Diru publikoa… Norentzat?
Korporazio handiak dira, batez ere, Next Generation funtsak jasotzen ari direnak. Oraindik badago opakotasun nabarmen bat, hainbat gai ezkutuan mantentzen dituena. Baina, hortaz haratago, 2023ko abenduan Espainiako Gobernuak Europar Komisioari zerrenda publiko bat bidali zion, eta bertan agertzen ziren espainiar Estatuan zeintzuk izango ziren funtsen onuradunak.
Zerrendan euskal enpresen presentzia ez da txikia. Gainera, azken hilabeteetan bilakaera bat egon da. Gasteizko Mercedes zerrendan agertzen zen, baina handik gutxira 130.000 euro gehiago eskuratu zituen kotxe elektrikoaren harira. Irizarrek ere beste 13 milioi jaso ditu.
Beraz, eguneratzea etengabekoa da. Automozio enpresek pisu nabarmena dute. Badauzkagu Mercedes edo Volkswagen bezalako multinazional handien filialak, baina baita ere gurean jatorrikoa edo matrizea daukaten nazioarteko proiekzioa handiko enpresak, Gestamp edo Irizar, esaterako.
Aipatzekoa da zerrendan Stellantis ez zela agertzen, baina badago enpresa onuradun horien artean. Automozio multinazional horrek 30 milioi inguru eskuratu ditu orain arte, eta gehiago eskuratzeko asmoa dauka, kotxe elektrikoaren harira. Ez ahaztu Stellantis dela une honetan Bizkaian dagoen deslokalizazio prozesu garrantzitsuenetariko baten protagonista, Urdulizko Mecaner trokeleria, alegia.
Next Generation funtsen inplementazioan subkontratazio maila oso altua da, batez ere AHTko kontraten eta mugikortasun jasangarriaren ingurukoan, besteak beste.
Hemen ere CAF edo Irizar bezalako enpresen presentzia garrantzitsua da, eta badaude beste hainbat enpresa (eraikuntzan, adibidez), rol garrantzitsu bat daukatenak, Sacyr bezalako multinazional espainiarren eskutik doazenak, esaterako.
Zer finantzatzen ari da Next Generation funtsen bitartez Hego Euskal Herrian?
Bi logika ezberdin identifikatu ditugu. Batetik, guztiontzako kafearen logika, baliabideak ahalik eta sektore eta eragile gehienen artean zabaltzearena, alegia, suspertze ekonomiko tradizionalago bati lotutakoa. Bestetik, badago estrategikoki identifikatutako hainbat sektoreen lehenespen bat. Estrategikoak omen dira gure lurraldean punta puntako izaera daukatelako, ITP Aero, adibidez, edota batez ere, nitxo berde eta digital horren garapenarekin lotura izateagatik.
Proiektu zehatzei begiratuta, kotxe elektrikoentzako baterien fabrikazioa eta montaketa arlo garrantzitsua da. Adibidez, Basquebolt ekimena, Miñaoko parke teknologikoan dagoena, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duena eta Iberdrola, CIE-Automotive eta EnaGas bezalako multinazionalekin garatutakoa; momentuz 20 milioi inguru eskuratu ditu Next Generation funtsen bitartez. Edo litiozko baterien esparruari lotuta, Gasteizko Mercedesek eskuratu dituen 129 milioiko subentzio berria.
Automozioaren sektorea kontraesanez betea
Bateriez haratago, Sapak dirua jaso du bestelako aplikazio teknikoak garatzeko. Bestetik, badaude Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zenbait ekimen publiko-pribatuak europar finantzaketa horren zain daudenak: Jundizen kokatuta dagoen Autogintzarako Zentrua. Kotxe elektrikoa garatzeko Eusko Jaurlaritza, SPRI, Gestamp, Mercedes eta Mondragón bezalako korporazioek bultzatutako zentrua da. Hauek dira proiektu izarrak.
Mugikortasun jasangarriaren esparruan ere subkontratazioaren logika horiei lotuta mugitzen ari dira hainbat udal eta aldundiak, garraio publikorako flota elektrikoak berrizteko, edota AHTren eraikuntza finantzatzeko.
Ikuspuntu kritiko batetik, automozioaren zentraltasunak sustatzen du europar funtsen kontraesan nagusietako bat. Korporazio handien nagusitasuna eta estrategia desarrollistak ez dira bategarriak trantsizio ekosozial justu batekin. Bateraezintasun hori nabarmen azaleratzen ari da funts hauen bitartez.
Beste sektore bat aztertu dugu: hidrogenoa. Next Generation funtsak iragarri zirenetik oso esparru mediatikoa izan da. Euskal korridorea (Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak babestuta) proiektu izarra da. Petronorrekin batera bultzatzen ari diren megaproiektu bat da, halako triangelu batean: Petronorrek Muskizeko planta, Bilboko portua, eta Meatzaldeko parke teknologikoa (bertan Energy Inteligent Center deitutako ekimena sortu nahi dute).
Esparru honetan dirua motelago heltzen ari da, automoziorekin konparatuta. Ez dago ziurtasunik teknologia honen benetako aplikagarritasunaren inguruan, baina hala ere 15 milioirekin finantzatu dira proiektu pare bat hidrogenoaren korredoreari zuzenki atxikitatuta daudenak. Edozein kasutan, euskal korridorea leihan ari da Mediterraneo aldean H2MET korredorearekin: Atlantikoaren eta Mediterraneoaren arteko lehia badago Europako hidrogenoaren merkatuan abantailaz jokatzeko, eta horren bidez Espainiako Gobernuaren faborea irabazteko, bata bestearen kaltetan.
Hirugarren sektorea: energia berriztagarriak
Hego Euskal Herrira hasi da gutxinaka-gutxinaka dirua iristen, parke desberdinak finantzatzera. Nafarroa aitzindaria izaten ari da azken urteetan azpiegitura berriztagarrien esparruan. Tuterako edo Correllako plantak europar funtsak jaso dituzte. Ikusteke dago EAEn zelako eragina izan dezakeen, EVE eta Starkraft enpresen arteko lehia ikusita.
Zaintzen sektorea
Esparru estrategiko bat izan da Next Generation funtsen diseinuan, bi elementugatik: biztanleriaren zahartze prozesu azkarra eta administrazioek gero eta zerbitzu gehiago esternalizatu izanak; horrek zaintzen esparrua negozio bilakatu dute. Horregatik, hainbat ekimen jada finantzatu dira Hego Euskal Herrian. Adibidez erresidentzien modernizazioak, nahiz eta ez jakin ondo zer esan nahi duen horrek... Edo etxez etxeko laguntza zerbitzua digitalizatzeko, Bizkaiko Aldundiaren Etxetik izeneko ekimena Next Generation funtsen bitartez finantzatu da, merkantilizatutako sektore baten baitan.
Hiru konklusio
- Hego Euskal Herriko korporazio nagusiak Next Generation funtsak bereganatzen ari dira, oso modu nabarmenean.
- Inplementazio eskema honek bi ildo konbinatzen ditu. Alde batetik, gure lurraldeko enpresa eta sektore tradizionalak indartzea; eta bestetik, dirulaguntza masiboen bidez negozio nitxo berriak irekitzea, Next Generation funtsen erretorika berde eta digital horren aitzakiarekin.
- Hori guztia benetako trantsizio ekosozial justu baterako edozein kontsiderazioren kanpo egiten ari da. Azken finean hori ez delako inoiz izan Next Generation funtsen benetako helburua edo benetako pretentsioa.