“Pailazoa izatea jarrera bat da bizitzan, aurpegia pintatuta ez baduzu ere”

Iker Galarza, Poxpolo, Gure Zirkua proiektuaren sortzailea

Iñaki Odriozola lagunarekin, Mokolo, egin zen ezagun Iker Galartza, Poxpolo. Biek Poxpolo, Mokolo eta Konpainia taldea osatu zuten Tolosa eta inguruko beste hainbat lagunekin. Iñaki 2009an hil zen, isuri baten ondorioz, baina Ikerrek eta bere lagunek aurrera jarraitu zuten, 2016ko urtarrilean agur esan zuten arte. Baina Iker Galartzak beste lan asko ere egin ditu. Besteak beste aktore lanak egin ditu antzerki eta telebista saio ezberdinetan, eta gidoilari ere izan da. Orain bere bizitzako ametsa betetzen ari da Gure Zirkuan. Pozik dago bertan, eta igartzen zaio.


-Nolakoa da Iker Galartza fokuetatik kanpo?
-Ba denak bezala. Familian bazkaldu eta gero sofan etzan eta 10 minutu egon ordez ordu erdi gustora egongo zen bat. Oso normala naiz. Nire afizioak gutxi disfrutatzen ditut: zinea, antzerkia… Zirkuan ez nagoenean ere, hiru ume ditut eta denbora dedikatu behar diet. Edozein gurasori gertatuko zaion bezala, batzuetan pentsatzen dut ea noiz haziko diren autonomoagoak izateko eta nik denbora libre gehiago izateko; baina gero iluntzean pentsatzen dut: ze txorakeri pentsatzen ari nintzen, hauek sagu txikiak bezala besoetan ditut eta hala izan nahi ditut.
Aitortu beharra daukat lanbide honek neke handia dakarrela, ez duzu deskonektatzen, honetarako bizi zara, burua beti duzu horretan. Beste lan asko badaezpada hartzen dituzu, telebistan kasu. Badaezpada, badaezpada… Badaezpadakoak ere hartzea tokatzen zait, baina bestela zirkuarekin zoriontsua izango nintzateke.
-Lan asko egin dituzu, zirkuarena amets bat betetzea izan al da?
-Ni hemen pozik ibiltzen naiz. Gaur non afalduko dugu, kamioian, ala bagoaz bokata bat hartzera herrira? Gero bagoaz beste herri batera, baina beti ilusioz. Bertaratu eta terrenoa neurtu karpa sartuko den jakiteko…
-Lan honek fruituak ematen dituela ikusten duzunean… zer da hori zuretzat?
-Dena da hori. Saio bat amaitzen dugun bakoitzean beti esaten dut: goazen denok kanpora jendeari eskertzera. Kanpora atera eta jendearen aurpegi alaiak ikustea… hori dena da. Ez dago hori emango dizun lanik. Telebistan edo zinean oso lan onak egin ditzakezu eta etxean dagoenak gozatuko du, baina hau beste gauza bat da, oso erreala da.
-Pailazoa zara, baina pailazoaren atzean pertsona dago. Batzuetan jendeak ez ditu bata eta bestea bereizten… Zer da pailazoa izatea?
-Pailazoa izatea jarrera bat da bizitzan, aurpegia pintatuta ez baduzu ere. Gauzak erlatibizatzen laguntzen dizu, zeure buruari rol hori ematen dio. Xumea eta polita den zerbait are zoragarriagoa ikusten laguntzen dizu. Jarrera positibo bat da, tristurarekin, bere egun on eta txarrekin, baina jarrera baikor bat da. Jendeak kaletik pailazoa bakarrik ikustea normala da, ez da ezer gertatzen, jendearekin hitz egin eta barre egiten duzu eta kito. Jende askok eskertzen dizu zurekin barre egiten duelako.
-Zer dauka Poxpolok eta zer Ikerrek?
-Poxpolo Ikerretik jaio zen eta Poxpolo Iker hazi den heinean hazi da. Poxpolok orain dela 20 urte esan zituenak entzutean neure buruaz pixka bat lotsatzen naiz, baina hemendik 20 urtera ere egun esaten ditudanez gertatuko zait. Poxpolo, izenak dioen bezala, pospolo baten modukoa da, segituan pizten da, argia da, edozeri punta aterako diona, behin ere isilduko ez dena. Poxpolori mugan aritzea gustatzen zaio, ondo dagoena eta gaizki dagoena zalantzan jartzea. Jendeari pika-pika ere egin behar zaio, ez naiz beti atsegina eta polita izango.
Ikerrek, ordea, gauza asko ezin ditu esan, batzuetan isildu beharra dauka. Peluka berdearekin eta sudur gorriarekin maitasun/gorroto harremana daukat. Umeek maite dute, beraz, janzten ditut. Bere garaian jantzi nuen, pare bat argazki atera eta orain ezin horiek gabe atera. Inoiz pelukarik gabe atera naiz, baina segituan esaten didate janzteko.