Digitalizazioa, orain dela 240 urteko borroka

Kultura IVÁN GIMÉNEZ

Ned Ludd behargin britainiarrak digitalizazioak langileoi ekartzen digun arriskua susmatu zuen 1779n. Ehungintzarako makina berri batzuk apurtu zituen lanpostuak suntsitzen zituztelakoan, eta mugimendu bat sortu zen horren ondorioz: ludismoa (eta luditak ziren bere jarraitzaileak). Jakina, orain dela 240 urte ez zekiten digitalizazioa zer izango zen, baina teknologia mehatxu bezala ikusten zuten. Hurrengo hamarkadetan, langileen ikuspegia aldatzen joan zen: teknologia geldiezina bazen, nola bihurtu aliatua eta ez mehatxua?

Orduko lantegietan eta meategietan, gizon, emakume eta umeen lan jardunaldiak 16 bat ordukoak ziren, baina 1919n, Espainiako Estatuan 8 orduko jardunaldia legez finkatu zen, Bartzelonako ‘La Canadiense’ren greba ospetsuaren ondorioz.

Orduko langileek ikusi zuten enpresen produktibitatea nola handitzen zen teknologiari esker, eta horren ondorioz gero eta eskulan gutxiago behar zuten. Nola jokatu? Ba produktibitatearen handitze hori banatzen, etekin osoa enpresen eskuetara joan ez zedin. Beraz, “eskulan txikiago behar bada, lanordu gutxiago lan egingo dugula” pentsatu zuten, eta “produktibitatea handiago horren parte bat gure soldatetara joango da, ordu gutxiago lan egiten badugu ere”. Hori
ikusi zuten 1919ko langileek. Ordutik mende oso bat joan zaigu aurrerapausorik egin gabe, lanaldi murrizketari dagokionez behintzat.

Teknologia, betikoen onurako

Ehun urte hauetan, mekanizazioa (fordismoa, toyotismoa eta abar), robotika, logistika, industria 2, 3 eta 4.0 eta digitalizazioa etorri dira, eta aurrerapenak ez dira horretan geldituko. Kapitalak beti aurkitzen du etekinak handitzeko modua, beti ere langileen baldintzak murrizten, baina
ere teknologia bere onurako erabiltzen. Ez dute digitalizazioa inposatzen denon bizitza hobetzeko, baizik eta betiko poltsikoak aberasteko, orain dela 200 eta 100 urte egiten zuten bezala.

Gauzak horrela, XIX. mendeko luditen jokaerak (makinak suntsitzea, digitalizazioa gelditzeko ahaleginak...) ez du gure arazoak konponduko. Agian, ez dugu ezer berririk asmatu behar, baizik eta langile mugimenduen irakaspen historikoak eguneratu: sortzen den aberastasuna (gero eta handiago, gero eta eskulan gutxiago erabiltzen) hobeto banatu behar da. Lan kopuru berdina ordu eta jende gutxiagorekin egiten bada, lanaldi motzagoen alde borrokatu behar dugu, ezinbestean. Honen harira, despistatuentzako irakurri beharrekoa: ‘Nagikeriaren laudoria’, Paul Lafargue (Elogio de la pereza).