Hiltzaile isila

Milagros, Jesus Mari, Fernando, Zuhaitz eta Juan Karlosek urteetan lan egin dute amiantoa edo silizea bezalako produktuekin. Material horietatik sortzen den hautsak ondorio oso larriak ditu langileen osasunean. Hau da euren testigantza

Milagros Sarasola. Paisa (Errenteria)

“Urte askotan amiantoa zuen hautsa irentsi dut”

2010. urteko Donostiako Zinemaldian La Plaza de la Música dokumentala estreinatu zen. Juan Miguel Gutierrez zuzendariaren lanak minbiziaren ondorioz hil zen bere amaren istorioa kontatzen du. Heriotza gertatu eta urte-bete ingurura Juan Miguelek bere anaiaren dei bat jaso zuen: denbora gutxian euren txikitako etxe ondoan zegoen Paisa enpresako hiru langile amiantoak sortutako pleura minbiziaren erruz hil zirela jakin zuen, euren amak izandako minbizia mota bera. Gaia ikertzen hasi ziren, eta espezialista ezberdinekin hitz egin ostean segituan heldu ziren ondorio batetara: euren gurasoen etxeko balkoiak, egun Musikaren Plaza deitutakoan kokatua, Paisa fabrikaren xurgagailura jotzen zuen.
Milagros Sarasolak urte askotan Paisan egin du lan. Berak ere lehen eskutik ezagutzen ditu amiantoaren ondorio larriak. “Nire lana egiten ziren piezei bizarrak kendu eta akabera ematea zen, enbalatu ahal izateko. Bizitza guztia bertan egin dut lan; makina bat urtetan hauts ugari irentsi dut, eta horrek eragin dit gaitza”.

Milagros Sarasola: “Mi trabajo en Paisa consistía en rebarbar y pulir las piezas antes de embalarlas. Durante años tragué un montón de amianto, que ha generado mi enfermedad. Tengo los pulmones destrozados, al más mínimo esfuerzo me fatigo y ahogo”.

Amianto hitza lehen aldiz duela 14 urte inguru entzun zuela dio. “Hainbat bilera egin genituen, gaitza zer zen abisatu ziguten. Orduan jabetu ginen arazo honen larritasunaz. Garai hartan ondo sentitzen nintzen, neure burua ondo ikusten nuen. Duela zazpi bat urte, berriz, makal sentitzen hasi nintzen. Etxera oso nekatuta heltzen nintzen, esfortzu txikiekin ere ito egiten nintzen. Egun batean nire alabak hartu ninduen eta horrela ezin nuela jarraitu esan zidan.

Medikura joan ginen, eta probak egin zizkidaten: birikak lehertua ditut pleuraren eraginez”. Bizitza goitik behera aldatu zaio. “Bost minutu oinez jarraian ibiltzen naizenean nekatu egiten naiz. Lehen hamar minututan egiten nituen ibilbideak egiteko orain ordu erdi behar dut. Gainera gaitza ez da sendatzen; tratamendu bat dut, eta sintomak arindu daitezke, baina ez da sendatzen”.

Milagros Sarasolak epaitegietara eraman zuen bere kasua. Epaitegietan ibilbide luze bat egin eta gero akordioa lortu zuen enpresarekin. “Borroka hau ez nuen hasi kalte-ordain bat edo aitortza bat jasotzeko. Nire asmoa gaitz hau dutenak bidea errazagoa izatea izan da. Lankide asko ditut amiantoak kaltetuta.

Urte askotan enpresak ez zigun esan zerekin egiten genuen lan, ez eta zein neurri hartu behar genituen. Epaitegira jo genuen garrantzitsua iruditzen zitzaidalako gai honi ikusgarritasuna ematea, ezin dugu ezkutatu gertatu dena”.
Etxekoen inguruko esker hitz ugari ditu Milagrosek. “Asko lagundu didate”, aitortzen du. Enpresa eta epaitegietan izandako bideaz, berriz, ez du oroitzapen on askorik. “Enpresak ez digu barkamenik eskatu, eta ez digu gutxieneko aitortza bat egin. Epaitegietan, berriz, hoztasun handia sentitu dut. Batzuetan eskean zoazenaren sentsazioa izan dut. Epailearen helburu bakarra epaiketa lehenbailehen bukatzea zela zirudien, presa balu bezala”.

