Kulturaren herrenak garai zailotan

Iritzia Garbiñe Ubeda Goikoetxea, Lanartea elkartea
Euskararen aldeko legediari esker, sekzioak eta azpi-sekzioak euskaraz errotulatzera iritsi dira, baina ez jeneroa euskaraz saltzera eta are gutxiago euzkarazko jeneroa saltzera.

Kultura zaku zabala da. Lan baldintzei edo estatus sozialari dagokienez, espektro eta gama osoa har lezake. Badira soldata pekoak, autonomoak edo amateur gisa nahiago dutenak, eta badira –gehientsuenak, esango nuke– kultur munduan buru-belarri jardun arren, hipotekari eta gainerako fakturei aurre egiteko sosak irakaskuntzan ordu batzuk sartuz edo ofizio mundanoagoetan lan eginez atera behar izaten dituztenak. Badira noski, bizimodu oparoa aurkitu dutenak eta aparretan daudenak ere (gainontzeko jardunetan bezalatsu), baina ez dago bereziki azkarra izan beharrik zaku zabal horretan gertatzen den distortsiorik handiena oinarri-oinarrian dagoela konturatzeko. Produkzio konpetitiboa bizitzaren ardatz bilakatu zaigun honetan, garrantzitsuago da ingelesez ponposo izendatuta kanpoan sal eta eros litekeena, herri gisa definitzen gaituzten ezaugarriak zaintzea, berritzea, indartzea eta hortik sistema propioa sortzea baino.


ESKAINTZA ESKASA
Kultura zaku zabal-zabala da, eta gure kultura, euskararen altzoan egiten den hori, zaku zabal horren hondoan galtzen den hondar alea besterik ez da. Euskal kulturak duen eragina eta hartzen duen toki erreala zein diren ulertu nahi duenak, eman biezaio lehendabizi errepasoa bere egunerokoari; jo beza, adibidez, gertuen leukakeen hipermerkatura. Kontsumoaren tenpluok denetarik eskaintzen dutenez, libururik ere bada franko. Sekzioko apaletan txukun-txukun sailkatuta aurkitzen dira, arloteena ere bidean gal ez dadin: autolaguntza, sukaldaritza, hizkuntzak edota bidaiak batetik, eta bestetik, thrillerra, suspensea, erromantikoa, historikoa edota egilez egile alfabetikoki ordenatua. Ez ditzagun ahantz, nobedadeak eta arrakastaren podiuma (best-sellerrak ageri-agerian beti). Liburu-sekzioaren eskaintza eder-ederra da, bai horixe, urdaitegian aurki litekeen aukera bezain ederra. Tamalez, hor ez duzu euskarazko libururik aurkituko. Nola diren gauzak: euskararen aldeko legediari esker, sekzioak eta azpi-sekzioak euskaraz errotulatzera iritsi dira, baina ez jeneroa euskaraz saltzera eta are gutxiago euskarazko jeneroa saltzera. Hori baino kontraesankorragorik?
Kasurik onenean liburu ale batzuk aurkituko dituzu –urtean produzitzen denaren portzentaje miserable bat– ikurrinaz apainduta edo bestela “de aquí”, “régionaux” edo gisako etiketaz seinalatuta, sekzioaren muturreko bazter estu batean. Aparteko zonan ez ezik, denak nahasian aurkituko dituzu, euskaraz sortzen den oro, thrillerra izan edo mitologiaren gaineko dibulgazio liburua izan, gauza bat eta bera balitz bezala. Itsuskeria baino gehiago euskal sorkuntzaren aurkako konplot garbia dirudienaren zergatiaz galdeginez gero, bi argudio mota entzun izan ditut. Batzuek argudio komertzialak baliatzen dituzte gertatzen dena justifikatzeko: saltzen ez delako omen. Txiste errazekoa iruditzen zait: Nola sal liteke eskaintzen ez dena? Areago. Ikusten ez bada, nola jakin badenik ere? Bigarren argudioa larriagoa da: apalategietako eskaintza zein izango den bulego zentraletan erabakitzen da. Alegia, Madrilen. Edo Parisen. Ez beraz, hemen.
Eta zer esan, supermerkatuetan bezala, taberna, kafetegi, okindegi, kiroldegi edota perfumeriako bozgorailuetatik entzunaraziko zaigun musikaz. Zer esan, ez bada, euskal abestiak Halley kometarenaren antzeko agerkundeak izaten direla kaleko soinu-paisaian, alegia, hainbat urtetik behin eta soilik oso erne jarriz gero suertatzen diren fenomeno paranormalak, baina ez berez urriak direlako edo euskaraz sortzen diren horiek kalitaterik ez dutelako, kate komertzialek eta indarrean dagoen sistemak erabat kanpo nahi dituztelako baizik.Ez dira, antza, homologagarriak.


KULTURA ETA PREKARIOTASUNA
Kultura ez da ekonomia. Kultura entretenimendua baino ez da, eta industrial eta global bihur litekeen neurrian ematen zaio balioa. Gero eta gehiago, Best-seller-ak eta Top-ten-ak bizi gaitu, eta euskaraz ere bide horretatik goaz. Zintzoak izanda, ez da harritzekoa kulturaren alorrean diharduenaren egoera prekarioa ez eta hurrengoa izatea. Ez du egiazko aitortzarik, ez lege-babesik, ez sindikatzeko baliabiderik. Txarrera jarrita, ez dauka ezta korporatibismorako aukera handirik ere, elkarrekin modurik insanoenean lehiatzera bultzatzen gaituztenez, eta jardun jakinen bueltan sortutako elkarteek hazienda eta ogasunari aurre egiteko, jarduna erregulatzeko edota aldarrikapen serioetarako eskumenik ez dutenez.
Izurriteak itzulipurdikatu egin du mundua. Osasunaren izenean etxe-zokora kondenatu da ikuskizunen biran dabilen jendea, eta hortxe espantuak eta kulturgileenganako errukiak. Baina ez dezagun geure burua engaina. Izurriteak ekarri duen geldialdi behartua latza izanagatik ere, kultur munduaren ezina askoz ere lehenagotik dator. Artikuluaren hasieran esan bezala, oinarri-oinarrian du herrena. Osatuko bada, integrazio hobea behar du ekonomi sisteman eta sortzaileenganako bestelako pertzepzio bat. Kultura zubi moderno bat balitz, kultur sortzaileak zubiaren tentsioari eusten dioten kableak lirateke. Zenbaiten begietara ornamentu hutsa dirudite, zubia bera osatzeko erabili den porlanaren aldean bigarren mailakoak, baina haiek gabe, akabo zubia. Eta zubirik gabe, akabo herrigintza.
Euskal kulturak, berriz, lege marko bat ere behar du, beste hegemoniek berea duen lekua ebasten jarrai ez dezaten.

 

A pesar del duro estancamiento forzado que ha supuesto la epidemia, la impotencia del mundo cultural viene de mucho antes, tiene la cojera en la base. Su recuperación requiere una mejor integración en el sistema económico y una percepción diferente de los creadores. Si la cultura fuera un puente moderno, los/as creadores/as culturales serían los cables que mantienen la tensión del puente. A los ojos de algunos parecen un ornamento vacío, secundarios frente al cemento con el que se ha formado el puente en sí, pero sin ellos, se acabó el puente.
Asimismo, la cultura vasca necesita un marco legal para que las hegemonías de siempre no le sigan hurtando el lugar que le pertenece.