Ez inbasiorik, ez jende-olderik

Elkarrizketa Nerea Ispizua

 

Zabaldutako mezu alarmistak eta guzti, Jeanne Rolande tinko dio ez dela egia etorkinen olderik datorrenik, ez Europara, ezta EAEra ere. Ikertzaile horren arabera migraziorik handienak, lehenengo, estatu-barruetan gertatzen dira, gero, estatu mugakideetan, eta azkenik gutxi batzuk Europaraino iristen dira. “Ez dago jende-olderik” dio segurtasunez. “Uganda, Libano, Jordania eta Etiopia dira errefuxiatuen lurralde hartzaile nagusiak”. EAEko jatorri atzerritarreko biztanleei dagokienez, Jeanne Rolandek, datu ofizialez baliatuz, gezurtatu du ustezko inbasio hori. “2017. urtean, EAEko biztanleriaren %8,9 ziren atzerritarrak, Estatu Espainiarreko 17 autonomia-erkidegoetako 12. postuan dago, beraz. Urte horretan, 2017an, atzerritarren kopurua %0,3 hazi zen”.

Ikertzaile horrek, era berean, etorkinei buruzko beste mito bat gezurtatu du, gizarte-laguntzak iruzurrez berenganatzen dituztela. “Etorkinak babes gabezia gorrian daudenez, egia da haietako askok DSBE eta beste laguntza sozial batzuk jasotzen dituztela, baina ez dira bakarrak, ezta gutxiagorik ere. Dena dela, niretzat ezin eztabaidatuzko kontua zera da: herri kohesionatuagoa nahi badugu apustu garbia egin behar dugu DSBEren alde. Hori bai, beharrezkoa da kontrola egitea, jasotzen dutenek betekizunak betetzea” zehaztu du, amaitzeko.