Surfaren topikoak apurtzen

Elkarrizketa NEREA ISPIZUA / GABRIEL ZEBERIO
Janire Virgala, Jabi Iraizoz eta Iñigo Fernandez Ostolazak ohartarazi nahi dute surfaren munduak pairatzen duen gehiegizko merkantilismoaz eta masifikazioaz

Bere jatorria Hawain dagoen arren, surfa Kalifornia eta Australiako kostaldean hasi zen zabaltzen, ondoren, beste herrialde batzuetara hedatuz. Euskal Herriko surfaren historia 60ko hamarkadaren erdialdekoa da. Ordutik, milaka pertsona abduzitu ditu kirol bat baino gehiago benetako bizimodu bat den praktika batek. Janire Virgala, Jabi Iraizoz eta Iñigo Fernandez Ostolaza Zurriolako surflari horietako hiru dira, olatu perfektuaren bila jarraitzen dutenak eta bertan dabiltzan topiko horiek guztiak apurtzen dituztenak. “Markek surfaren postala saltzen dute, neska eta mutil politen kirola, arazorik eta kezkarik gabekoa, baina errealitatea da oso pertsona desberdinak garela, baloreak eta ideologia dituztenak, itsasoan bizi garenak”, esan dute.

-Noiz eta nola hasi zen surfarekiko zuen harremana?
Janire: 12 urte nituela hasi nintzen, surf eskola batean. Itsasoak liluratzen ninduen. Taula eta neoprenoa erosi, adiskideak ezagutu, mundu horretako bikotekidea ere baduzu... eta bizimodu bilakatzen da. Surfak baldintzatu egiten ditu zure planak, lagunak, are lana ere, izan ere, surfean ibiltzeko aski malgutasuna duen enplegua bilatzen baituzu. Hainbeste baldintzatzen zaitu itsasoaren mende zaudelako: surfean ibili beharra itsasoak nahi duenean.  
Iñigo: Ez naiz akordatzen surfik gabe nire bizitza nolakoa zen. Surfak bizi guztia baldintzatzen dit. Autonomoa naiz urtean bi hilez surfean ibili ahal izateko, errentako etxebizitza batean bizi naiz... Hasi nintzenean ez zegoen surf eskolarik; besteei begiratuz ikasten zenuen. Surfa gozamen eta ongizatearen bilaketa da, hedonismo hutsa.
Jabi: Nire lehen kontaktua surfarekin izan zen 12 urte nituela, Grosen, kortxo batekin, baina abusoi asko zegoen eta ez zitzaidan gustatu. 20 urterekin atzera ere saiatu eta gaur arte... Ni ere autodidakta naiz eta besteei begiratuta ikasi dut.
Kelly Slater surflari ezagunak esaten zuenez, “surfean ibiltzea mafiakoa izatea bezala da; behin sartuz gero ez dago uzterik”.
(Barreak) Hala da. Gure pasioa da, ia obsesio izateraino.
-Zergatik? Zer ematen dizue surfak, eta zer kendu?
Janire: Ematen dit ongizatea, nire buruarekiko eta inguruan dudan naturarekiko konexioa. Giro sozial ona: lagunak, bikotekidea... Zer kentzen dit? Behar bada nolabaiteko egonkortasunari uko egin diot, baina ez dut uste hori txarra denik; konpentsatu egiten du. Surfak bizitzan funtsezkoa dena ematen dit.
I: Naturarekiko konexioa, arnasa hartzeko aukera, eta aitzakia aparta da munduko leku zoragarrietara bidaiatzeko eta beste jende zein kulturak ezagutzeko. Horren B aldea da itsasoaren menpe zaudela erabat: Olatu onak badaude, txoratzen zaude, eta hala ez bada, frustratuta.
J: Egunaren arabera izan ohi da, baina nik nabarmenduko nuke naturarekin eta geure buruarekin berriz konektatzeko aukera ematen digula; planetarekin konektatu, zeinengandik dibortziatuta bizi garen. Eta denbora kentzen dit… baina ia beti merezi ez duten gauzetatik. Inoiz ez naiz damutu surfean hasi izanagatik.
-Argi dago surfa zuentzat bizimodu bat dela, baina ezer ez da perfektua; zeintzuk dira egungo surf munduaren arazoak?
I: Surfaren erronka eta arazoak gaur munduak dituenaren antzekoak dira. Nagusia, hondartzak eta olatuak baliabide natural mugatuak direla, mugarik gabe sustatu eta merkaturatzen ari direnak; horrek izugarrizko masifikazio arazoa sortzen du. Gainera, surfaren multinazionalek komunikabideak kontrolpean dituzte, eta surfeko munduko liga esku pribatuetan dago. Surfa berez demokratikoa, anitza, plurala da, balioak ditu, baina multinazionalek saltzen dizutena da eguzkia, gorputz eta olatu perfektuak.  
Jabi eta Janire: Gainera, batzuen ustez surfa kirol bat da, baina gehienontzat praktika bat da: Surflarien %3ak besterik ez du noizbait txapelketaren batean parte hartu. Ez da egia bata bestea baino surflari hobea denik.  
Surflarien artean tentsioa dakarren lehia hori sustatzen dutenek txapelketa gehiago nahi dituzte, eta postal bat saltzen dute: ideologiarik gabeko neska-mutilena, haiek eskaini eta saldu nahi dieten guztia onartzen dutenak. Haatik, surflariak pertsona arruntak gara, eta baditugu gure printzipio eta balioak.
-Surf eskolak zerikusia ote dute masifikazioaren arazoarekin?
Surf eskolak arazoaren parte izan dira, baina orain irtenbidea ere bilatzen ari dira: Udalarekin hitz egiten saiatu dira Zurriolan pairatzen dugun masifikazioa ordenatzeko edo alternatibak proposatzeko, baina agintariek uko egin diote.  

