Euskal kulturaren zalea

María Ángeles Rozalén Ortuño (Albacete, 1986)

María de los Ángeles Rozalén Ortuño, artearen munduan Rozalén izenez ezaguna, 1986ko ekainaren 12an jaio zen Albaceten. Kantautore eta konpositore espainiarra da.
Bere ibilbide laburrean sari eta aintzatespen kontaezinak irabazi ditu. 36 urteko abeslariaren lana letra errebindikatibo, sozial eta feministez josita dago; aldi berean, errealismoz, samurtasunez, konpromisoz eta edertasunez betetako letrak dira.
Rozalenen istorioa hobeto ulertzen da bere familiaren jatorrian eta sorlekuan sakontzen duzunean. Izan ere, Rozalén harro dago bere aitaren, Leturreko apaizaren, eta bere amaren maitasun debekatu, kritikatu eta seinalatuaren ondorio delako. Maitasun istorio horri abesti bat ere egin dio. Bere sorlekua, Segurako Mendilerroa, Albacete eta La Mancha ere harrotasunez daramatza bihotzean.
Maria Rozalének txikitatik abesten zituen amak eta amonak erakusten zizkioten abestiak, poesia errezitatzen zuen, lehen dantza eskolak jaso zituen eta gitarra eta bandurria jotzen ikasi zuen.
Bere amona –duela gutxi hil dena, bere aita bezala–, da, zalantzarik gabe, artista honen beste eragin handietako bat. Amama entzutea inspirazioa izan da berarentzat eta bere lanarentzat. Bere amonak kontatzen zizkion istorioetatik sortu ziren, adibidez, `Justo´, 18 urte zituela Gerra Zibilean fusilatu zuten osaba-aitonaren omenezko abestia, eta frankismoaren amaieran erbesteratutako Miguel Elola gazte euskaldunaren istorioa kontatzen duen `El hijo de mi abuela´.
Izan ere, Rozalenek lotura estua du Euskal Herriarekin, «ia han familia izango bagenu bezala», adierazi du inoiz. Ez da harritzekoa, beraz, Olatz Salvadorrekin edo Zea Maysekin batera euskaraz abesten duenean denoi ileak tente jartzea, eta berak euskal kulturaz maiteminduta dagoela adieraztea.
Baliteke, halaber, lotura inkontziente hori konstelazio familiarren ondorio izatea. Izan ere, bere amak Ortuño abizena du -arabar jatorriko abizena, Auñamendi entziklopediaren arabera-, eta bere aita Bilboko Athleticen jarraitzaile amorratua zen.