24 orduz erne

Irainak beste jasangaitza da askotan lanaren aitortza eza. “Soldata baxuak dira lanean egonean gaudela uste dutelako, konpainia egitea dela gure lana, besterik ez”. Aukera baliatzen du aurreiritzi faltsu hori iraultzeko. “Interna gaudenok denbora libre gehiago daukagula uste du gizarteak, geure artean ere sarri banaketa hori egiten dugu. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Goiz altxatu behar duzu dena prest uzteko: etxeko lanak egin, jatekoa prestatu...

Zaintzen duzun pertsona esnatzean zaintza lanak hasten dira: dutxatu, gosaltzen lagundu...”, laburbiltzen du.
“Baina zuk ez duzu ezer egin behar eta!”, aurpegiratzen diote sarri. Are gehiago, interna izateari utzi eta umeak zaintzen hasi zenean zera esan zioten: behingoz badakizu zer den ume bat zaintzea! “Baina orain askoz lasaigo bizi naiz! erantzun nuek nik; orain behintzat ondo egiten dut lo, dena jarraian, lehen ezinezkoa zen”. Berandu oheratzen zen dena prest uzteko, eta gau osoa ematen zuen erne, emakumeak zerbait beharko zuelakoan, beti prest. Sei urte eta erdi 24 orduz alerta-egoeran. Egonean egotearekin antza handirik ez du.

Aurreiritzi faltsuak

Nikaraguara heltzeko unea heldu zenean, bertako egoera sozio-politikoak eztanda egin eta bertan behera utzi behar izan zuen bere plana. Orduan erabaki zuen bere senarra eta alabak ere Euskal Herrira ekartzea. Pisua alokatu zuen Ivaniak bere ahizparekin. 850 euro. Ivaniak 600 ordaintzen zituen senarra eta alaba biak ere bertan zituelako, gastuak aparte; soldata, berriz, 950 eurokoa. “Etorkinok bizimodu erraza dugula esan ohi dute, hona gatozela bertokoei diru-laguntzak kentzera. Gezurra da hori, niri ez didate inoiz euro bakar bat ere eman”.