Errealismoa

Iritzia Iban Zaldua, irakaslea eta idazlea

 

Saiatuko naiz, EAJk eta PSEk osatutako gobernu berriari egingo nizkiokeen eskakizunei begira, ahalik eta errealistena izaten, adjektibo ezain horrek daukan etsipen karga guztiaz jakitun eta kontziente, beraz. Hots, berrogeita hamakoxkako herritar zaharruno eta burgestu bati dagokion bezala, ez dut planteatuko baserriak biltzea eta haiekin kolkhozak eratzea, ezta lantegi handien nazionalizazioa ere, ezta bankaren inbertsioen kontrola ere administrazioaren aldetik. Ezta, zer esanik ez, independentzia edo autodeterminazioa ere: EAEra mugatuko naiz, eta jokatuko dut gure gobernuak gauzak egiteko ahalmenik edukiko balu bezala, hots, Espainiaren lurralde antolaera, nazionalitateei inoizko eta inongo autonomia maila altuena ematen dien nazioen nazio etab. etab. hori benetan federala edo are konfederala izango balitz bezala (bai, IMO, covid-19aren krisiak, Legioaren ahuntza eta guzti, berretsi duen moduan).

PUBLIKOTASUNAREN DEFENTSA

Eta abiatzeko bururatzen zaidan lehentasuna publikotasunaren defentsa izango litzateke. Batzuek esango dute pandemiaren krisiak argi utzi duen kontu nagusienetako bat dela hauxe, baina nik gehituko nuke ez genuela inolako gaixotasunaren beharrik arazoaz jabetzeko, aurreko beheraldi ekonomikoak, 2008an hasitakoak, oso argi utzi zuelako hari emandako erantzun austerizida horixe zela, etorkizunerako arazoak ereitea.

Aparatu publikoaren defentsa eta indartze horretan, zer esanik ez, osasuna lehen planoan egon beharko litzateke: ustelkeriaren susmo guztiak eta medikuntza pribatuaren enpresa-sektoretik iritsitako kudeatzaileak albo batera utzita, lehen mailako arreta berrindartu beharko litzateke, pandemiaren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak ondo finkatu ondoren. Horrek urte luzeetako higadurari buelta ematea ekarri beharko luke, alor hori aspaldi dagoelako gainbeheran –erabiltzaile bezala ondo dakit: medikuak egiten ari diren lan eskerga goraipatuta ere, ez ditut pairatu behar izan telefono bitartezko iruzurrezko kontsultak gainbehera horretaz ohartzeko–.

Hezkuntza publikoak ere lehentasuna izan beharko luke gobernu berriarentzat, hala covid-19aren testuinguruak aurkezten dituen gabeziak konpontzeko orduan, nola orokorrean. Urte askotan zehar eskola kontzertatuarekin mahuka zabalegia eduki ondoren, bada ordua Jaurlaritza bere sareaz arduratzen hasteko eta haren benetako patronal bat bezala jokatzen hasteko. Azken urteotan gure herri eta auzoetan metatutako segregazioari erabakitasunez hasi beharko litzaioke aurre egiten, behingoz: denbora aski galdu dugu jada. Unibertsitate publikoaren finantzazioaren indartzea, hots, eskailera sozialaren martxari hobekien eusten dionarena, agendan egon beharko litzateke, orobat.

“La educación pública, al igual que la sanidad pública, debería ser una prioridad para el nuevo gobierno: después de muchos años de tener una manga demasiado ancha con la escuela concertada, es hora de que el Gobierno empiece a ocuparse adecuadamente de su red”.

Horretarako, zalantzarik ez, ogasun sendoago bat behar da, birbanaketa izpiritu berrituarekin, eta, ondorioz, zerga sistema progresiboago bat ezartzeko gai izan beharko litzatekeena, inguruko lehiak eta dumping fiskalak permititzen duten neurrian behintzat. Hots, beherapen fiskalak agendatik at geratu beharko lirateke, printzipioz eta gutxienez.

Industrializazio eredu berri baten alde arraun egin beharko luke, halaber, gobernu berriak, hots, eskema ekonomiko konplexuago baten alde, zeinetan I+Gak sustapen handiagoa bereganatuko bailuke, produkzio modu ekologikoki orekatuagoen alde egingo bailitzatekeen (CO2ren isurketak murrizteak lehentasun absolutua beharko luke), eta ekarpen benetan produktiborik egiten ez duten adarrak, industria militarra esaterako, birmoldatzen eta zibilizatzen hasi beharko bailirateke behingoz. Horrekin batera turismo sektorearen bultzadarekiko obsesioa apaldu beharko litzateke, apustu eginez produktibitate eta formazio maila altuagoa eskatzen duten zerbitzuen sektore baten alde, aipatu industria berriarekin, trantsizio ekologikoarekin eta gizarte-zaintzaren alorrekin lotuagoa alegia.

