Ekonomiaren Plataformizazioa

Hedabide digitalek kazetaritza independenteagoa bilakatzeko ahalegina egin duten arren, Maria Jose Braga kezkatuta agertu da digitalizazioaren aurrean. Bragak gaian sakontzen du eta komunikabideen plataformizazioa deritzonaren ugaritzeaz hitz egiten du, edo, bestela esanda, kate mediatiko handi batzuek Latinoamerikako herrialde batzuetan arautu gabeko sare sozialetan zuzenean informazioa sortzeko duten joeraz; horrek zerga-ihesa eta kontrol demokratikorik eza dakartza. Albistegiak telebista eta irratietan emititzetik Facebook edo Twitterrera pasa dira. Plataforma horiek ez daude araututa herrialde askotan, eta zergarik ere ez dute ordaintzen.

Arazo horrek herrialdeen ekonomian eta subiranotasunean eragina duela azpimarratu du. “Ia ez dute zergarik ordaintzen, eta ez diete diru-kutxa publikoei eta, beraz, gizarteari, laguntzen”. Facebook, Twitter, Google, Amazon edo Microsofti buruz ari da. “Bilketak fakturazioarekiko proportzionala izan beharko luke: gehien duenak gehiago ordaindu beharko luke. Estaturik ez balego bezala jokatzen dute, ez diete ekarpenik egiten jarduten duten gizarteei, eta ez dute euren irabazien berri ematen. Inolako erregulaziorik ez balego bezala jokatzen dute”. Horren adibide Telegram da. Brasilgo Gorenak haren erabilera blokeatu zuen, agindu eta erreklamazio judizialak ez betetzeagatik. Polizia Federalak demanda bat aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean Telegramen aurka, ‘hainbat herrialdetako agintariekin lankidetzarik ez izateko agertu zuen jarrera ezagunaren ondorioz’.

Brasilen, adibidez, Kongresuan, plataforma handiak dagokien Estatuko zergari aurre egitera behartzeko lege bat onartzeko saiakera egin zuten. Jabari Ekonomikoan Esku Hartzeagatiko Ekarpena (CIDE) izena du, eta beste jarduera ekonomiko batzuetan eragina duten jarduera ekonomiko handiei ezartzen zaien zerga da. Horrela, gaur egun ez duten informazioa lortzeko tasazio egokiak egin ahal izango dituzte. “Ez da diru-bilketa soilik, gardentasun-ariketa ere bada”.