Juan Carlos Gonzalez Lasa. Marmoles Aztiria (Azpeitia)

“Silikosia atzeman arren mutuak ardura berean jarraitzea nahi zuen”

Juan Carlos Gonzalez Lasa Azpeitian jaio zen. Zuhaitz Alberdirekin Azpeitiko Marmoles Aztiria egiten du lan, eta urteetan sukaldeetarako marmolezko piezak egiten aritu izan dira.Juan Carlosek aitortzen duenez, tailerrean hasi zenean ez zekien silizea zer zen, ez eta bere ondorioak zeintzuk ziren. “2002. urtean silestone izeneko materialarekin hasi ginen lanean. Nik zuloak eskuz bukatzen nituen, eta hori egitean hauts asko irensten nuen. Horrela hainbat urtez. 2013an lana bukatu eta etxera lehertuta heltzen hasi nintzen. Egunero. Etxera heldu eta ez nuen ezertarako ez gogorik ez indarrik. Martxoa zen, eta medikuarenera jo nuen. Orduan birikan orban batzuk atzeman zizkidaten. Abenduan froga gehiago egin zizkidaten, eta medikuak lanean jarraitzeko esan zidan, hori bai, ‘maskara jarrita’. Neure burua ez nuen ondo ikusten, eta froga gehiago egitea erabaki nuen. Oviedora joan nintzen, bertan gisa honetako gaietan eskarmentu handia dutelako. Asturiasen meatzari asko dago, eta bertako pneumologoak ohituta daude gisa honetako arazoak lantzera. Ikusi ninduen neurologoak lehen minututik izan zuen argi: silikosia nuen”.

Juan Carlos González Lasa: “El neumólogo que me diagnóstico silicosis en Oviedo me dejó claro que no podía seguir trabajando. Sin embargo, la Mutua afirmó que podía continuar en mi trabajo; eso sí, con una máscara. La empresa, Mármoles Aztiria, me propuso otro puesto, pero en condiciones parecidas. Incluso el juez flipaba con el acuerdo al que llegaron la Mutua y la empresa”.

Enpresak hasieratik jarrera txarra izan zuen; horregatik epaitegietara jotzeko bidea hasi zuela aitortzen du. “Oviedon pneumologoak argi esan zidan nire egoeran ezin nuela bertan lanik egin. Mutuako medikuak, berriz, lanean jarraitzeko esan zidan, eta enpresak beste postu bat eskaini zidan, baina oso antzeko egoeran. Epaitegira jo genuen. 2015eko iraila zen, baina lehen epaiketaren bezperatan bertan behera geratu zen dena, enpresak eta mutuak akordioa lortu zutelako. Akordioarekin ez geunden ados, eta helegitea jarri genuen. Akordatzen naiz lehen epaiketa saioan epailea zur eta lur geratu zela enpresak egin zuen planteamenduarekin. Espero dut epaitegietako bide luze hau maiatza honetan amaitzea, eta ondo amaitzea ere”.

Orain Mendaroko baserrian igarotzen du eguna, lasai, bertako animaliak eta baratza zainduz. “Mendira joateko zaletasuna izan dut beti, baina orain ezin dut. Ito egiten naiz. Esfortzurik ezin dut egin, gorputzak ez dit erantzuten. Bizitza goitik behera aldatzen dizu gaitz honek. Eta pena dut enpresaren aldetik aitortzarik jaso ez izana. Barkamen modukoren bat esperoko nuke, baina oraingoz ez da heldu. Maiatzean azken epaia irabazi eta enpresa popatik hartzera bidaltzeko gogoa dut”.

Zuhaitz Alberdi: “Tras la muerte de nuestro compañero Iñaki la situación ha mejorado, pero todavía queda mucho por hacer. Los análisis técnicos realizados dejan claro que la tasa de silicio en nuestra empresa es muy alta todavía, por lo que no estamos seguros. Hemos aprendido muy tarde a trabajar en condiciones no óptimas, pero si mejores”.

Zuhaitz Alberdi Etxart. Marmoles Aztiria (Azpeitia)

“Asko dago hobetzeko lan osasunari dagokionez”

Zuhaitz Alberdi Etxart Zarautzen jaio zen orain dela 42 urte, eta egun bere lanpostuan jarraitzen du, sukalderako piezak egiten. Silizea hitza Marmoles Aztirian hasi aurretik entzuna zuen, eta meatzariek sufritzen duten gaitza bezala lotzen zuen. Jakin bazekien manipulatzen zuten materialek silizea tasa handia zutela, kasu batzuetan %90etik gorakoa.