ETXEBIZITZA POLITIKA BERRI BAT

Etxebizitza politika berri bat ere eskatuko nuke, ez hainbeste, edo ez halabeharrez, urte oparoetan gertatu bezala, higiezinen parkea etengabe zabaltzera bideratuta, baizik eta EAEk jadanik eraikita daukanaren probetxua optimizatzera, etxebizitza hutsak zamatuz, alokairuen gaineko kontrola areagotuz, eta etxegabetzeei aurre eginez. Eta alor horretako ekimen herrikoiekiko (adibidez, hutsik zeuden eraikin okupatuekiko) kolaborazio politiken aukerak ikertuz, aurkakotasunezkoak baino. Alderdi sozialean ere, eta eskumenek baimentzen duten neurrian, EAEko prezioen mailara egokitutako erretiro eta bizitzeko gutxieneko errenten politika ausartagoak bultzatzeko ardura izan beharko luke gobernu berriak. Eta, hau ere eskumenen gainetikoa izan badaiteke ere, 2019an berretsi zen Immigraziorako Gizarte Itunaren ildotik, Europak bere mugetan praktikatzen duen nekropolitikaren aurkako urrats praktikoak emateko eskatuko nioke gobernu koalizioari. Eta egin dezala hori guztia, besteak beste, feminismo garaikideek eskaintzen duten talaiatik, alor bat zeinetan, bide batez esanda, Jaurlaritza berriak urrats sinboliko nabarmenak eman ahal izango bailituzkeen Irun eta Hondarribiko alarde matxisten auziaren konponketan laguntzeko (Emakunderen kategoria instituzionalaren jaitsiera ez da, alde horretatik, seinale ona…).

KULTURAREN ALDEKO APUSTUA

Kulturaren aldeko apustua pandemiak agerian ipini duen beste premia bat da, nahiz eta sektore horren prekarizazioa (kulturgileeen ‘klase ertaina’ delakoaren pobretze orokorrarekin) aspaldiko kontua den, orobat. Azpiegitura handien aroa bukatutzat eman behar da, eta mikroproiektuen aldekoari ekin, edukiez betetzeko hiri eta herri mailako kultur etxe, biblioteka, antzoki, museo, areto eta bestelako esparru kultural fisikoak. Testuinguru horretan, zer esanik ez, hizkuntza gutxituan, euskaraz garatzen diren ekimenek izan beharko lukete lehentasuna (ETB1etik hasita, adibidez), eta aro digital jadanik ez horren berriaren munduekin lotutako proiektuek.

Memoria historikoaren inguruko politika aktibo bat eskatuko nioke, orobat, gobernu berriari, betiere ikuspegien pluraltasunetik abiatuta, eta zentratuta, alde batetik, Gerra Zibilaren eta frankismoaren aroan, eta, bestetik, euskal gatazka garaikidean. Bigarren horretan, zalantzarik gabe, estatu aparatuen krimenen papera azpimarratu beharko litzateke (paramilitarrenak, askotariko poliziek eragindakoak, tortura…), estatu zentralak halakoei ezikusia egiteko duen joera orekatze aldera. Baina betiere, historiaren orrialdea bizkorregi pasatzeko tentazio usu presenteegiaren aurrean, ETAk eta bere inguruak gatazkan izan zuten erantzukizun nagusiaren perspektiba galdu gabe.

Planteatzen dudana, maila sozioekonomikoan, ez doa, ohartuko zinetenez, II. Mundu Gerraren ostean nagusitu zen kudeaketa keynestarraren eta ongizate estatuaren eraikuntzaren printzipioetatik harago, hazkunde etengabearen fetitxea abandonatuta, hori bai (AHTa eta antzeko azpiegitura faraonikoen alorrean atzerapauso nabarmenak eman beharko lirateke, alde horretatik), eta egungo globalizazioak ezartzen dituen erronkak eta mugak gogoan hartuta. Hots, erro historiko demokristau eta sozialistak bide dituzten gobernuko partiduek onartzeko erraz samarra izan beharko litzatekeen zerbait.

Baina ez dakit, azken batean, nahikoa errealista izaten ari naizen…   

Un gobierno producto de un pacto entre dos partidos de raíces democristianas y socialdemócratas debería ser capaz de asumir un programa “realista” como el que se presenta aquí, de raíces keynesianas (aunque sin caer en el fetiche del crecimiento económico continuo, y teniendo siempre en cuenta los límites que impone la globalización), y que se centraría en una apuesta por lo público, la progresividad fiscal, la inversión en I+D, las políticas sociales, el impulso a la cultura y la memoria histórica, así como en el abandono de la quimera del turismo, los macroproyectos en infraestructuras y el apoyo a la construcción de la necroEuropa.