Justizia, besterik ez

Uztailaren 8an hamar urte bete dira Nagore Laffage neska gaztearen erailketa gertatu zenetik. Orduan, 2008ko sanferminetan, 20 urteko erizain-ikaslea zen. Bestalde, krimenaren egile aitortuak, Jose Diego Yllanes Vizcayk, 27 urte zituen garai hartan, eta Clínica Universitaria de Navarrako mediku psikiatra egoiliarra zen. Gaur egun, urtebete baino gehiago darama behin-behineko askatasuneko egoeran, eta medikuntzan ari da.

Jose Diegok bere adierazpenean ziurtatu zuen gertakariaren hasieran “gaizki ulertu” bat egon zela, oso edanda zegoela. Etxeratu eta segituan Nagorek, bortxatua izango zelakoan, ez zuen mutilarekin oheratu nahi izan, eta indarka hasi ziren. Azterketa forentsearen arabera Nagorek 36 kolpe jaso zituen; haietatik larrienak baraila apurtua eta garezurraren haustura izan ziren. Dena dela, itoarazita hil zen.

Duela 10 urtetik hona Nagoreren etxekoak, bere ama Asun Casasola buru delarik, haren oroitzapena bizirik mantentzen ahalegintzen dira —bortizkeria matxistaren emakume guztien omenez—. Eta bide batez, gure gizartearen gaitz zital horretaz jendea jabearazi nahi dute, eta emakumeak babesteko eta biktimak ez kriminalizatzeko lege-aldaketak eskatzen dituzte. Benetako justizia erreklamatzen dute munduko nagore guztientzat.