“Nire lana sukaldeetako estalkiak muntatzea da. Neurriak hartu eta tailerrean piezak mozten genituen gero etxeetan sukaldeak muntatzeko. Beti erabiltzen genuen maskara, baina urteekin konturatu gara ez genuela erabilera zuzena egiten. Maskara soilik materialak mozteko orduan erabiltzen genuen. Gerora jakin izan dugunez hori ez da nahikoa. Izan ere, behin estalkia moztuta silizea hautsa airean geratzen da, nahiz eta norberak ez ikusi”.
Iñaki Zendoia lankide eta lagunak silikosia garatu eta gero hasi zen konturatzen arazoaren larritasunaz. Iñaki zumaiarra zen, muntatzailea ere, eta makina bat urtetan Zuhaitzekin eta Juan Carlosekin lan egindakoa. “Iñakiri birikan hainbat nodulu atzeman zizkioten urteetan zehar. Behin, nodulu batek itxura txarra zuela esan zion medikuak, eta birika zati bat kendu zioten. Pozik atera ziren medikuak ebakuntzatik, ondo atera zelako. Baina, handik denbora batetara, Iñaki ondoezik sentitzen hasi zen. Odolean gaitzaren arrastoak zituen, silikosia gorputzean zuenaren seinale. Metastasia gorputz osotik zabaldu zitzaion, eta hori izan zen bere amaieraren hasiera”.

Lankide eta lagunaren heriotzaren ostean enpresak neurriak hartu zituen, nahikoak izan ez arren. “Egia da orain hobeto egiten dugula lan. Berandu ikasi dugu lana ondo egiten, edo, gutxienez, hobeto. Orain ez dugu inoiz silizea duen materialik lehorrean manipulatzen, uretan baizik. Soilik tailerrean eta baldintza zehatz batzuetan mozten dugu... Iñakiren heriotza eta gero egoera hobetu da, baina ez pentsa seguru gaudenik. Azterketa teknikoek argi uzten dute oraindik ere silikosiaren presentzia gurean altua dela. Hobetu da, baina asko dago hobetzeko”.

Xabier Castaño: “Mi padre falleció, pero esta lucha la estamos haciendo por él. No buscamos ninguna indemnización, no hay compensación que nos devuelva a nuestro padre. Solo queremos que los trabajadores trabajen en condiciones dignas. La empresa, Fundiciones Joaquín Bereziartu, no ha hecho nada. Ni nos han pedido perdón, ni lo espero, ni lo quiero”.

Xabier Castaño Garcés, Fernando Castaño Rodriguezen semea. Fundiciones Joaquín Bereziartu (Legazpi) enpresako langile oiha

“Enpresak erakutsi duen jarrera eta gero ez dut euren barkamenik nahi”

Ondo oroitzen du Xabier Castaño Garcésk noiz entzun zuen silizea hitza lehen aldiz. 2010. urtea zen, eta bere aitari atzeman zioten gaitza. Une oso gogorra izan zela aitortzen du, ezagutzen ez duzun gaixotasun bati aurre egiteak beti beldurra ematen duelako. “Hasieratik argi izan genuen bere lanaren ondorioz garatutako gaitza zela. Aitak fundizioan egiten zuen lan, eta denak zeuden modu batean edo bestean silizearekin kontaktuan, baina bere zereginagatik, nire aita bereziki. Moldeak egiten zituen, eta moldea erortzean silizea guztia irensten zuen. 14 urterekin hasi zen lanean; pentsa zenbat silizea irentsi zuen...”

Gaitza 2010. urtean atzeman zioten, baina bere osasun egoera 2017an okertu zen nabarmen. “Arnasketa arazo handiekin hasi zen, ito egiten zen. Birikan nodulu bat zuen, eta oso denbora gutxian joan zen. Silikosia oso gaitz arriskutsua da. Urteetan izan dezakezu zure gorputzean atzeman gabe”.
Enpresarekin hitz egiten saiatu ziren, baina beti oso jarrera itxia izan duela dio Xabierrek. Horregatik jo zuten epaitegietara, oraindik zabalik dagoen bidea. “Nire aita ez dago, baina bere izenean ari gara borrokatzen. Ez dugu kalte-ordainik bilatzen, ez dago gure aita bueltatuko digun konpentsaziorik. Bilatzen dugun bakarra da beste inori ez gertatzea berari gertatu zaiona. Langileak baldintza onetan aritzea nahi dugu; onartezina da Osalanek txostenak ateratzea eta enpresak kasurik ez egitea”.

