Ikara, negarra, barre

Isa Garcia aspaldidanik da sindikalista, eta hamaika borrokatan zailduta dago. Bera izan da gatazkak iraun duen 47 egunak grebalariekin batera gertu-gertutik bizi izan dituen Zerbitzuak federazioko militanteetako bat; jakina, gatazkan zehar sortutako harremana ez da bat-batean desegingo.
Izan ere, Isarentzat greba hau ez baita beste batzuren modukoa, batik bat protagonistak zeintzuk izan diren ikusita. Gutxienez hamar nazionalitate baziren euren artean; askok gaztelania nekez ulertzen zuten, are gutxiago euskara; ez zeukaten esperientzia ezta kontzientzia sindikalik, egoera ahulean eta izututa zeuden... baina ELAren bulkada txikiari esker beldurra gainditu eta Constant enpresari aurre egin diote. Honek esplotatu egiten zituen lanean, euren badaezpadako egoera baliatuz. Soilik berton bizi ahal izateko lan-kontratuaren premia larria zuen norbaitek onar zezakeen gelako bi euro eta erdiko ordaina...
47 eguneko greba luzea izan da. Isak egun horietan bizitzari eta biziraupenari buruz benetan asko ikasi du; ikara ere sentitu du, barre eta negar egin du, eta sutan jarri da tarteka; gainera, ardura astuna izan du gainean, grebarekin dena arriskatu zuten pertsona batzuk espero zuten akordioa lortzea baitzen kontua.
Isak berriro ikusi du Erresistentzia Kutxa zein garrantzitsua den; hau gabe ezer ez zuketen lortuko. Behin akordioa sinatuta, harro sentitu da ahulenen zerbitzura dagoen proiektu bateko kide delako; prekaritatearen aurkako borroka bere izaeraren ardatz bihurtu duen proiektuan parte hartzen duelako.