Ohartu gabe, gu denok aktoreak

Iritzia Juan Etxenike -Xare-, kooperatibista

2017ko urtarrilaren 27an, Trumpek 7 egun zeramatzan Etxe Zurian. Orduan, Pentagonora joan zen Steve Bannonekin batera. Eskutartean agindu betearazle bat zeraman. Agindu hori Bannonek idatzi zuen. Zazpi estatutako hiritarrak AEBetara joateko debekua indarrean jartzen zen. Trumpek eginiko hauteskunde hitzemate bat zen: terrorismo islamikoaren aurrean mugen itxiera. Agindua sekretupean gorde zuten, baita Trumpen taldeko kideen artean ere. Administrazioak eta segurtasun agentziek ere ez zekiten agindu hori sinatuko zela. Bannonek administrazioen teknikarien influentzia ekidin nahi zuen, aldaketa baldin badator administrazioan haustura ekarriko du, eta hori nahi zuen Bannonek. Sistema bera barrutik hautsi. Haustura boterea da Bannonen begietan.

Bazekiten ere erreakzioa etorriko zela, bazekiten protestak sortuko zituztela, eta bazekiten ere hedabideak irakiten jarriko zirela. Trumpen taldeko kide batek esan zuen, “erabakia aurretik iragarri gabe, ostirala arratsalde batean sinatzen ba zuten, asteburu baten abiapuntuan, agindu horren aurkariek denbora izango zutela kalera atera eta haien haserrea adierazteko”.

Gauza bera gertatzen zen hedabide nagusiekin, haien ohiko programazioa eten egin zuten, kaleetan eta batez ere okupatutako aireportuen zuzeneko berri emateaz gain, kanal guztietan eztabaidak eta tertuliak hedatu zituzten. Denak, jakin gabe, aurreikusitako antzezlan baten aktoreak bilakatu ziren, non gidoilariak mezu argi bat bidali nahi zuen, aldaketak oposizioa asaldatuko badu, Trumpen bozkatzailearen begien aurrean, emandako hitza beteko denaren froga izango da. Kurt Bardella, Breitbart agerkari digitalaren kideak (Bannonen hedabidea) esanetan, “Bannon oso pozik zegoen mobilizazioekin, horrek frogatzen baitzuen, irabazten ari ginela eta denek bazekiten Amerika handia egiten ari ginela berriro”.

Antzerki postmodernoaren teknikak politikara ailegatu dira, eta ondorioz, ez dago ikusle pasiboen eta ikusle aktiboen arteko bereizketa, adibide honek argi erakusten digu ere zein den egungo ezkerraren erradiografia, herdoildutako diskurtsoarekin, proiektu alternatibaren gabekoa duena, dogmatismo idealistan erortzeko joeran dagoena, eta kontraesanezko kontzeptuen elkarbizitza konplikatuarekin bizi dena. Eskuin muturra, hedabideen laguntzarekin bere aurka altzatzen direnak katua eta saguaren arteko jolasa erreproduzitzen du. Libre utziz aurrerago ehiztatzeko.

Eskuin muturra hemen dago, ez da biharko kontua ezta ere hipotesi hutsa. Baina, berak ere kontraesanak ditu eta bere mugak ere. Aitzitik ikasi du bere burua berrasmatzen, eta hori ez da bakarrik AEBetan gertatu, Brasilen eta Europan ere. Hemen daude jadanik. Ez dago formula magikorik horren aurrean borrokatzeko, eta noski ezin gara etxean gelditu, “antzezlan” baten aktoreak izateko beldurragatik, inteligentzia kolektiboko tresnak imaginatu eta praktikan jarri beharko dira beharrezkoak diren ohiko mobilizazio eta kontramobilizazioetatik haratago.

Adibide pare bat ekarriko ditut, North Carolinako Charlotte hirian, antifaxistak pailazoz jantzi ziren eta neonaziak inguratu zituzten haien iruditeri “agresiboa” erridikuluan uzteko asmoarekin. Alemanian, Wunsiedel herrian, nazien martxa bat zegoen, herria kamerez bete zuten, bizilagun guztiak izkutatu ziren, eta internetez hedatu zuten, naziek egiten zuten metro bakoitzeko Exit-Deutschland plataformak martxa hura dirua biltzeko kanpaina antifaxistan bilakatu zuen.

Nonbait gure imaginario kolektiboan ere tresna kontzeptualak asmatu beharko ditugu guk ere antzezlan honetan aktoreetatik gidoilariak izatera pasatzeko.