“Los retos y problemas del surf en la actualidad son similares a los que tiene el mundo en general. Lo importante es que las playas y las olas son recursos naturales limitados que se están promocionando y comercializando sin límites, generando un problema de masificación brutal. A ello hay que añadir que las multinacionales del surf controlan los medios de comunicación y que la liga mundial del surf está en manos privadas. El surf es algo democrático, plural, diverso y válido a pesar de que las multinacionales solo vendan sol, cuerpos y olas perfectas”.


-Janire, emakume izanik surfean diskriminazioren bat jasan duzu?
Bai, uretan ere genero ezberdintasun egoerak gertatzen dira, nahiz eta aitortu beharra dagoen kontu batzuetan aurrera egin dugula. Esaterako, lehiaketetako sariak parekatu egin dira. Beste gauza batzuetan lehengoan jarraitzen dugu. Esaterako, marka batek gizonezko surflari bati babesa ematen dionean haren ohol gaineko trebezia saltzen du, baina emakumeen kasuan gorputza da xede bakarra: irudietan ia inoiz ez dira surfean agertzen. Izan ere, gertatu da neska surflari batek ez zuela babeslerik lortzen marken estandar fisikoen araberakoa ez zelako. Emakumeen surfeko publizitateak hipersexualizatu egiten gaitu.
Nire esperientziari, nire eguneroko praktikari dagokionez, gizonezko surflari askok olatuak kendu izan dizkidate, emakumea nintzelako. Aspaldi honetan lagun surflari batzuen artean elkar hartu dugu olaturik ostu ez diezaguten.
-Zein da euskal surflarien maila?
Euskal Herria surfaren munduan ezaguna da “Mundakako olatua” eta antzeko kontuengatik; gainera, bada surf industria bat ere, tokiko markekin. Betidanik izan dira surflari onak, baina noski ez gara Australiaren edo AEBen mailara iritsi, kultura, baldintzak eta olatuen kalitatea medio.  
-Praktika edo kirol zaila al da?
Janire: Ikasteko beharrezkoa da egonarria eta saiatua izatea. Surfa da itsasoarekin duzun elkarrizketa bat, eta azken hitza olatuak esaten du.  
Iñigo: Itsasoak beti jartzen zaitu zure lekuan. Igerilekuak ez dizu halakorik eskatzen: ez duzu olatu onaren zain egoten ikasi behar, ez eta besteekin bizitzen ere; itsasoarekin apal jokatzeko aukerarik ez dizu ematen, eta hori arriskutsua izan daiteke.
Jabi: … olatu-instalazioak soilik teknika hobetzeko dira baliagarriak. Eta teknikaren obsesioa sartzen zaizunean benetan garrantzia duena galtzen duzu.  
-Zergatik gomendatuko zenukete surfean hastea?
I: Nik gaur ez dut gomendatzen. Surflarien kopuruaren gorakada esponentziala da, eta gozatzeko aukera arriskuan dago.  
Janire: Konfinamendua mugarri bat izan da. Surfean ibili nintzen lehen egunetan uretatik oso haserre atera nintzen jendearekin, zegoen tentsio eta arriskuagatik.
J: Hala da, Zurriolan surfarekin gozatzea gero eta zailagoa da.
-Olatu perfektuaren bila zabiltzate oraindik?
J: Bilaketa horrek ez du amaiera. Surf-bidaietan olatu perfektuen bila zoaz.
Janire: Horri dagokionez surfa frustrantea da. Olatuak gogoan ditugu, haiekin egiten dugu amets.
I: Surfa oso adiktiboa da, baldintzarik egokienak urtean behin edo birritan gertatzen direlako. Etengabeko egonezina bizi dugu.  
-Zein da ola perfektuaren bila joan zareten lekurik urrunen edo bereziena?
Janire: Indonesia. Surfagatik eta han ezagutu nuen kultura guztiagatik.
I: Fiji. Paradisua dastatu nuen han.
J: Eskatu zidan ahalegin pertsonal, ekonomiko eta logistikoagatik, Polinesia frantsesa.  
-Taula gainean bizitako unerik okerrena?
Janire: Hemen ondoan, Zarautzen. Surfean hasi berria nintzen eta ez nuen mailarik eman itsasoko baldintzak zirenak izanik.   
I: Nire kasua antzekoa da. Zenbait kasutan, olatuak handiegiak zirelako edo buruarekin itsas hondoa edo besteen taula bat jo izan dudalako.  
J: Uluatuko olatu bat. Taulako gila jo nuen; 13 puntu eman zizkidaten.
-Zenbateraino ezagutzen du gizarteak surf munduaren benetako irudia?
Hor dago “surf postala” delakoa, batez ere arropa marka handiek saltzen dutena. Neska-mutil ederrak, arazo, kezka eta ideologiarik gabeak... Haatik, benetan denetarik dago mundu honetan, kultura, arraza eta sexu ezberdinetako pertsonak gara, itsasoan bizikide garenak.  
Surfa hasieran aski elitista zen, behar zen materiala garestia zelako; baina gaur 300 euroren truke oinarrizko taula bat eta neoprenoa eros daitezke.  
-Surfa kirol olinpiko izendatu zuten. Zer deritzozue?
William Finnegan surfer eta idazle ezagunak esan zuen tragedia dela surfa kirol olinpiko bihurtzea, lehenago masifikatuta bazegoen aurrerantzean areago gertatuko delako. Gu iritzi horrekin bat gatoz. Irabazten duten bakarrak surfaren industria eta lehiaketen sustatzaileak dira; gehienoi, ordea, kalte egingo digu.