Eta bihar, langabezian berriro, hurrengo kontratua lortu arte? Kontsolidazioa!

Kultura IVÁN GIMÉNEZ

Betidanik enpresarioak (jornalariak esplotatzen zituen latifundista, industria teknologiko bateko burua zein bekadunak kontratatzen dituen ugazaba) aldi baterako enpleguaz baliatu izan dira soldatak jaisteko (“hau maite ez baduzu, hor kanpoan jendea errenkadan zain dago hemen lan egiteko”) eta botere handiagoa izateko, zor zaiona erreklamatu edo sindikatu batera joz gero enplegua galtzeko beldurrez dagoen langilearen aurrean.
Azken 40 urteetako lan erreformek aldi baterako enplegua sustatu dute (kontratu mota gehiago, eskakizun gutxiago –edo bat ere ez–, gero eta jende gehiago prekarietatean izateko...), eta enpresek ondo asko probestu dute. Baina kontuz, are hobeto baliatu baitute herri-administrazioek, Estatutik hasi eta udaletaraino, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Aldundiek bezalaxe. Izan ere, gaur Hego Euskal Herrian 70.000 lagun zerbitzu publikoetan prekarioan ari dira lanean: arlo horretako %40 inguru, hots, ia ekonomia pribatuan halako bi (eta osasungintzan zein hezkuntzan, %50 inguru). Beraz, euskal administrazioak Aldi Baterako Laneko Enpresarik handienak dira.
Festa hau asko luzatu da, europar auzitegiek ebatzi duten arte portzentaje horren atzean abusuzko kontratazioa zegoela (lege-iruzurra), eta Espainiako Auzitegi Gorenak gehienezko muga 3 urtetan kokatu du: epe horretatik gora lanpostu horretan dagoena finkoa izango da. Soilik orduan –eta ELAk bultzatutako mobilizazio eta greba askoren ondoren– hasi da Madrilgo gobernua proposamenak egiten (euskal administrazioen babes isil edo irekiarekin); guztiak ere etor daitezkeen zigorrak edo kontrako epaiak saiheste aldera. Asmoa ez da inola ere zerbitzu publikoak indartzea edo arlo honetako prekarietatea jaitsiaraztea. Bestalde, lanpostu berean 10 urte daramaten pertsonak kontsolidatzeko neurriak ez luke ia eragin praktikorik izango: osasungintza eta hezkuntzako (langile gehien dituzten bi sektoreak) txandakatze-maila hain da handia, ia inork ez duela hainbeste denbora lanpostu berean.
Badago alternatibarik
Honen aurrean irtenbide bakarra da politika hau luzaz pairatu duen jendea kontsolidatzea: ziurtasunik gabeko urteen buruan ezin dira lanik gabe geratu. Gainera, Igor Eizagirre ELA-Gizalaneko idazkari nagusiak dioen bezala, “enplegu publikoa kontsolidatuta, zerbitzuak pribatizatzeko aukera galarazten duzu”; hauxe baita administrazio guztien ezkutuko helburua, beti ere langileen eta zerbitzuaren kalitatearen kalterako. Hau da, lantaldea kontsolidatuz gero arlo publikoa ere indartu egingo da, eta badira hau lortzeko formulak:


  • Eremu bakoitzean kontsolidaziorako hautapen-prozesuak negoziatzea, behin-behinekotasunaren gaitza gehien pairatzen ari diren pertsonek enplegua berma dezaten eta, horrela, pribatizazioari atea itxi dakion.

  • Aldi baterako kontratuetan halako abusurik berriz gerta ez dadin bermatzeko neurriak; zigor eta zehapenak hori betetzen ez duten administrazoentzat. berriz gerta ez dadin bermatzeko neurriak; zigor eta zehapenak hori betetzen ez duten administrazoentzat.

Denbora badoa… Tiki-taka, tiki-taka...