, Haitiko lurjabeen etxeak erre zituztenek, sufragistek, Ikastolak sortu zituztenek, Granman ontziratu zirenek, Intsumituek, Bolibiako uraren pribatizazioaren kontra egin zutenek, Neguko jauregia hartu zutenek,  U1ean botatzera joan zirenek… egin zuten moduan, gaur egungo Euskal Herrian ere, burujabetzarako helburua mahaigaineratu (Euskal Errepublika) eta bertara iristeko ekintza konkretuak zehazteko garaia da. Argi baitago, bizi garen munduan, ekintza (des)obedienterik gabe ez dagoela burujabetzarik. Existentzia dugu jokoan, beraz.

La Revolución francesa es considerada un hito por trasladar la soberanía de la monarquía al pueblo. El pueblo que la Revolución francesa empoderó era masculino, blanco y burgués pero, a pesar de ello, también sirvió para abrir el camino para que otros sectores de la población tomaran conciencia y emprendieran el camino de la soberanía. Todas estas experiencias nos sirven para darnos cuenta de que el sujeto de la soberanía se forma una vez realicemos un acto concreto de la soberanía. La soberanía en abstracto no polariza ni moviliza, surge en actos concretos.
El acto de soberanía, en el contexto neoliberal que vivimos, muchas veces se tendrá que llevar a cabo no respetando la ley que está en vigor. Pero no hay que plantearlo como un acto de desobediencia, sino como un acto de obediencia al colectivo propio. Es decir, como un acto de autodeterminación. El sujeto de la desobediencia es reducido y fácil de controlar por el status quo neoliberal. El sujeto que lleva a la práctica la soberanía, en cambio, puede ser amplio, y es difícil de neutralizar.