G-7 ez!

G7a bukatu da, eta harekin kontra-G7a. Azken honen antolaketa elkarrekin lan egiteko eta elkarrizketatzeko parada izan da, Euskal Herriko mugimenduen eta Frantses Estatuko erakunde progresisten artean elkar hobeki ezagutzekoa ere.
Kontragailurraren bukaerako deia, euskal plataformak eta frantses Estatuko plataformak elkarrekin idatzia, arrazoinamenduen bat egitea eta elkarlan honek sortzen ahal zuen elkar aberastearen ispilua zen:

“1990. hamarkadan nazioarteko instituzioek eta G7ak hitza eman zuten mundializazio neoliberalak merkatuaren demokratizazioa, herrien garapena eta desberdintasunen murriztea ekarriko zuela. Promesa haiek errealitatearekin talka egin dute; izan ere, sistema kapitalista krisian dago, kontinente guztietan autoritarismoa gora doa eta desberdintasunak zein prekaritatea hedatzen ari da. Gaur egun, errealitate gogorra dugu agerian: sistema neoliberalak errealitate guztiak -humano zein naturalak- salgai bilakatu nahi ditu, helburu bakarra etekina ateratzea duten finantza- merkatuen menpe; multinazionalei mundu merkatua eskaini nahi die, beren produktu uniformizatuak sal ditzaten; eta mundu osoko herrien amets eta nahikunde bakarrak produktu horien mugagabeko kontsumoa izatea sustatzen du sistema horrek. Eta hori guztia etekinak etengabe areagotuz, gero eta prekarizatuagoak diren langileen bizitzaren kaltean. (...)

Kontragailur honen bidez Gizadia larriki kaltetzen ari den sistema kapitalistari erresistentzia egitea posible dela erakutsi dugu. (...)
Gure alternatiben bidez, lurralde solidarioagoak eraikitzen ditugu, gure bizitza nahiz jendartearen merkantilizazioaren aurka borrokatzeko posizio hobean kokatzen gaitu, herrien zein norbanakoen arteko lehiaren eta deslokalizazioaren kontra borrokatzeko, izadiaren eta herri kulturen suntsiketaren kontra borrokatzeko. (...)

Horrek guztiak berarekin dakar, lurraldearen, ekonomiaren, elikaduraren, energiaren zein kulturen autodeterminazio eta esperimentazio eskubidearen aitortza. (...)”.

Oro har, Hendaia eta Irunen artean egin den kontra-gailurra ongi iragan da. Hitzaldi eta mahai inguruak jendez beteak ziren. Kontra-gailurra errezebitzen zuten 2 hiri horietan ez da arazo nagusirik azpimarratua izan. Hala izan balitz, segidan erabilia izanen zen justifikatzeko Baionan haren egitea debekatua izan zela eta horretarako Baiona, Angelu eta Biarritze okupatuak zirela ia modu militarrean. Kontra-gailurraren oihartzun mediatikoa bereziki indartsua izan da, eta ondorioz horrek ahalbidetu du mezu alternatiboei aste osoan iritzi publikoaren hunkitzera. Kontra-gailurraren ber denboran bortizkeriarik gabeko frango ekintza iragan dira. Hendaiako Mac Do-aren kontrako ekintza, Macron-en potreta baten desloltzea Irisarrin, Peyrehorade-en Monsantoren fabrikaren blokatzea, Potreten Martxa Baionan, etab. Oro har, hedabideek liskar irudi gutti zituzten hedatzeko eta ondrioz behar ukan dituzte antolatzaileen mezu, kritika eta proposamenak lehenetsi. Larunbata atsaldean, Baionan izan ezik, bortizkeria irudi biziki gutti etorri dira aste oso batez euskal kostari inposatua izan zaion ezin sinetsizko setiatze egoera justifikatzerat.

Alabainan, herritar petizioak zion bezala, Macron lehendakariak ez du dudarik ukan jendarte osoa bahitzeko, jendartea doikuntza aldagaia balitz bezala kontsideratzera, diru publikoz ordainduriko 7 buruzagi publikori itsas bazter giroan 3 eguneko bilkura bat eskainzeko. Gune oso batzu debekatuak, hondartza eta tren geltokiak hetsiak, bide eta etorbideak zirkulazioari debekatuak, etxalde ekoizpenekilako merkatuak eta hainbat gertakari debekatuak, saltegiak hestera gomitatuak, arta emaileak beren pazienteengan nola hurbildu jakin gabe eta jendeen eguneroko bizia trabatu duten milaka arazo denen memorian dira.