Greba orokorra, politikaren erdigunean

Enpresak hustu eta kaleak betetzea zen urtarrilaren 30eko greba orokorraren helburua. Milaka lagun irten ziren kalera pentsio, lan baldintza eta bizitza duinak aldarrikatzeko. Bada, helburu hori bete zen. Bilbon 50.000tik gora lagunen aurrean (eguerdiko beste mobilizazioak batuta 145.000 pertsona bildu ziren guztira) ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan zuen moduan, “greba orokorrarekin hautsi dugu isiltasuna, greba delako aktibazio sozialerako tresna kolektiborik egokiena”.
Erasoa jo dugu; funtsean borroka bera diren borrokek bat egin zuten eta urtarrilaren 30ean guztiak kalean elkartu ziren: “Plaza eta auzoak okupatzen ez baditugu, azkenean eskuin muturrak hartzen baititu. Gure indarra kalean datza. Soilik kaletik eta mobilizatuz urratuko ditugu jendarte justuago batera eramango gaituzten bideak. Herri hau bizirik dago, eta jendeak mundu hobea eraiki nahi du”.
Greba orokorrak mezu argia igorri zien EAEko eta Nafarroako gobernuetako buruei, Iñigo Urkullu eta Maria Chiviteri: “Jende xeheak arazoak ditu. Eta arazo horiek izena dute: pentsio kaxkarrak, prekaritatea, soldata arrakala, etxebizitza... Arazo horiek ezin dira agenda politikotik kanpo geratu. Horretarako herri honi begira jarri behar dira, hemen gaudenoi entzun eta aldarrikapenak aintzat hartu. Beste politika bat, beste eredu sozial bat behar da. Baina horretarako, agintzen duenak ezin du jarraitu mundua ikusten soilik patronalaren betaurrekoak jarrita”.
Lakuntzak nabarmendu zuenez, greba orokorra ez zen helmuga izan, abiapuntu baizik: “Bihar are indar handiagoz segituko dugu: pentsio publikoen alde, prekaritatea borrokatuz, enpresaz enpresa, sektorez sektore. Kalera ateratzen den jendea da herri honek duen hoberena”, eta hau urtarrilaren 30ean berriro frogatu zen.
Oraingoz, greba orokorrak politikaren erdigunean kokatu ditu langile klasearen arazoak eta herri mugimendu guztien aldarriak (feministak, pentsiodunak, klima aldaketaren kontrakoak, gazteak…). “Borroka ezberdinak elikatzen eta hauspotzen segituko dugu, egin nahi ditugun aldaketak gauzatu arte”.
Badaukagu jendea; bidea eta indarra ere bai.
Egunero lortzen ditugu garaipenak.
Urtarrilaren 30ekoa beste garaipen bat izan zen.