“Gauez etxera joan orduko hasten gara urduritzen: hor bukatzen da gure gozamena”

Elkarrizketa Nagore Uriarte
Lorea Garcíak (Etxebarri, 1988) argi izan du beti jendeari laguntzea dela bere bokazioa. Martxoaren 8ko uholdean izan zen bera ere, matxismoak eragiten duen itotasunetik ihes egiteko beste emakumeekin batera arraun egiteko prest.

»-M8: zer izan zen zuretzat?

-Zoragarria. Batasun ikaragarria sumatu nuen: bizitzaren etapa ezberdinetan dauden emakumeak elkarrekin, bakoitzak bere nortasunetik, baina denak elkarrekin euren aldarrikapenak kalera ateratzeko prest. Bada bereziki poztu ninduen elementu bat: neska gazte ugari zeuden. Aldez aurretik nituen aurriritziak goitik behera hautsi zikidaten. Eskerrak.

»-Noiz zeharkatu zintuen lehen aldiz feminismoak?

-Niretzat prozesu naturala izan da; ez da mugimendu bat izan, bizitzeko modu bat baizik. Nire familia eredua ez da inoiz izan heteropatriarkala, emakumeek osatutakoa da. Hortaz, nire etxean ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu, bai, ordea, kalean, batez ere, nerabezaroan murgiltzean. Lagunakin gauez ateratzen hasi nintzenean sumatu nituen lehen zertzeladak: garraio publikoa hartu beharrean taxia hartu behar izatea etxera joateko eroso sentitzeko; gidariari esatea mesedez itxaron dezan portaleko atea zeharkatu arte...

»-Beldurra indarkeria da?

-Bai. Iaz deskubritu nuen mikromatxismoen auzia. Hautsak harrotu zizkidan egunerokotasuneko matxismo egoerak ulertzeak. Zenbat aldiz pentsatu dudan: beharbada arinago joango naiz etxera, gero bestela ilunegi egongo da...  Are gehiago, sarri askotan, etxera joatea erabaki orduko urduritu egiten gara, etxerako bidean pentsatzen hasita gaudelako jada, eta, dagoeneko ez dugu disfrutatzen, hortxe bukatzen da gure gozamena, gure askatasuna.

»-Lan merkatuan ere?

-Garbikuntzako sektorea hartuta, erraz ikusi daiteke. Bulegoetako garbikuntzan emakumeak nagusi dira eta soldatak oso baxuak; errepideetako garbikuntzan, ordea, gizonak dira gehiengoa, eta soldatak altuagoak. Sektore bera  izanik, emakumeak eta gizonak toki ezberdinetan kokatzen dituzte. Arropa denda batean lanean hasi nintzen lehenengo aldian arduradunak esan zidan makillatuta joan behar nuela; baten huts egin ezkero etxera bidaliko nindutela, eta, berriz errepikatzekotan, zuzenean kaleratua izango nintzela. 20 urte nituen. Emakumeok irudi bat saldu behar genuela leporatu zidan. Akaso aurpegia garbi duen emakume batek ez du irudi ona ematen?

»-Kontratazio politikatik hasita?

-Neska gaztea izan behar duzu, fisiko zehatz batekin. Hortik kanpo, munduko saltzailerik onena izanda ere, jai daukazu! Laneko elkarrizketa batean, adibidez, seme-alabarik nituen galdetu zidaten, baita etorkizunean ama izateko asmoa ote nuen... Galdera horiek emakumeoi bakarrik egiten dizkigute.