“Instituzio publikoen gazeta bat bihurtu gara”

Juan Luis Korta, Ana Arbulu eta Miren Josu Arrazola EITBko langileak dira; gainera ELAk bertan dituen ordezkariak ere badira. Urteak daramate EITBn lanean, eta lehen eskutik ezagutzen dute bere egoera. Kezkatuta daude, zuzendaritzak euskal irrati-telebistarako estrategiarik ez duela uste dutelako.

“Sakoneko arazoa da ez dagoela EITBrako plan estrategikorik. Zein nolako irrati-telebista publikoa nahi dugu? Ez dago galdera horri erantzuteko plan estrategikorik, egunean eguneko kudeaketa dago. Soilik epe motzera kudeatzen da, une horretan agintean dagoenaren interesei begira. Sakoneko arazoa politikoa da. Eta ez gara soilik uneotan agintean dagoen alderdiaz ari, oposizioan daudenak ere ez dute epe luzeko plan estrategikorik. Inork ez du esaten zer nahi duten izatea EITB, soilik partxeak jartzen dituzte”.
EITBko langileek lehen eskutik sufritzen dituzte kudeaketa txar honen ondorioak. Urtez urte murrizten doa Eusko Jaurlaritzaren inbertsio publikoa, eta horrek ondorio oso larriak ditu, bai langileen lan eta bizi baldintzetan eta bai zerbitzu publiko honen kalitatean ere. Inbertsio faltak eta zuzendaritzaren kudeaketa txarrak enpleguan galera handia eragin du. Plantilla etengabe murriztu da azken urteetan: Eusko Irratian 2011tik hona 30 langile gutxiago daude; Radio Vitorian murrizketak plantillaren %25etik gora eraman du aurretik; erakundean ere plantilla %20tik gora murriztu dute...
“Dugun arazo nagusia langile-kopuruaren neurria da. Kalitatezko zerbitzu publiko independentea bermatzeko ezinbestekoa da plantilla zabal eta anitza izatea, eta gaur egun oso urrun gaude egoera horretatik. Zuzendaritzak zerbitzuak pribatizatzea eta saioak kanporatzea erabaki du. ETB2n adibidez, Teleberria kenduta, gaurkotasun informatiboko saioak ekoiztetxe pribatuen esku daude. Ekoiztetxe horiek EITBko langileak, azpiegiturak eta bitarteko materialak erabili ohi dituzte, era irregularrean. Honen adibide dira, adibidez, En Jake, Qué me estás contando, Está pasando, 360 grados eta gisa honetako saioak. Onartezina da En Jake edo 360 grados produktore zehatz bati eman izana eta programa horiek EITB langileek ez egitea”.

Klientelismo onartezina
Zerbitzu publiko honen langileek egin beharko lituzketen egiturazko lanak kanpoko produktoreetara eramatea pagotxa da zuzendaritzarentzat; ez ordea kalitatezko informazio zerbitzu bat eskaini nahi dutenentzat. “Batetik ekoiztetxeak aukeratzeko orduan dagoen klientelismoa agerikoa da, agintean dagoen gobernuaren arabera honi edo hari kanporatzen zaizkio lanak. Eta, bestalde, horrela langileen lan-baldintzen inguruko kontrol oro saihesten dute. Horrelako praxi klientelarrak onartezinak dira, besteak beste langileak hautatzeko irizpide publiko oro saihesten duzulako”.
Honek guztiak eguneroko lanean dituen ondorioez hausnartzen dute ELAko ordezkariek. “Langile falta izugarria da, eta horregatik egunerokotasunak jan egiten gaitu. Albistegietan, esaterako, ez ditugu kalitatezko kazetaritza bat egiteko beharrezkoak diren oinarrizko baldintza asko. Adibidez, informazioak kontrastatu edo sakontzeko, gai propioak jorratzeko, ikuspegi ezberdinen inguruan pentsatzeko... Ez daukagu pentsatzeko astirik. Agerraldi batera edo bitara zoaz, kubritzen duzu, bideoa eta informazioa editatzen duzu eta aurrera. Eguneroko zurrunbiloak harrapatzen zaitu. Gainera, zerbitzu gehienak kanpoko produktoretara bideratzen direnez, lanean nolabaiteko garapen bat izateko edo gauza berriak lantzeko ateak ixten zaizkizu, proiektu honekiko enpatia eta inplikazioa oztopatuz. Hau da, lanean beti berdina egiten baduzu, azkenean, ba...”


