Euskara eta lan mundua: bada etorkizunik!

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, bigarrenez, Euskaraldia dator, eta urtean zehar euskararen aldeko lana eta militantzia berrindartuko dugu. Sindikatuon esparrura ekarrita, argi dago hizkuntza-eskubidea langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen dela: Euskal Herrian langile guztiek eduki beharko lukete Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko eta ikasteko eskubidea, lan-jarduna eta lanbidea euskaraz garatzekoa, eta lan-harremanak euskaraz burutzekoa. Kapitalismoak bultzatzen duen kultura homogeneizazioari aurre egiteko modua ere badelako.

Zentzu horretan, eta krisi honen aurrean, langileok aldaketa-motorra izan behar dugu, eta horretarako, ELAk (LABekin eta Kontseiluarekin batera) proposamen zehatza plazaratzen du:

Negoziazio kolektiboaren esparruan, Confebaski eta CEN, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari, proposatzen diegu 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak garatuko direla jasotzen duen akordio interprofesionala hitzartzea.

EAEko ehun enpresatatik bakarrak du euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat garatuta. Beraz, EAEn 138.000 enpresa daude euskararen erabilera normalizatzeko inolako planik edo garapenik gabe. Hamarretik bederatzi. Nafarroan are gehiago dira. %0,7k bakarrik dute euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat.

Tamainari begiratuz gero, neurri txikiko enpresak dira gehienak. EAEn 2.000 batek gainditzen dute 50 langileen langa.

Uste dugu badela garaia eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko eta, beste gai batzuetan gertatzen den bezala, gai honetan ere enpresa guztiek gizarte erantzukizunez jokatzeko. Guztiz zilegi eta egingarria delako.

Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak ere babesa eman behar dute: besteak beste, plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoak bideratuz. Are gehiago Jaurlaritza osatu berri den honetan, eta Nafarroako Gobernuak Nafarroa Suspertu plana abian jarri duen unean.

Oso sinple esanda: gure egunerokoaren zati handi bat lanean igarotzen dugulako, eta ondorioz, gure hizkuntza-praktikak eta -eskubideak baldintzatzen dituen esparrua delako. Langile gisa, lan-harremanak euskaraz izateko eskubidea dugulako langile orok. Lan mundua euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da, eta langileen duintasuna eta eskubide guztiak bermatu ahal izateko espazioa ere bada.