Azaroak 30: Greba orokor feminista

Asko eta ugariak dira zaintza lanek biltzen dituzten esparru eta eremuak. Ezinbestekoak dira bizitzari eusteko, bai, baina askotan ikusezinak dira askorentzat. Horregatik, ALDAren zenbaki honetan zaintza esparruei hurbiltzen saiatu gara, ertz ezberdinei begiratuz.

Bizitzari eusten dioten lanak, zaintza lanak, gutxietsiak eta ikusezinak dira gure jendartean, nahiz eta, Euskal Herrian egiten diren lanordu guztien artean, ordainduak zein ordaindu gabeak, %61a zaintza lanak diren. Zaintza lanak, gainera, bereziki emakumeen bizkar uzten dira. Emakumeei zaintzailearen rola egotzi izan zaie. Amodioagatik zaintzera kondenatuz, miserizko baldintzetan.

Zaintza lanak modu justuan banatzea urgentziazkoa da, eta horretarako gizonek euren zaintza ardurei eustea beharrezkoa da. Baina, horretaz gain, enpleguari eskaintzen dizkiogun lanorduen murrizketa orokorra ere premiazkoa da.

Zaintza lan profesionalizatuen arloan, merkantilizazioa da nagusi. Irabazi-asmoa gailentzen da pertsonen ongizatearen aurretik. Egun pertsona zaurgarrienei (adinekoak, menpekotasun egoeran daudenak, aniztasun funtzionala dutenak, gizarte bazterketan daudenak...) zuzendutako zerbitzuen ia guztia azpikontratatuta dago, eta hori izan da pribatizaziorako eta prekarizatzeko gure instituzioek erabili duten biderik eraginkorrena. Hego Euskal Herrian, esaterako, erresidentzia guztien %12a soilik da kudeaketa publikokoa. Administrazio publikoak ere patronalak dira, kasu honetan pribatizazioa eta prekarizazioa helburu duten patronalak.

Guzti honengatik, zaintza sare publiko, unibertsal eta doakoa behar dugu, lanen birbanaketa justuago batekin batera.

Azaroaren 30ean hitzordua dugu: gora greba orokor feminista!