Informazio instituzionala nagusi
Hedabide publikoak ezinbestekoak dira herri baten garapenerako. Eta ez dago kalitatezko zerbitzu bat eskaintzerik herritarren interesei bideratutako oinarrizko pluraltasunik gabe. Zoritxarrez, urrun ikusten dute egungo eredua helburu horietatik. “Erakunde askok deitzen dute eta esaten digute holako edo halako agerraldi publikoa egin nahi dutela. Eta askotan erantzun bera eman beharrean gaude: ‘sentitzen dugu, baina ez dugu modurik inor bidaltzeko zuen ekitaldira’. Erakunde horiek kasu askotan gizarteko sektore ahulenen ordezkari dira, eta era honetan euren ahotsa isilarazi egiten da. Jende horri, erakunde horiei, ez zaie inolako estaldura komunikatiborik eskaintzen. Ordea, erakunde publikoen informazio instituzionala lehenesten da. Instituzio publikoek egunero dute ekimen edo agerraldi publikoren bat, eta horiei lehentasuna ematean ezinezkoa da hedabide publiko batek eskaini beharreko pluraltasun eta ekitate soziala bermatzea”.
Informazioa eta gaurkotasuna lantzen duten programak kanpoko produktoreen esku uzteak horretan sakontzen laguntzen du. “Gisa honetan, irrati-telebista publiko batek izan beharko lukeen independentziaren eta pluraltasunaren gaineko kontrolaren inguruko erantzukizuna saihesten duzu. Dena den, ekoiztetxe horien arduradunak ez dira inozoak, eta alderdi politiko ezberdinak eroso egongo diren sistema bat garatu dute. Nola? Oso erraza. Ordezkaritza politikoa duten espektro ezberdinetako ordezkariei deitzen zaie. Gero eurek tertulia-kide edo ordezkari bat aukeratzen dute bertan egoteko. Nolabait esatearren, alderdi bakoitzak bere kuota du. ELAren kasuan, edo gurea bezalako erakundeen kasuan, ‘aitabitxi’ edo ‘amabitxi’ politikorik ez dugunez, parte-hartzeko aukera orotik kanpo geratzen gera”.
“Badirudi alderdi ezberdinak eroso daudela sistema honekin. Argi dago hedabide publikoak pluralak izan behar direla, baina pluraltasunak ez du esan nahi parlamentuaren isla izan behar duenik. Aipatzen ari garen programa horiek tertulianoz eta hautetsiez beteta daude, baina pertsona horien presentzia atxikipen alderdikoi zorrotzak besterik ez dira. Hedabide publiko batek jendarte osoari presentzia eta sarbidea eman behar dio, bereziki gizarte-mugimenduak edo normalean ahotsik ez duten horiek ere zainduz”.

 

Muchas veces llaman de organizaciones sociales o colectivos comentado que tienen pensado realizar un determinado acto o comparecencia. Y como no hay suficiente personal la respuesta casi siempre es la misma: ‘no tenemos a nadie que pueda cubrir el tema’. Esas organizaciones muchas veces representan a los colectivos más débiles de la sociedad, gente que no tiene voz. En cambio, prima la información institucional; se le da total prioridad a cubrir todo lo que organizan las instituciones. Así es imposible garantizar la pluralidad y la equidad social.


Euskara sustatzea helburu
Estaturik gabeko nazioa da Euskal Herria. Eta, bertan, bi hizkuntza hegemoniko daude: gaztelera eta frantsesa. Euskara, berriz, hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du; EITBk ardura handia du hortaz gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan. “Zuzendaritzatik ahalegin handiagoa egin beharko litzateke euskarazko kateen zabalkundean. Aurrekontuen kudeaketa nahiko iluna da, baina begi-bistakoa da gaztelerazko kateari askoz ere baliabide gehiago bideratzen zaizkiola. Irratian apurka-apurka egoera zuzentzen ari da eta ez dago horrenbesteko alderik. Ziurrenik zerikusi handia izango du bertako ekoizpenaren gehiengo osoa etxeko langileek egiten dugula, hau da, ez dugula produktorarik programazioa betetzeko”.
Euskararen aldeko benetako apusturik ez egitea leporatzen diote zuzendaritzari ELAko ordezkariek. “Audientziei erreparatzen badiegu, segituan ikusten da kalitatezko saioak eta emankizunak daudenean ETB1ek ikusle asko biltzen dituela. Zorionez badira gaueko ordutegian, prime-time deitzen den horretan, kalitatezko hainbat programa: Ur Handitan, Herri txiki infernu handi edo Euskalonski honen adibide dira, besteak beste. Irratiari dagokienez ere euskarazko irratiek egunero milaka entzule dituzte, datuak onak dira. Hortaz, ateratzen dugun ondorioa hau da: euskaraz kalitatezko produktu bat eskaintzen baduzu jendeak erantzun egiten du”.
“Arazoa da ez dagoela adina baliabide kalitatezko produktu gehiago ekoiztu ahal izateko. Euskarazko telebista kateetan programazioaren zenbait ordu galdutzat eman dira ETB1ean. Hori ez da pasatzen ETB2n. Adibidez, ETB1 goizeko ordu askotan programak errepikatzera mugatzen da. Eta kasu askotan ez programa berriak, urte asko dituzten saioak baizik”.
Bi kate, bi ikuspegi. Bi dira ETBk dituen telebista kate nagusiak: ETB1 eta ETB2. Lehenengoa euskara hutsean da; bigarrena, gazteleraz. Horrek gauzak asko baldintzatzen dituela diote Kortak, Arbuluk eta Arrazolak. “Denok ezagutzen dugu gure herriaren errealitate-soziolinguistikoa. Soberan dago esatea ETB2k ETB1ek baina askoz ikusle gehiago dituela. Hori dela-eta, zuzendaritzaren arreta eta kontrola gaztelerazko katean oinarritzen da, nagusiki. Euskaraz esaten denaren inguruko ‘kontrola’ malguagoa da. Horrek ahalbidetzen du euskarazko saioetan ziurrenik gazteleraz ezin esango liratekeen gauzak esatera, edo, gutxienez, gazteleraz harrabotsa handia eragingo luketen ikuspuntuak zabaltzea. Horregatik, ETB1 edo ETB2 ikusten baduzu bi herrialde ezberdinen inguruan ari garela ematen du. Eta, irratian, gauza bera: Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko editoreen perfila zeharo ezberdina da kasu batzuetan”.