Joaquin Bereziartun aitak izan zituen lankideekiko esker hitzak ditu Xabierrek. Epaitegietan orain arte epailearen aitortza ere sentitu du. Baina samina igartzen zaio enpresaren jarreraren inguruan galdetzen diozunean. “Enpresak ez du ezer egin. Ez digute barkamenik eskatu, ez dut espero barkamenik eskatzea eta ez dut nahi. Egiten dutena egiten dutela berandu da, ezerk ez dio aitari bizitza itzuliko”.

Jesús Mari: “En Fundiciones del Estanda hemos estado muy expuestos al amianto. Han fallecido muchos compañeros y amigos. Y lo peor es que hay casos que todavía no han salido. Recuerdo especialmente a Jesús, que enfermó poco antes de jubilarse. Cuando le diagnosticaron el cáncer, me dijo: ‘me voy a jubilar para morir’. Fue muy duro”.

Jesus Mari Calvo Ansa. Fundiciones del Estanda (Beasain)

“Hiltzeko jubilatu diren lankideak izan ditut”

Jesus Marik Calvok 63 urte ditu, eta ELAren delegatua da Fundiciones del Estandan. Hainbat izan dira amiantoak eragindako ondorioengatik hil diren lankideak; beste askok egun gaitza gorputzean dute. Eta, okerrena; Jesus Mari ziur da oraindik jakin gabeko kasu asko daudela. “Berriki jakin dut lankide ohi bati 80 urterekin atzeman diotela amiantoak eragindako minbizia. Gaitz zitala da, urteetan izan dezakezulako gorputzean agertu gabe. Egun batetik bestera agertzen da eta akabo, badakizulako behin gaitza garatuta ez dagoela sendabiderik. Gorputz guztiak ezberdinak dira, eta gaitzarekin bizi-itxaropena handiagoa edo laburragoa izan daiteke, baina badakizu ez duzula luze iraungo”.

2008. urtea zen Jesus Mari Calvok amiantoa lehen eskutik ezagutu zuenean. “Bilera batetara deitu gintuzten. Denbora gutxian minbiziarekin hildako hainbat lankide genituen, eta orduan esan ziguten: amiantoak eragindako gaitzak zituzten guztiek. Makina bat amianto manipulatu dugu, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, norberaren postuaren arabera. Bereziki labean aritu izan direnak arrisku bizian egon dira; gaineztatzearen eta bobinaren artean amianto plaka bat jartzen zen, eta plaka horiek manipulatzen zituztenak oso arriskugarri zeuden. Enpresak ez zigun ezer esaten. Maskarak erabiltzen genituen, baina denborarekin jabetu ginen ez zela nahikoa. Maskara horiek hauts arrunterako ziren, baina ez amiantoarekin lan egiteko”.

Lankide asko joan zaizkio Jesus Mariri. Kasu batzuetan, lankideak eta lagun minak. Bereziki oroitzen du Jesusen heriotza. “1991an etorri zen gurera, beste fundizio batekin bat egin genuenean. Oso langilea zen, eta oso laguntzat nuen. 2013. urtean ondoezik sentitu zen; frogak egin zizkioten eta minbizia zuela esan zioten. Gutxi falta zitzaion erretiroa hartzeko, eta oraindik oroitzen dut esan zidana: ‘erretiroa hiltzeko hartuko dut’. Hori entzutea oso gogorra da, batzuetan pentsatu izan dut nahiagoko nukeela egia ez jakitea. Gaixo egon arren Jesus ostiralero etortzen zen atal sindikalera. Beti egon da langileon eskubideen aldeko borrokan. Epaitegietan lan handia egin dugu, baina epaitegietako aitortza ez da nahikoa. Luze egiten da, eta azkenean askok nahi duten bakarra da prozesua lehenbailehen amaitzea, gehiago ez sufritzeko. Langileen ordezkari gisan une latzak pasatzen dira. Nire ustez okerrena langileen familiekin gaia lantzea da. Asko sufritzen dute, asko. Sufrimendu hori arindu beharra dago”.