Borroka sindikalak hobetzen gaitu

Azken urtean Euskal Herrian greba kopurua asko hazi da. Injustiziaren aurka borrokatzeko, gatazka pizten da, ezinbestean. Hori gertatzen denean, sindikatuak izan behar du jendeak duen tresnarik eraginkorrena.

Greba bakoitza apustu gogorra izaten da; ez da biderik erosoena, baina ilusioa pizten du. Alabaina, grebak gero eta luzeagoak eta gogorragoak dira. Zergatik? Patronalak ez diolako uko egiten bere neurrira egindako legeak eskaintzen dizkion aukeretako bati ere.

Gainera, Administrazioek murrizketak lege bihurtu dituzte, eta ez dute nahi garaipen sindikalak beste kolektibo batzuentzat eredu izatea: Gobernuentzat (bertokoak bereziki) arriskutsua da soldata arrakala, pribatizazioak... kolokan jartzea; deia efektua deitzen den hori…

Alabaina, sindikatuak greba bere estrategiaren ardatz izango dela erabaki du, eta horretarako tresnarik solidarioena izango dugula: erresistentzia kutxa.

ELAk Erresistentzia Kutxa indartzea erabaki du, %22 handitu du, hilean 1.100 euro izateraino, badakigulako hau dela inbertsiorik onena: borroka egiten dutenengan inbertitzea. Azken finean, sindikatuak zentzua du militanteentzat prekaritatea borrokatzeko tresna denean.

Hori da sindikatu baten eginkizuna. Horregatik egunero, baina bereziki Maiatzaren Lehena iristen denean, borroka horiek ospatu egiten ditugu. Borroka horiek guztionak direlako.

Eta ez da kasualitatea esku artean ditugun greba gehienak eta luzeenak emakumeak nagusi diren sektoreetan ematea. Ez da kasualitatea sektorerik prekarioenak emakumeak nagusi diren eremuetan egotea.

Sindikatuan borroka sindikal feministak ditugu esku artean: Gipuzkoako erresidentziak eta Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileak edo Bizkaiko etxez-etxeko laguntza, esaterako.

Borroka sindikal hauek feministak dira. Zergatik? Zaintza duina, soldata arrakalarekin bukatzea... eskatzen dugulako. Grebalari hauentzat sindikatua emakume eta langile gisa ahalduntzeko tresna bat da, eta hori harro esan behar dugu.

Dudarik gabe, asko daukagu feminismotik ikasteko; etorkizuneko sindikalismoak feminista izan behar du ezinbestean, eta horretarako lanean ari gara ELAn.

Era berean, emakumeak langile borrokaren lehen lerroan daude une honetan eta eguneroko borroka feminista hauetatik ekarpen garrantzitsua egiten diogu feminismoari. Borroka sindikalak hobetu egiten gaitu. Borroka sindikalak bizitza ematen digu, bai guri, baita gure herriari ere.