Nahigabearen olatuak

Erreportajea XABIER HARLOUXET
François Verdet, –Biziko militantea, Surfrider Foundation Europe eta Rame pour ta Planète kolektiboaren arduraduna– Donibane Lohizungo surf parkearen kontrako borroka eta garaipena azaltzen du

Zer da surf parke bat eta zertan zetzan Donibane Lohizungo proiektua?

Ur-aisialdiko zentro bat da, zeinaren eredua ia edonon diren parke tematikoak diren: Jendea jolasekin erakartzen da (kasu honetan, surferako uhinak), eta hau errentagarri izan dadin oroigarriak, jantziak eta jakiak saltzen dira. Zehazki, 155 metroko aldea duen triangelu formako piszina bat eraiki nahi zuten Donibane Lohizungo proiektuan, eta ondoan 1.500 metro koadroko bulego eta dendak. Honi gehitu behar zitzaion eraikin tekniko bat, makina eta mantentze-lanetarako, sarbide bat, 500 ibilgailurentzako aparkalekua, eta RD 810 errepidetik leku horretaraino doan bidea zabaltzea, urtean 200.000-300.000 bisitari jaso ahal izateko, batik bat maiatza eta urria bitarteko sasoi turistikoan. Proiektu orokorrak 40 milioi euroren inbertsioa eskatuko luke, eta urteroko kudeaketak, 9 milioi. Beraz, Boardridersek inbertitzaile pribatuak behar zen egitasmoa finantzatzeko. Alde teknikoa Gipuzkoako Wavegarden enpresari eman nahi zioten.

Zergatik da zentzugabea Lohizunen Surf Park bat eraikitzea?

2020ko udaberrian prentsan ezagutzera eman zenean, proiektuak berehala inguruko biztanleak eta surf komunitatearen erreakzioa piztu zuen. Jolas-parkeak itsasorako bista duen zelai bat suntsituko luke, non astoak eta zaldiak bizi diren, baita ehunka urte dituen baso natural bat ere. Hausnartuz gero, ideia okerrez jositako kontua dugu hau. Batetik, lurzorua artifizializatzen du eskualde honetan, non lursailek espekulazioaren presio bortitza pairatzen duten; metro koadroaren prezioa zenbait puntutan Parisekoa baino handiagoa da (24.000 €/m2 Lohizungo etxebizitza batzuetan), eta horrek gurasoen etxetik irten nahi duten hainbat gazte behartzen ditu barnealdera joatera. Bestalde, nekazari eta baratzezainek ez dute aukerarik inguruko beharrak asetzeko, noiz eta kalitatezko ekoizpenak gero eta eskari handiagoa duen.

Uraren kontsumoari dagokionez ere arazoa da; Akitanian zein Frantzia guztian zehar ur-defizita handia da. Proiektu honetarako sustatzaileek eraiki nahi duten piszinaren edukiera 37.000 m3koa litzateke, egunero iragazi beharrekoak eta gutxienez urtean behin berritu beharrekoak, sare publikora eta bertako ur-araztegira isuriz. Gainera, egunero ehunka m3 ur erantsi beharko lirateke lurruntzen naturalaren ondorioz.

Energiaren kontsumoa ere kaltegarria da: Surf parkeak izugarrizko argindar kantitatea behar du uhinak sortzeko. Horri gehitu behar zaio denda, bulego, hotel eta ur-iragazpen sistemarako behar den argindarra (beste hainbeste). Kirola bera ere desitxuratu egiten da. Bestalde, parkeak milaka lagun gehiago erakarriko lituzke dagoeneko gainezka egin duen eskualde honetara.

Nola antolatu zen proiektu honen aurkako mobilizazioa, eta zer nolakoa izan da?

Hasieran Herri Berri Lohizungo Herriko Etxean dagoen oposizio taldeak sinadurak biltzen hasi zen. Gero, surf komunitatea ere mugitzen hasi zen Rame pour ta Planète kolektiboaren inguruan, zeina ezaguna zen aurreko urtean izan zen Miarritzeko G7aren inguruko ekintza ugarriengatik. Kanpaina honen ardatzak:

1) Ahalik eta mobilizazio zabalena bilatzea, jende asko bildu eta adierazteko inork ez duela egitasmo hau nahi, ez bertako biztanleek, ez surflariek, ez eta elkarte ekologistek ere. 24 argudio bildu ziren, kirol desitxuratutik hasi eta sortzen den enplegua salatuz (sasoikoa); beste kritikak: etxebizitzaren gaineko presioa, ur eta energia kontsumoa, sarreren prezioa, beste surf guneetara are jende gehiago erakartzea... Bakoitzak gutxienik bizpahiru argudio aurki zezakeen proiektuaren aurka jartzeko.

2) Hedabideetan erraz saltzeko paradoxa nabarmendu: Surflarientzako parke bat eraiki nahi zuten, baina hauek nahiago dute itsasoa.

3) Mandaeulien gisara etengabeko presioa eragin nahi genuen, ekintza bidez (sinadura bilketa, bilera publikoak, pegatak...), edo sare sozialetan mezuak hedatuz, gure borondatea agertu eta proiektuaren sustatzaileek erreakziona zezaten behartuz .

 “Organizarnos y desarrollar una mentalidad estratégica, haciéndonos las preguntas adecuadas: ¿quiénes son nuestros adversarios?, ¿quiénes son nuestros posibles aliados y cómo implicarnos? ¿cuáles son nuestras fortalezas y debilidades?... Ésa es la forma de obtener resultados”.

Nola eta zeren bidez lortu duzue proiektua geldiaraztea?

Garaipenak hainbat oinarri ditu. Batetik, kanpainaren antolakuntza. Neu Bizi! justizia sozial eta klimatikoaren aldeko mugimenduko kide naiz; hark, Alternatiba eta ANV Cop21ekin batera, antolakunde estrategikorako teknika eraginkorrak garatu ditu. Gure metodoak talde-dinamika eta ekintza ez bortitza bateratzen ditu. Posizio eta helburuetan erradikalak (proiektua gauzatzea galaraztea da asmoa), baina baita pragmatikoak ere, hots, geure mugen eta azken bururaino iristeko egin beharreko bidearen jakitun gara.

Bigarrenik, nire ustez funtsezkoa da borroka oso goiz hasi izana.

Hirugarrenik, ahalegin guztia egin dugu iritzi publikoaren aurrean agertzeko zentzuzko pertsona eta jende jantzi gisa, datu zientifiko sendoak ez ezik maite dugun lurralde baten aldeko analisi koherenteak eskainiz. Honek sinesgarri egin gaitu tokiko prentsan, gero Frantzia mailan.

Azkenik, nire ustez egoera sanitarioak Boardriders enpresa eraman du bere lehentasunak berrikustera eta proiektu polemikoa baztertzera, errentagarritasuna ez baitzen segurua.

Zer gomendatuko zenieke halako proiektu alferreko eta inposatuen aurka mobilizatu nahi dutenei?

Antolatzea, pentsamolde estrategikoa garatzea, galdera egokiak eginez: nortzuk dira gure arerioak, nola estutu? Nortzuk dira gure balizko aliatuak eta nola inplikatu? Zeintzuk dira gure indarguneak (‘motibatuta gaude!’), eta ahuleziak (esaterako, ‘ez gara asko...’)? Hori da emaitzak lortzeko modua. Eta garaile izan diren borrokak aintzat hartzea; zalantzarik gabe, errepika daitezkeen ideia onak topatuko ditugu...